Txirrindularitza

Semperenatarrak, Amonarriz eta Romero aurreneko taldean, Zumaian

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00

Euskaldun Saria hasi berri da eta ederki ekin diote bailarako txirrindulariek; Telmo Semperenak hamaikagarren amaitu zuen.

Elite eta 23 urtez azpikoen denboraldia larunbatean hasi zen, Hego Euskal Herrian, Zumaian. Bertan, bailarako lau txirrindularik hartu zuten parte eta oso ongi hasi dute Euskaldun Saria. Lasterketa 46ko talde baten esprintean erabaki zen eta denetan azkarrena Marc Brustenga izan zen. Duela hiru asteko Essor Basque lasterketan ere kataluniarra izan zen garailea. Astigarraga eta Hernaniko txirrindulariak buruan ibili ziren eta aurrean sartzea lortu zuten.

Azken esprint horretan sartu zen Telmo Semperena (Eibar) eta hamaikagarren postuan amaitu zuen. Astigartarrak ongi ekin dio denboraldiari. Ander Amonarriz (Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi) hernaniarra 25garren postuan sailkatu zen, lehenengoaren denbora berdinarekin. Jaime Romero (Caja Rural) astigartarra 38garren sailkatu zen eta Urko Semperena (Eibar) astigartarra 43garren sailkatu zen.

Zilbeti eta Muñoz, Eibarren aritu ziren

Juniorrak denboraldiko lehenengo lasterketa zuten Eibarren eta bertan Ekhi Muñoz eta Aner Zilbetik lasterketa amaitzea lortu zuten. Donosti-Berrin aritzen diren bi hernaniarrak ez ziren aurreko postuetan sailkatu. Aner Zilbeti 96garren postuan sailkatu zen garailearengandik 6 minutura eta Ekhi Muñozek 117garren amaitu zuen 9 minutura. Lasterketak 78 kilometro zituen eta nahiko sakabanatuta iritsi ziren txirrindulariak. 

Tasio Semperena  27garren sailkatu zen Zuatzun

Donostian hasi zuten denboraldia kadeteek. Zuatzuko poligonoan lasterketa azkarra izan zuten eta bertan Tasio Semperena astigartarrak 27garren postuan amatu zuen. Donosti-Berriko Aimar Alarciak irabazi zuen lasterketa eta Semperenaren taldekidea da. 78 mutilek amaitu zuten proba. Neska kadete eta juniorrak ere aritu ziren, baina ez zen bailarako neskarik izan irteeran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!