Emakumeen Nazioarteko Eguna

Kolore grisetik morera, bailara

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Pasa den urtean, mobilizazioekin bat egin zuten, Hernaniko emakumeek.

Etzi, Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta, Urumea bailarako herriek bat egin, eta hainbat ekintza eta mobilizazio antolatu dituzte. Horrez gain, Emakumeen Etxea erdigunera ekarri nahi izan dute bai Hernanin, eta bai Astigarragan; «espero dugu laster irekitzea» azalduz.

2020garren urtea, esan daiteke, nahiko grisa izan dela, kolore apalekoa. Urte hau atzean utzi eta kolore ilun hori pizteko, etzi, Urumea bailara morez margotuko da, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Martxoaren 8a etzi bada ere, batzuk aste honetan zehar piztu dituzte motorrak, izan ere, ekintza batzuk burutzen hasiak dira, hala izan da behintzat, Hernanin, Astigarragan, Goizuetan eta Aranon.

 

Hernanin, hamaika ekintza

Hernanin, martxoaren 2an antolatu zuten lehen ekintza, Tratu Onen Foroarekin, eta jarraian beste hainbat egin dituzte. Gaur esaterako, goizeko 11:00etan hasita, Gaztelekuak antolatuta Nor gara gazte feministak? tailerra ere egingo da, Atsegindegin.  Horretaz gain, arratsaldean, eskumutur feministen collagea egingo dute Gaztelekuan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Gainera, bihar, Mulan filma jarriko dute arratsaldeko 17:30etan.

Etzi, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, 5 kilometrotako Lilatoi birtuala antolatu dute. Hernanin zehar izango da, eta hainbat modalitatetan egin daiteke, hau da, korrika, ibiltzen, patinetan, eta handbike-an. Izena, www.lilaton.es webgunean eman daiteke. Arratsaldean berriz, manifestazioa egingo da,    19:00etan hasita, hain justu. Hernaniko Koordinadora Feministak azaldu du, zutabetan antolatu dela manifestazio hau: «pilaketak saiheste aldera», beraz, zutabeak aterako dira, Carmen Adarraga parketik, Olaeta Plazatik (Karabel) eta Zerbitzu Sozialetatik (Sandiusterri).

Datorren asterako, martxoaren 9an hain zuzen, Gaztelekuan Kahoot feminista jolasa egingo da, eta arratsaldeko 18:00etan, hitzaldia antolatu dute Amher Sos Arrazakeria eta Bidez Bide elkarteak, Biterin. Martxoaren 10ean berriz Panpina antzerkia eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan hasita. Sarrerak Plaza Feministan lortu daitezke, edo berdintasuna@hernani.eusera idatzita.

 

Kale izendegirako proposamenak

Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, kale izendegian emakumeak ager daitezen proiektua du eskuartean, honekin «memoria soziala eta mundua ikusteko dugun moduaren aldaketa bat» proposatu nahi da: «heroiak eta gerlariek bereziki, ikuspegi feminista kontutan izango duten irizpideak hautatuz, gure kale, plaza eta eraikinetara eramateko orduan». Horretarako, hainbat irizpide ezarri dituzte, hala nola, gizarteari ekarpen bat edo beste egindako emakumeak; emakumeen eskubideen defendatzaileak, eta askatasuna eta solidaritatea sustatu dutenak, besteak beste. Proiektu honen nondik norako zehatzagoak, aurrerago argitaratuko dira, Kronikan.   

 

Gaurtik ekintzak, Astigarragan

Gaur emango zaie hasiera, Astigarragan, M8aren bueltan antolatu diren ekintzei. Udalak, antolatutakoak dira batzuk, eta besteak Emakumeon Etxeak, «beste batzuk berriz Udalak babestuta baina Emakumeen Etxeak antolatuta» dio Udalak. 

Gaur, Zazpiak bat. Gaiztoetan gaiztoenak antzerki feminista antolatu da, Erriberan. Biharko berriz, Emakumeon Etxeak, ekintza mordoa antolatu ditu egun osorako; goizeko 11:00etan, pankartak jarriko dira Joseba Barandiaran plazan.

