Zita bikoitza, odol emaileek: Hernanin gaur eta Ereñotzun etzi

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00
Hernaniar bat, odola ematen bukatu berritan, Goiz Eguzkin.

Arratsaldez izango dira biak, eta ordua hartu beharko da goizean zehar, 943 00 78 85 telefonora deituta.

Bi hitzordu izango dituzte aste honetan, Urumea bailarako odol emaileek. Hernanin, gaur bertan daukate hileroko zita, Goiz Eguzkiren egoitzan, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Eta Ereñotzun, etzi egingo dute odol ematea, Auzo Udaleko aretoan, 17:00ak eta 20:30ak bitartean.

Bi kasuetan, odola emateko asmoa dutenek aldez aurretik hartu beharko dute ordua, telefonoz deituta, pandemia hasi zenetik egin duten bezala. Estrakzio eguneko goizean deitu behar dute, 943 00 78 85 telefono zenbakira: hernaniarrek gaur, eta ereñotzuarrek ostegunean. Izan ere, Covid-19ak sortutako egoera dela eta, protokolo berezia aplikatu behar dute, eta aforoa kontrolatu uneoro. Horregatik, txandaka antolatzen dituzte odol emaileak.

Odol Emaileen Elkartetik, deia luzatu diete hernaniar eta ereñotzuar guztiei, odola ematera gerturatu daitezen; pandemia garaian ere, ezinbestekoa delako odol erreserbak ondo be­teta izatea, sortzen diren larri­aldiei aurre egin ahal izateko.

Otsailaren 7an izan zuten aurreko estrakzio saioa Hernanin, eta orduan 42 herritarrek eman zuten odola Goiz Eguzkin, urtarrileko kopuru berbera. Ereñotzun, berriz, urteko aurreneko hitzordua izango dute etzikoa, joan den urteko azaroan egin baitzuten aurrekoa. Orduan, 14 auzotar gerturatu ziren Auzo Udalera, odola ematera.

Astigarragan ere izan dute odola emateko hitzordua, orain gutxi. Aurreko astean egin zuten, astelehenarekin, eta jende asko gerturatu zen Herri Eskolako areto nagusira: 50 lagunek eman zuten odola. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!