Azken asteetako egoerak hobera egin du, oro har, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Hori horrela, astearte honetatik aurrera, neurriak malgutu dira eta egoiliarrek bisita gehiago jaso ahal izango dituzte, eta baita irteera gehiago egin ere. Zehazki, astean, gutxienez, 4 irteera egiteko eta 2 bisita jasotzeko aukera izango dute egoiliarrek. Horren bueltan, Hernaniko Adinekoen Egoitzan, adibidez, dagoeneko jarri dute txertoa, horrela nahi izan duten langileek eta egoitzako erabiltzaileek.
Horrekin batera, 90 eta 100 urte bitarteko hernaniarrei herenegun eta atzo jarri zieten COVID-19aren aurkako txertoa. Hernaniko Udalak jakitera eman duenez, guztira 256 herritarrek jaso zuten Osakidetzaren telefono deia, eta txertoa jarri nahi zutenei zita eman zieten. Txertaketa udal kiroldegiaren goiko solairuan egin zuten.
LABI gaur bilduko da
Bestalde, LABI Aholkularitza Batzordea gaur bilduko da, koronabirusaren gaineko neurriak datozen asteetan zeintzuk izango diren zehazteko. Besteak beste, erabakiko dute ea herritarrek Euskal Autonomia Erkidego osoan mugitzeko aukera izango duten ala ez. Horren harira, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak aurreratu du UCIetako egoera ez dela ona eta, beraz, egun hauetako egoera zein den aintzat hartuta hartuko dela erabaki bat edo beste.