Itsaso more bilakatuko da gaur, herriz herrikako ekintza zaparradek haunditu duten ibaia

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 8a, 00:00
Lilatoi mixtoan parte hartu zuten taldeetako bi, larunbatean Goizuetan. Felix Loiarteren argazki guztiak ikusteko: kronika.eus

Makina bat ekintzak egin diote bidea Urumea bailaran, gaurko egun seinalatuari: kalera aterako dira herritarrak, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu eta berdintasunaren aldarria ozen zabaltzera, antolatu diren mobilizazioetan.

Martxoaren 8a da gaur, Emaku­meen Nazioarteko Eguna; ber­­dintasunaren aldarria inoiz bai­­no ozenago zabaltzeko egun sei­nalatua. Urtero aireratzen di­ren me­­zuetako bat da, gaur ba­­karrik ez, egunero dela martxoak 8; egunero dela berdintasunaren bidean aurrerapausoak eman, eta berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko eguna.

Eta aurten, inoiz baino egun gehiagotan izan da martxoak 8. Izan zen atzo, izan zen herenegun, eta izan zen ostiralean. Egun seinalatuaren zain egon gabe, makina bat ekintza antolatu dituztelako bailaran, kolore  morea lau haizetara zabaltzeko. Eta horrela, herriz herri antola­tutako ekintza zaparradek haunditu duten ibaia, itsaso more bilakatuko da gaur. Pandemia garaia izanagatik, ez baitute etxean geratu nahi izan, eta kaleak beteko baitituzte, antolatu diren mobilizazioekin.

Astigarragan jarri dute eguneko aurreneko hitzordua, goizeko 11:00etan Erribera kultur­gu­nean. Bertan, erakusketa ja­rri du Carmen Ibañez hernaniarrak, indarkeria sexistarengatik hildako emakumeen omenez egindako instalazioa; eta gaur inauguratuko dute. Martxoaren 20ra arte egongo da ikusgai.

Pankartak egin zituzten astigartarrek, Emakumeon Etxearen egun osoko festan.

 

Ondoren, Astigarragan bertan, kontzentrazioa egingo dute Foru Plazan, eguerdiko 12:15etan.

Goizuetan, berriz, arratsaldeko 18:00etan egingo dute elkarretaratzea, herriko plazan. Girorik ez dute faltako bertan: Hip-hop dantza taldeak emanaldia eskainiko du, zuzeneko musika eta guzti.

Eta Hernanin, 19:00etan ha­siko da manifestazioa, hiru zu­ta­betan banatuta, jende pilake­tak sai­hesteko: Carmen Adarraga parketik, Karabelgo Oleta plazatik, eta Zerbitzu Sozialen ondotik abiatuko dira, Koordinadora Feministak antolatuta.

Gainera, Lilatoi birtuala osatzeko zita jarri dute gaur goizerako, Hernanin barrena. Goizuetan, larunbatean aritu ziren, talde txikitan (Felix Loiarteren argazkiak ikusgai, kronika.eus web orrian); eta Astigarragan, atzo goizean ere bazebiltzan herritarrak, lasterketaren 5 kilometroak elkarrekin osatzen.

 

Aldarrikapen ekintzek segida

Baina gaur ez dira bukatuko aldarrikapenak. Aurreko egunetan bezala, bihar ere izango delako martxoak 8, eta baita etzi eta etzidamu ere. Horrela, ekintza gehiago izango dira datozen egunetan, bailaran.

Bihar, zita bikoitza dute Hernanin. Batetik, Emariak eta Kahoot Feminista jolasetan ariko dira Gaztelekuan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Eta Biterin, 18:00etarako, hitzaldia antolatu du Amherrek: Ikasketen homologazioa eta beste lan-eremu batzuetarako sarbidea, Bidez Bide elkarteko Katia Reimbergen eskutik.

Bihar bertan, Aranon, inauguratuko dute Zaintza pandemia garaian erakusketa, elkarteko arkupeetan. Hilaren 21era arte egongo da ikusgai bertan.

Eta etzi, Panpina antzerkia eskainiko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Horretarako gonbidapenak, Plaza Feministan eskatu beharko dira goizez; edota emailez idatzita: berdintasuna@hernani.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!