AEK

Euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko dinamika martxan, AEK-k

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 28a, 00:00

AEK-k 'Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!' izeneko dinamika jarriko du abian, «aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko» asmotan. Datozen hilabeteetan emango diote hasiera egitasmoari.

AEKk martxan jarriko du, datozen hilabeteetan, Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! dinamika. Egitasmoaren helburua da plazaratzea euskalduntze-mugimenduaren garrantzia; izan ere, helduen euskalduntzea «beharrezkoa» dela diote. Xede hori lortzeko, euskaltegi «sendoak» behar direla azpimarratu dute.  «Euskal Herriko %55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako».

Arloari, bultzada estrategikoa
Azaldu dutenez, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskera ikasten dute euskaltegietan. Ondorioz, «bide onetik» doazela  esan dute. Dena den, adierazi dute arlo horren finantzaketa ez  dela aski eta, beraz, administratzaileek (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) bultzada estrategikoa emango diote.

Horretarako sortu dute, hain justu, aurrez azaldutako dinamika. «Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskeraren biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean», diote.  

Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! dinamikak hiru ardatz izango ditu. Batetik, 2021eko gutuna. Egitasmoaren barruan, gutun bat helaraziko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. Bestetik, AEKk herritarren bultzada nahi du, «aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin». Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan (Hernani, kasu) ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an, eguerdiko 12:00etatik aurrera. 

Eta, azkenik, martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak- Bultza euskara! egizu ekarpena kanpaina abiatu du AEKko lantaldeak, Korrikari bultzada emateko. «Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta», ohartarazi dute. Horretarako, ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan: https://www.aek.eus/eu/.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!