Jarraian Fabricando mujeres pelikula jarriko dute, eta ondoren solasaldia ere egingo da. 14:30ak inguruan bazkari autogestionatu bat antolatu da Emakumeon Plazan, eta bazkaria ezin hobe amaitzeko, karaokean, ahotsa utziko dute astigartarrek, 17:00etan hasita.

Etzirako, elkarretaratzea antolatu dute, Emakumeon Nazioarteko Eguna ospatzeko. 12:15etan izango da elkarretaratzea, udaletxean. Horrez gain, etzitik martxoaren 20ra bitartean, Instalazio feminista erakusketa jarriko dute, Erriberako erakusketa gelan, goizez eta arratsaldez. Martxoaren 19 eta 26an, AEKren eskutik, Zilegi Eskolak Noka Ikasi eskainiko du, hau da, emakumeen hika nola hitz egin ikasteko tailerra izango da, Emakumeon Etxean, arratsaldeko 18:30etan hasita.

 

Goizueta, morez

Goizueta morez jantzita dago ostegunetik, balkoiak eta leihoak morez apaindu baitituzte herritarrek, martxoaren 8a dela eta. Balkoi eta leihoez gain, gaur herritarrak jantziko dute soinean, more koloreko arroparen bat. Gainera gaur arratsaldean, Lilatoi mixtoa antolatu da, 4 pertsonako multzoak egingo dira, eta lasterketa honi, plazan emango zaio hasiera.

Bihar berriz, arratsaldeko 18:00etan, ipuin kontaketa eskainiko da, Hego haizearen ipuinak, Goizuetako udaletxeko ganbaran. Eta etzi, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, arratsaldeko 18:00etan, elkarretaratzea antolatu dute. Plazan izango da, eta Hip-hop dantza taldearen emanaldiarekin eta zuzeneko musikarekin batera antolatu da.

 

Aranon ere, ospakizunak

Martxoak 8a dela eta, Aranon ere antolatu dira hainbat ekintza. Gaur, Emakumeak Erne dokumentalaren emanaldia antolatu da, arratsaldeko 18:00etan, Maisuenean. Bihar, Pontxarekin ipuin berdin ipuin kontaketa eskainiko du Jaione Urtasunek, arratsaldeko 17:00etan, Ganbaran. Etzi, hau da, martxoak 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, egun osoan zehar Aranon, eta martxoaren 9tik 21era bitartean, Zaintza pandemia garaian erakusketa eskainiko da, elkarteko arkupeetan.

Argi dago, prest dagoela bailara, martxoak 8aren bueltan egingo diren ekintzetarako.

 

Data zehatzik ez, baina laster izango dira prest Astigarraga eta Hernaniko Emakumeen Etxeak

Emakumeen Etxea noiz irekiko duten jakiteko irrikaz daude herritar ugari, eta bai Astigarragan zein Hernanin, lanean ari dira: «egoera honekin zailagoa da, motelago doa dena, baina apurka bagoaz, eta pentsatu nahi dugu laster irekiko dugula Emakumeon Etxea», jakinarazi dute Astigarragan eta Hernanin.

Irekiera festa bat egingo dute Astigarragako Emakumeon Etxea prest dagoenean. 
 

Astigarragan, oraindik ez dute Emakumeen Etxearen irekiera datarik zehaztu, baina martxoaren 14an, goizeko 11:00etan, bazkideekin batzar nagusia egingo dutela jakinarazi dute; «bertan irekierari buruzko xehetasun gehiago jakingo ditugu, baina oraingoz, bizi dugun pandemia medio, ezin dugu ezer planifikatu. Azkenean gure asmoa da festa moduko bat egitea irekierarako, eta egoera honetan ezin da egin. Baina normalitatera itzultzean, egingo dugu Emakumeon Etxearen irekiera, asko baitaukagu ospatzeko!».

