Mobilizazioak egingo ditu IKASek martxoaren 25ean, «hezkuntzako egoera tamalgarria dela salatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Buruntzaldeako IKASek salatu du hezkuntzako egoera «tamalgarria» dela eta «autoritarismoa» ahalbidetzen duen bitarteko guztiak deuseztatu nahi dituela. Hori horrela, mobilizazioak egingo dituzte, hilaren 25ean. 

Buruntzaldeako Ikasle Autodefentsa Sareak (IKAS) salatu du hezkuntzako egoera tamalgarria dela eta, horrekin batera, «autoritarismoa» ahalbidetzen duen bitarteko oro deuseztatu nahi duela. Izan ere, bertako kideek adierazi dutenez, aurtengo ikasturtea «COVID-19ak areagotutako krisi kapitalistak alderik alde zeharkatu du». Gizartea krisi estruktural baten aurrean dagoela salatu dute, eta horrek herritarren bizitzako «esparru guztietan» eragin zuzena izan duela azpimarratu dute, «baita hezkuntza prozesuan ere». Hori guztia mahaigaineratzeko eta salatzeko, martxoaren 25ean mobilizazioak egingo dituzte, eta herritar guztiei luzatu diete deia, elkarretaratzeetan parte hartzeko. Jakitera eman dutenez, datozen asteetan emango dute informazio gehiago. 

«Ikasgeletan osasun bermerik ez dugun bitartean, hezkuntzaren kalitateak nabarmen egin du behera. Horri gehitu behar dizkiogu oinarrizko eskubideen urraketa autoritarismoaren gorakada», esan dute.

Horrekin batera, salatu dute ikastetxeetan dagoen egoera ez dela, «inondik inora», Hezkuntza Delegaritzak eta zuzendaritza taldeek mediatikoki islatu nahi izan dutena. Gainera, aldarrikatu dute ikastetxeetan COVID-19a «aitzakiatzat» erabaki dela,  «modu arbitrarioan hartutako erabakiak eta jarrera despotikoak justifikatzeko, pandemiaren ondorio natural gisa azaleratuz». Horri gehitu diote, areagotu egin direla «ikasleen aurkako gehiegikeriak eta tratu krudela eta inhumanoa, hartutako erabakiak masa zabalen aurrean zuritzen eta lejitimatzen saiatu bitartean». 

3 aldarrikapen nagusi dituzte
IKASeko kideek 3 aldarrikapen jarri dituzte erdigunean: batetik, ikasleriak ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia izatea; bestetik, ikasleria subjektu politiko gisa aitortua izatea, horrek dakartzan inplikazio guztiekin (sindikatzeko eskubidea, hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzea, eta abar); eta, azkenik, kontrol sozialerako baliabide errepresibo oro bertan behera uztea.

Aldarrikapen horiek guztiak egiteko unea dela esan dute. Horregatik, martxoaren 25ean kaleak hartuko dituztela argi utzi dute. «Klase elkartasuna da gure jardun politikoaren oinarria, zapalduok gure kideen defentsa antolatzeari ekin behar diogu. Ezin gara gure eskubideak beste inork defendatuko dituen esperoan egon». Aipatu moduan, xedea da salatzea hezkuntzako egoera «tamalgarria» dela eta, era berean, deuseztatzea «autoritarismoa ahalbidetzen duen bitarteko oro».
Dagoeneko jarri dituzte abian beste hainbat prozesu, aldarrikatzen duten mezuak oihartzuna izateko. «Hilabete labur hauek, zailak bezain emankorrak izan dira. Oztopo eta zailtasunen aurrean, ikasle langileon batasunaren bidez gure borrokarako gaitasunak haunditu ditugu». Bide horretan, lorpenak izan dituztela komunikatu dute: «hainbat ikastetxetan autoritarismoaren zenbait espresio neutralizatzea lortu dugu. Horren adibide dira, esaterako, Gasteizko Unamuno ikastetxean Classroomaren epea adostea, edota Iruñeko Eunate ikastetxean aplikatuko ziren kontrol sozialerako neurri berriak gelditzea lortu izana».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!