Martxoak 8

Bertso saioa, zinea eta lilatoi birtuala gaur, bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 00:00

Martxoak 8a dela eta, hainbat ekimen eta jarduera antolatu dira Urumea bailaran, datozen egunetarako.

Goizuetan, haurrentzako zinema saioa izango da gaur, 19:00etan, udaletxeko ganbaran. Zootropolis filma proiektatuko dute. Halaber, Hernanin ere ekintzak izango dira gaur. Atzotik etzira bitartean, eskumutur feministen collagea ari dira egiten Gaztelekuan; eta, gaur ere, arratsaldeko 17:30etan dute nerabeek, horretarako hitzordua. Horrez gain, lilatoi birtuala ere egingo da, gaurtik astelehenera bitartean. Herritik zehar egingo da, korrika, ibiltzen, patinetan edo handbikean, bakoitzak nahi duen erara. Parte hartuko dutenei deia luzatu diete taldeko argazkia ateratzera: gaur, 18:00etan, Carmen Adarraga plazan, atletismo pistaren ondoan.

Horrekin batera, Infernuaren aldeko bertso saioa izango da gaur, arratsaldeko 18:00etan, Biterin. Eli Pagola, Miren Artetxe, Oihana Arana eta Maider Arregi bertsolariak izango dira bertan, eta sarrerak salgai daude Kiden eta Garinen, edo Biteriko sarreran 17:00etatik aurrera. «Sarrera eskuratu daiteke 5 euroan prekarioentzat edo 10 euroan (edo nahi dena), ahal dutenentzat», zehaztu dute antolatzaileek.

Bestalde, Astigarragan 7ak bat komedia satiriko-feminista izango da bihar, 19:00etan, Erriberan. Goizuetan, aldiz, lilatoi mistoa egingo dute, 17:00etan. 4 pertsonako taldeak egingo dituzte eta herriko plazatik abiatuko dira. Hernanin, Nor gara gazte feministak? tailerra izango da, Atsegindegin, 11:00etatik aurrera. Eta Aranon ere zeregina egongo da: Emakumeak erne dokumentalaren emanaldia izango da Maisuenen, arratsaldeko 18:00etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!