Eskubaloia

«Hasi, eten, hasi eta eten», horrela izan da hilabete luzez eskubaloi kluben egoera

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 27a, 00:00

Unai Eizmendi eskubaloiko zuzendaria eta Ramon Iriondo eskubaloiko entrenatzailea. Kronikarako elkarrizketan.

Beste kirolen gisara, gorabehera haundiak izan dituzte Hernaniko eta Astigarragako eskubaloi klubek, bizitzen ari garen pandemia medio. Oztopoak oztopo, aurrera jarraitzeko asmotan daudela jakinarazi dute.

Pandemiak eten egin du gizartea, eten egin ditu hainbat ekitaldi, eta gelditu egin ditu kirol arloko hainbat partidu zein entrenamendu. Horrekin batera, kirol askoren denboraldia gelditu zen bertan behera, alarma egoera ezarri zutenetik. Gorabehera haundiak izan dira pandemian sartuz geroztik. Izan ere, neurri murriztaile ugari ezarri ditu denbora luzean Eusko Jaurlaritzak, eta horrek, aurrera egiteko  zailtasunak ekarri dizkie kirol klubei, eta kasu honetan, eskubaloiko klubei. 

Badirudi, orain, ibilbideko oztopoak txikiagoak, edo arinagoak direla, azken asteetako egoerak hobera egin baitu, Urumea bailara osoan hain justu. Hori kontutan hartuz, batzuek jadanik martxa hartu dute; hala gertatu da, behintzat, Hernaniko eta Astigarragako eskubaloi taldeekin. 

Pasa den astean eman zioten denboraldiari hasiera  Hernaniko eskubaloi taldekoek. Ramon Iriondo eskubaloi entrenatzaileak azaldu du, batzuk soilik entrenatzen hasiak direla, «baina, aldiz, senior taldea eta jubenilak, entrenamenduez gain partiduak jokatzen hasi dira». Guztira 8 talde daude gaur egun Hernaniko Eskubaloi Taldean, «eskola kirolekoak gehitu gabe». Infantiletan bi talde daude, kadeteetan hiru, bi mutilenak eta bat neskena. Jubenilak ere bi dira, mutilen taldeak osatzen du bat, eta neskenak bestea. Senior mutil talde bat dago: «hau berria da, denboraldi honetakoa; oso pozik gaude, azkenean hau lortzeko irrikitan geunden», dio Iriondok. Eta eskola kiroleko 40 bat txiki ere badaude.

«Ezin jokatu, pandemian»

Lehenengo partidu ofiziala pasa den asteburuan izan zen: seniorrek eta jubenilek jokatu zuten. «Eskubaloi federazioan ez dira hasi lehiaketak, jokatu zituztenak lagunartekoak izan ziren, eta jubenilen azkeneko lagunartekoa ere bertan behera gelditu zen», dio Hernaniko Eskubaloi Taldeko zuzendaria den Unai Eizmendik. Hor federazioak eten egin zituen entrenamenduak, eta «guk ere gure kabuz erabaki genuen, egoera larria zenez, zentzudun izatea, eta guk ere bertan behera utzi genituen entrenamendu eta partiduak», azaldu du Iriondok. «Orokorrean zaila izan da, hasi, eten, hasi eta eten... Ezin zen fundamenturik egin», jakinarazi du Eizmendik.  
Iriondok dio, talde batzuek jokatzeko aukera dutela eta besteek ez: «jubenilak eta seniorrak jokatu dute, eta beste taldeek ez daukate aukerarik; azkenean, federatuek daukate jokatzeko aukera, besteek ez». 

«Seniorrek estreinaldia aurreko asteburuan, garaipen eta guzti» 

Hernaniko eskubaloian jokatzen hasi ziren lehenengo jokalari horiekin, senior talde bat osatu dutela azaldu du Eizmendik, «20 bat urte eta gero, senior taldea daukagu; duela asko, gainera, gure klubean jokatu zutenak daude, eta jubeniletik seniorrera pasa direnak ere badauzkagu. Guretzat oso pozgarria da, esan bezala aurreko asteburuan izan zuten estreinaldia, eta garaipen ederra lortu zuten». Eta Iriondok argi utzi du, asmoa dela, neskekin ere senior talde bat osatzea. 

Aipatu moduan, gorabehera ugari izan dira eskubaloi taldean, egoerak behartuta, ezin baitzen entrenamendurik ez partidurik jokatu, eta Iriondoren ustez, «eskubaloiko etena, gizarteak izan zuen etenarekin» batera etorri da. Eizmendik dio, bat-batean gertatu zela dena: «guri gertatu zitzaigun, kolpean etorri zitzaigula hau dena, eta horrek kalteak eta ondorioak ekartzen ditu. Guk, batez ere, diru sarreratik ikusita. Azkenean gu kuotetatik bizi gara, eta gero egiten ditugun extra batzuekin ere tiratzen dugu. Baina egoera hori zen, eta diru sarrera guztiak bertan behera gelditu ziren, eten egin zelako dena». 

