«Asko gustatzen zait ume batek bere amari, nik idatzitako ipuina irakurtzeko eskatzen dionean»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Jexux Eizagirre, 'Bizitzeko Irrika' bere azken liburuaren aurkezpenean.

Jexux Eizagirre zumaiarrak, 'Bizitzeko Irrika' argitaratu berri duen liburuaren nondik norakoak azaldu dizkio Kronikari.

Nola bururatu zitzaizun liburu hau idaztea? Zerk inspiratu zintuen?
Konfinamendu garaiko ideia izan zen, etxetik ezin atera ginenekoa. Ekialdetik zetozen albiste denak txarrak zirenez, pentsatu nuen zerbait ona ere izan behar zutela. Orduan, ekialdeko eta Ameriketako indioen istorioak hasi nintzen aztertzen eta horrek inspiratu ninduen. 

Norentzat daude eginak? Haurrentzat ala helduentzat?
Denentzako, bai haur eta bai, helduentzako ere. Ipuinetan dago uste ustel bat, eta da, ipuina hitza erlazionatzen dela haurrekin. Baina, ez da horrela. Hauek abilidade bat dute, gauza konplexuak modu errazean adierazteko. Hori da, ipuinek duten artea. 
Adibidez, burokrazia hitza oso konplexua da eta ipuin bat dago, non burokrazia zer den kontatzen duen, hitz hori erabili gabe. Gainera, guk dugu gure buruan sartuta burokrazia administrazioarekin lotuta dagoela, baino ez du zertan. Hau da, burokrazia da modu bat gobernatzekoa baino ez bakarrik administrazioa, edozein gauza. 

Nola sailkatu duzu liburua?
Ipuinez josita dagoen liburua da. Irakurtzeko ohitura ez duenarentzat dago pentsatuta, baita ere. Horregatik, liburuaren hasieran ipuin motzak agertzen dira eta gero luzexeagoak. Letra tamaina haundia du, ez bakarrik haurrentzat baizik eta, baita ere, bista baxua duten jendeak irakur dezan.

Ipuin hauen bitartez, mezuak bidali nahi izan dituzu? Zuk sortuak dira?
Ez, nik ez dut mezurik bidali izan nahi, nire borondatea ez da hori izan. Niri istorioak gustatzen zaizkit eta batez ere,  hauek nola dauden kontatuta. Horri heldu nahi izan diot, alde batetik istorioari eta bestetik, modu erraz batean kontatzeari. 
Gertatzen dena da, idatzi eta gero konturatu naizela mezua dutela. Adibidez, nik idatzi nuenean, badago ipuin bat Kontrarioa izena duena, eta hori idatzi eta gero, lagun batek esan zidan, pentsamendu mota bat dagoela ekialdean, kontrarioaren beharraren ingurukoa. Hau da, gauza guztiak behar dutela bere kontrakoa. 
Aldiz, mendebaldean kontrarioa demoniatu egiten da eta ez da onartzen. Honetaz, idatzi ostean konturatu nintzen. 
Nik liburugintzan ikasi dudana izan da, ipuina ez dela testu itxi bat. Hau da, ipuin bera aurki dezakezu Euskal Herrian eta Korsikan. Honekin esan nahi dudana da, ipuinen bertsio desberdinak aurki ditzakegula. Ipuin kontalari bakoitzak, bere kolkotik zerbait eransten dio eta hori ez da txarra, horrek aberastu egiten baitu idatzitakoa. 
Denak ez dira nik sortuak, noski. Ipuin batzuk lagun batzuei entzundakoak dira, beste batzuk,  aurkitutakoak eta neuk asmatutakoak ere aurki daitezke ipuinean zehar. 

20 ipuinek sortzen dute liburua eta ipuin horietako batean, Hernaniko elkarte bat aipatzen da. Zein ipuinetan eta zergatik?
Ipuinak, Bizitzeko Irrika izena du eta horrek eman dio liburuari bere izena. Bereziki horretan azaltzen da, beti hirigintzan dagoen eztabaida: kostuak eta gastuak. Horregatik, lotu nahi izan nuen Koxka elkartearekin ipuina, hauek aldarrikatzen baitute, hiri bat denontzako izan behar dela. Azkenean, horrelako eztabaida bat liburu batean azaltzea, oso ondo dator.

'Meseletch' ipuinari bukaera irekia utzi diozun istorio bakarra da. 
Berez, Etiopian ipuin horren bi bertsio daude eta pertsonaiak desberdinak dira. Bertsio batean, protagonista etxekoandrea da eta hor, generoaren arloa lantzen da. Nik, bertsio horri jarraitu diot. Bestean aldiz, umea da tratu txarrak jasaten dituena. Afrika osoan haurren arazoa oso haundia da. 
Bertsio horietan, bukaera ematen diote baino nik pentsatu nuen, bukaera ez ematea, horrela bakoitzak nahi duen bezala bukatu dezake istorioa, imajinazioaren medio.  Esan beharra daukat, literatur tailer moduan eta genero moduan landu dela ipuin hau, eta jende askori gustatu zaiola ipuin bera, bukaera zabala utzita ere. Jakin dut, Hernaniko ikastola batean landu dutela ipuina eta haur batek, gaur egungo bukaera eman diola.

Zein publikorentzat idaztea gustatzen zaizu gehiago?
Nik gustuko dut, haur batek esaten didanean, nik idatzitako ipuina oso polita dela. Hori gertatu zait, Azeria eta Tigrearen ipuinarekin. Nik liburu hauek argitaratu baino lehen, audioak igo ditut sarera eta Azeria eta Tigrearen ipuinak, jada mila eta hirurehun bisita ditu. 
Asko gustatzen zait, ume batek bere amari, nik idatzitako ipuina irakurtzeko eskatzen dionean. 

Edozein liburu dendatan lortu daiteke liburua?
Ez, azkenean erabaki dut denda txikietan banatzea soilik, tirada txikia izan baita. Hernanin, Dobera Euskara Elkartean aurki daiteke, Tolosa eta Beasainen, Arteka liburu dendan eta Zumaian berriz, Aizpurua, Otaño eta Mandala dendetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!