Makina bat aldarrikapen ekintza gaur, martxoaren 8aren bezperan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 7a, 00:00

Ipuin kontaketak izango dira Aranon eta Goizuetan, eta egun osoko festa Astigarragan.

Martxoaren 8a baino lehenago hasi dira Emakumearen Nazio­arteko Eguneko aldarrikapenak, Urumea bailara osoan. Eta gaur izango dute segida, bereziki Astigarragan, egun osorako egitaraua prestatu baitu Emakume­on Etxeak. Goizeko 11:00etan, hasteko, pankartak jarriko dituzte Joseba Barandiaran plazan. Gero, 12:00etan, Fabricando mujeres pe­­­likula emango dute Emakume­on Plazan. Bertan izango da bazkari autogestionatua ere, 14:00etan. Eta eguna borobiltzeko, karaoke feminista egin­go dute, zuzeneko musikarekin, 17:00etan.

Aranon, berriz, Pontxarekin ipuin berdin ipuin kontaketa sa­ioa eskainiko du Jaione Urtasunek, 4 urtetik gorako haurren­tzat, 17:00etan Maisuenean. Eta Goizuetan ere, ipuin kontaketa saioa izango da, baina helduentzat; udaletxeko ganbaran, 18:00etan: Lurdes Iriondoren He­go haizearen ipuinak kontatuko ditu Amaia Elizagoienek.

Martxoak 8ari begira jarri di­ra eskolak ere. Hernaniko Uru­mea ikastolan, esaterako, ikastetxean pankartak eta muralak jarri dituzte, ikastolako langile eta ikasle guztiek sinatuta. Eta hainbat arlotako emakume her­naniarrak izan dituzte bisitan, beraien ibilbideaz hitz egiteko: Garbiñe Tijero, Amaia Irazusta­barrena, Ariane Arrieta eta Garazi Urdangarin palistak; Eli Pagola bertsolaria; Miren Gojenola aktorea; Maite Larburu musikaria; Amherreko Fatima Fernandez eta Susana Hernandez; Ka­ttalin Miner idazlea; eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea.

Taldeko argazkia egin zuten, Lilatoi birtuala egingo duten emakume batzuek.

 

M8 MANIFESTUA (Astigarragako Emakumeon Etxea)

Egunak eman dezakeenaren kronika

Utopia zena, topiko bilakatua, eta askoren ahotan oportunismo hutsa. Eta guretzat foko eta helmuga bihurtzen garen eguna.

Gureak badu aldarrikapenetik, maitasunetik eta eskertzatik hainbat zertzelada. Gureak badu politikatik, egituratik, etxetik eta kaletik. Gureak badu kultura eta tradizio bukaezinetik. Eta badu genetikatik ere.

Hainbeste dira gureak landu, ukitu, laztandu eta bota dituenak, gureak eman duela zer esanik. Kontroletik at gelditzen den mundu hori baita gurea. Kontrolatu gaituztenean ona eta egokia zena, garbia zena. Kontrolatu ez dutenean, zikin, narrats, aztoratzaile eta lotsagabe bihurtu dena. Eta gu hori osatzen dugunok bizi duguna, egiten duguna, garatu duguna. Gurea dena. Hori baita gurea dena, nork nahi duen moduan bizitzeko askatasuna duelarik oinarrian.

Martxoaren 8an emakumearen nazioarteko eguna da. Hala dela lau haizetara zabaldu dute komunikabide eta politikoek. Batzuek, urte osoan zehar jarriko dute beren onena injustiziei hausporik eman ez eta bidezko ez diren lege, arau eta proposamenak iraultzeko. Utopiatzat duguna egi bihurtzeko.

Beste batzuek topiko eta erakusleiho egokitzat dute more koloredun jaka, praka edo zapiak erabiltzea. Koloreztatzeak estaltzen duena astintzeko inungo asmorik gabe. Utopia zena topiko bihurtuz.

Oportunismoak jotzen du goia, manifestuz manifestu utopia topikoen momentuko hitzak. Haizeak ziztu batean daramatzan promesak.

Eta horien denen paralelo, gezurra badirudi ere mundu berean, herrialde berean edota familia berean, kontroletik at dagoen gure hori. Gureak ahotsa baitu, eta gurea burujabea baita. Bejondeizuela hori ikusi, baloratu eta horren alde lan egiten duzuen guztioi. Bejondeizuela fokoa eta oinarriak giza eskubideetan dituzuen guztioi. Momentu oro eta leku oro. Maite zaituztegu, emakumeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!