Hernanin ere, buru belarri ari dira Emakumeen Etxearekin, «kanpoko obrak jada amaituta daude. Orain, Uxue Bereziartua (Berexiart) ari da murala egiten, eta oraingoz motel doa barruko altzarien kontratazioarena. Baina apurka-apurka bagoaz. Ez dago data zehatzik, baina irekiera festa bat antolatuko dugu dena prest daukagunerako. Azken finean, pandemiak, hau dena motelago joatea eragin du, nahi genuen azkarrago amaitu baina ezin izan da. Hala ere, bai, ospakizun bat egitea da gure asmoa, eta horrez gain erakusketa bat jartzea. Prozesua nola izan zen azalduko dugu, argazkiak dauzkagu, bideoak ere, zerbait bisuala egiteko».

 

EGITARAUA

HERNANI

GAUR

11:00 Nor gara gazte feministak? tailerra. Atsegindegin

17:30 Eskumutur feministen Collagea. Gaztelekuan.

BIHAR
17:30 Mulan pelikula. Gaztelekuan.

ETZI MARTXOAK 8
Goizean Lilatoi birtuala 5km Hernanin zehar.
19:00 Manifestazioa. Zutabeka. Antolatzaileak: Hernaniko Koordinadora Feminista.

MARTXOAK 9
17:30 Emariak+Kahoot feminista jolasak. Gaztelekuan.
18:00 Hitzaldia: Ikasketen homologazioa eta beste lan-eremu batzuetarako sarbidea. Biterin.

MARTXOAK 10
19:00 Panpina. Antzerkia. Biterin.

MARTXOAK 18
19:00 Zinegoak. Gaylesbotrans Nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Biterin.

 

ASTIGARRAGA

GAUR

19:00 Antzerki feminista. Zazpiak bat. Gaiztoetan gaiztoenak. Erriberan.

BIHAR

11:00 Pankartak. Joseba Barandiaran plazan

12:00 Frabricando mujeres pelikula eta ondoren solasaldia. Emakumeon Plazan.

14:30 Bazkari autogestionatua. Emakumeon plazan.

17:00 Karaoke feminista. Musika zuzenean. Emakumeon Plazan.

ETZI MARTXOAK 8
12:15 Kontzentrazioa Astigarragako udaletxeko plazan.

11:00 Instalazio feminista, aurkezpena. Indarkeria sexistarengatik hildako emakumeen omenez osatutako erakusketa, Carmen Ibañezen eskutik. Erriberan. Erakusketa hau, martxoaren 20ra arte egongo da ikusgai

MARTXOAK 19 eta 26
18:30 Noka ikasi (emakumeei hika nola hitz egin ikasteko tailerra) AEKren eskutik. Zilegi eskola. Emakumeon Etxean.

 

GOIZUETA

GAUR

17:00 Lilatoi mixtoa. 4 pertsonako multzoak egingo dira. Herriko plazatik hasiko da.

BIHAR

18:00 Ipuin kontaketa musikatua. Hego haizearen ipuinak. Udaletxeko ganbaran.

ETZI MARTXOAK 8

18:00 Elkarretaratzea plazan. Hip-hop dantza taldearen emanaldiarekin eta zuzeneko musikarekin.

 

ARANO

GAUR

18:00 Emakumeak erne dokumentalaren emanaldia. Maisuenean. M8 Betaurreko Moreak antolatuta.

BIHAR
17:00 Pontxarekin ipuin berdin. Ipuin kontaketa, Jaione Urtasunekin. Urte batetik gorako haurrei zuzenduta. Maisuenean. Antolatzailea: Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzua.

ETZI MARTXOAK 8
Emakumeen Nazioarteko Eguna

MARTXOAREN 9TIK 21ERA
Zaintza Pandemia Garaian, erakusketa. Elkarteko arkupeetan. Antolatzailea: Goizuetako Emakume Taldea, Goizuetako Jubilatuen Elkartea, Goizuetako Udala, Xalto eskola, Aranoko Udala eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Prebentzio eta Berdintasun Zerbitzuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!