Txapelketa bikaina borobildu, eta finalerako pasea lortu zuten ostiralean, Zumaian, Ane Kerejetak eta Enara Maciciorrek. Garaipena lortu zuten etxeko taldearen kontra (16-30), eta horrela, jokatutako zazpi partiduak irabazita bukatu dute ligaxka, Gipuzkoako Txapelketan, neska jubeniletan.
Maila horretan bertan, Mundarroko Aristizabalek eta Arrarasek ere jokatu zuten ostiralean, Txomiñenen; eta azkeneko tantoan egin zien ihes garaipenak, Intxurreren kontra (29-30). Horrekin, ligaxka bukatu dute astigartarrek ere, eta zazpigarren sailkatu dira, bederatzi bikoteren artean.
Mutil nagusietan, aldiz, jaitsiera saihesteko kanporaketa daukate jokoan, Agirre, Arandia, Manterola eta Zurutuza hernaniarrek. Eta ondo ekin zioten larunbatean Hernaniko kiroldegian, joanekoan, Tolosaren kontra: 25-15 irabazi zuten Agirrek eta Arandiak. Bueltakoa jokatuko dute datorren asteburuan, eta 10 tantoren aldearekin ekingo diote, bigarren mailan jarraitzeko helburuarekin.