Izan Bhutan proiektuaren baitan, Zaintza pandemia garaian gai hartuta, argazki lehiaketa egin zuten Aranon eta Goizuetan, urrian eta azaroan. Eta aldi berean, gaia landu zuten Xalto eskolan ere, eta artelanak egin zituzten horren inguruan.
Lan horiek argitara emateko garaia da orain, eta lehiaketako argazkiekin zein haurrek egindako lanekin, erakusketa paratuko dute martxoan zehar, Aranon eta Goizuetan.
Goizuetan, bihar bertan paratuko dituzte argazkiak eta artelanak, garbilekuan; eta hilaren 17ra arte egonen dira ikusgai bertan. Aranon, berriz, elkarteko arkupeetan egonen da erakusketa, asteartean hasi eta martxoaren 21era arte.
Erakusketak antolatu dituzte Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Aranoko eta Goizuetako Udalek, Xalto eskolak, Goizuetako jubilatu elkarteak eta Goizuetako emakume taldeak. Martxoaren 8ari begira prestatutako egitarauaren barruan kokatu dute erakusketa.
Abenduan egin zuten, Goizuetako frontoian, argazki lehiaketako sarien banaketa. Klown ikuskizuna ere izan zuten, Pantxika Lamurren eskutik.