Jardunaldi ona, Hernani eta Mundarroko pelotarientzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00

Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak garaipena lortu zuten Hernanin.

Hernaniko esku pelotariek 10 partiduetatik zortzi irabazi zituzten, eta galdu dutenetako bat Santxez astigartarrak irabazi zuen.

Jardunaldi ona izan da, pasa dena, Hernani eta Mundarroko pelotarientzat. Profesional mailan, ordea, kaxkarragoa izan da, Aimar Olaizola eta Iker Salaberria goizuetarrentzat.   

Hernaniko pelotariek ha­mar partidu jokatu dituzte, hiru egunetan zehar, eta zortzi irabazi eta bi galdu dituzte. Gainera, galdutako bat Mundarroko Santxez astigartarraren aurka izan zen. Mundarroko pelotariek emaitza onak lortu dituzte Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan. Honela, ostiralean Errenterian, Expositok 22-9 menderatu zuen Epleko Aranburu, eta sailkatu egin da hurrengo fasera: bitik bi irabazi ditu. Santxezek, berriz, lehenengo partiduan 22-9 irabazi zion Iñigo Labakari. Hala ere, Labaka azken fasera sailkatzeko aukerekin dago, hiru partiduetatik bi irabazi baititu.

Salaberria eta Ortiz de Urbina, finalerdietara sailkatu dira

Hernaniko pelotariei dagokienez, Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak 22-9 irabazi zuten, Baztarrika-Loidiren (Ataun) aurka, eta finalerdiak jokatzeko sailkatu dira, hirugarren mailako Gipuzkoako Binakako Txapelketan.

Ohorezko mailan, aldiz, Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak, Egiguren eta Labakari (Ilunpe) 22-7 irabazi arren, ezin izan dute fase finala jokatzeko sailkatu; eta datorren astean, maila ez galtzeko partidu erabakigarria jokatu beharko dute.

Unax Manterola, azken fasera sailkatuta

Asteburuko emaitzarik onena, Unax Manterolak lortutakoa izan zen. Lau t'erdiko Gipuzkoako Txapelketan, bigarren mailako kadeteak 22-19 irabazi zuen Iturriotzen (Intxurre) aurka, eta garaipen honekin azken fasea jokatzeko sailkatu da.

Hernaniren emaitza txarrenak, Auritz Txintxurreta bigarren mailako kadetearen eta lehen aipatutako Iñigo Labakaren porrotak izan ziren. Kadeteak 22-20 galdu zuen Gaztañagaren (Gazteleku) aurka, baina nahiz eta galdu, azken fasean sartzeko aukerarekin jarraitzen du hernaniarrak.

Mendialdeko Binakako Txapelketaren bigarren edizioa, dagoeneko martxan

Ostiralean hasi eta igandean amaitu ziren, bestalde, lehenengo jardunaldiko partiduak, Mendialdeko Binakako Txapelketaren bigarren edizioan.

Goizuetako esku pelotariak, batez ere, Goizuetan aritu ziren ostiralean. Kimu eta sein mailetan, lau partidu jokatu ziren ostiralean, herriko frontoian. Lehenengo partiduan, kimuen bigarren mailan, Alsua eta Sagarduik 18-12 gainditu zituzten Legarreta eta Imaz. Azken hau Aurrerako pelotaria da eta beste hirurak Umore Onakoak. Bigarren partiduan, sein bigarren mailan, Seges eta Larinek 18-11 irabazi zieten Narbarte-Aranberriri; lauak ere, Umore Onakoak. Hirugarren partiduan, sein 1 mailan, Umore Onako Sagarduik eta Zurutuzak 18-13 irabazi zuten, Aurreraren kontra. Eta jaialdiko azkeneko partiduan, kimu 2 mailan, Umore Onako Garmendiak eta Salaberriak 18-6 gainditu zituzten, Umore Onako Aranberri eta Aurrerako Iturbe.

Larunbatean, Lekunberrin, haurren bigarren mailan, Araxeseko Sotilek eta Umore Onako Lujanbiok 16-18 galdu zuten, Larraungo bikotearen kontra.

Iker Salaberriak, aurreneko porrota binakakoan

Zortzi partidu jarraian irabazi eta gero, Iker Salaberriak eta Oier Etxebarriak lehenengo partidua galdu zuten, Promozioko Binakako Txapelketan, Dario eta Erostarberen kontra (20-22), ostiral gauean. Edonola ere, sailkapeneko lider jarraitzen dute goizuetarrak eta igorretarrak, ligaxkako bost partiduren faltan.

Binakako Txapelketa Nagusian, berriz, Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak 22-13 galdu zuten, Peña eta Albisuren kontra. Hori horrela, txapelketa hasi zenetik aurrenekoz, sailkapeneko hiru lehenengo postuetatik kanpo daude Olaizola eta Rezusta. Izan ere, bost garaipen eta lau porrotekin, laugarren postura erori dira. Horrekin, zaildu egin zaie semifinaletara zuzenean sailkatzeko aukera, eta ahalik eta postu onena lortzen saiatu beharko dute, final laurdenetara begira ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!