Honek, arazo larriak ekarri ditu arlo guztietara, baina eskubaloian, azaldu dute, kalte ekonomiko haundia eragin duela: «azkenean Santo Tomas, San Juanak, txoznak… Hortik dirua ateratzen genuen, baina bat-batean, dena gelditu zen. Motibazioan ere kaltea nabari da, hasten zara jokatzen, eta hortik hilabetera dena gelditzen da, geldirik zaude hiru hilabete, berriro itzultzen zara, eta berriro ixten da dena, nola ez da izango desmotibantea? Guri batez ere gazteek ematen digute pena, azkenean 16-17 urteko adinean harremantzea, kirola egitea ukatzen badizute…», azaldu du Iriondok. 

Egoera zaila izan bada ere, eskubaloian, jendeak ez du amore eman; izan ere, Iriondok dio, oso jende gutxik utzi duela kluba, «kontuan izanda egoera zein zen». Eizmendik azaldu du nahiko ondo mantendu dela taldekideek eskubaloiaren alde zuten apustua: «motibazioa egon badago, azkenean gutxik utzi dute. Beste talde batzuetan ikusi da, adibidez federazioan, talde askok bertan behera utzi dutela lehiaketa, ez zeukatelako taldea osatzeko nahikoa jokalari». 

Kiroldegiko ordutegi murrizketak, eragin kaltegarriak

Kiroldegia ere, egokitu egin da egoerara, eta horrek ordutegian murrizketak egotea ekarri du. Iriondok dio: «asko nabaritu da kiroldegiko ordutegi murrizketa entrenamenduen antolaketetarako; lehenagotik arazoak izaten bagenituen, pandemiarekin kaosa izan da». Hala ere, Eizmendik dio orain talde  guztiak daudela entrenatzen, «eskolak barne, baina lehiaketak falta zaizkigu».

Iriondok, itxaropentsu aipatu du, orain hasi dela bidea ikusten, «pixkanaka pentsatzen dugu lasaituko dela hau guztia eta hasiko garela lehiatzen».

Hiru taldekide gutxiago  

Entrenatzaileen papera ez da xamurra; azken batean, pandemia honekin ikusi da, egun batetik bestera, egoera erabat aldatu daitekeela, «gu saiatzen gara gazteak motibatzen, baina gertatu izan zaigu, zerbait planeatu, eta hurrengo egunean bertan behera utzi behar izatea», dio Eizmendik. 


Arrazoiak jakin ez arren, Iriondok dio hiru taldekidek utzi dutela eskubaloia; «eta guretzat, egoera honetan, kopuru hori txikia da. Unaik aipatu moduan, motibazioak asko egiten du, eta egoera honetan jendea motibatzeak bere lana du. Baina tira, pozik gaude alde horretatik». Gainera, denboraldi honetan, eskolako haur «asko» eskubaloira apuntatu direla azaldu dute eskubaloiko klubekoek, eta jakinarazi dute hori dela garrantzitsuena, «hor ikusten dugu herrian dagoela eskubaloiarekiko konpromezu bat. Guztira, 40 bat ume apuntatu dira. Eta izena emateko aukera itxi egin behar izan dugu, egoerak hala eskatzen duelako». 

«Aurrera begira, etorkizun 'normala' ikusten dugu»

Eizmendik dio, espero dutela egoerak oraindik ere hobera egitea, eta «egoera lasaituta, normaltasun berrian, eskubaloiarekin jarraitzea». Eta Iriondok ere argi du, egoera normalizatu behar dela etorkizun batez hitz egiteko: «normalizatzen bada, sustrai ederrak dauzkagu, eta base bat daukagu aurrera jarraitzeko. Gainera, orain ari direnek, gustuko dute eskubaloia, eta horrek badu indarra». 

Mundarron ere, hilabete «gorabeheratsuak»

Astigarragako eskubaloian ere,  kalteak ekarri ditu pandemiak. Izan ere, gainontzeko kirolen antzera, entrenamenduak etenda egon dira, eta ez da lehiaketarik egin. Jabi Loiartek, Astigarragako eskubaloiko entrenatzaileak dio, oso gorabeheratsua izan dela dena: «ohituta zaude martxa bat eramaten, eta bat-batean dena gelditzen da. Esaten dizute, hemendik bi astera hasiko zarete entrenatzen, hasi  eta berriro dena gelditu... Nahiko zaila da egia esan. Ezin duzu denboraldi bat planifikatu, azkenean biharko zerbait pentsatzen duzu, baina egoera honetan, baliteke ezin egitea pentsatu duzun hori. Horrez gain, iruditzen zait, gauzak erakusteko zailagoa dela, eta askotan, gazteen gogoak eta motibazioak manten daitezen saiatzen naiz, horrek balio baitu gehien».

Mundarrok, eskubaloian bi talde ditu, infantilak. Bi talde hauek neskek osatzen dituzte, eta Loiartek dio Astigarragako eskubaloi sekzioa duela gutxi sortu zela, duela hiru urte edo. «Lehen zegoen talde bat, neskena horie ere; igo zen kadeteetatik jubeniletara, eta gero seniorrera. Baina senior talde hori osatzeko ez geneukan taldekide nahikoa; beraz, banatu egin dira, batzuk Oreretara joan dira, beste batzuk Irunera... Azkenean gelditu ginen sei jokalarirekin, eta ez zenez nahikoa, taldea ezin genuen osatu». 

Aurrera begira, senior talde bat sortzea, Mundarrok eduki dezakeen helburuetako bat izan daiteke; izan ere, Loiartek dio: «Astigarragan oso zaila da, azkenean, eskubaloia hemen, duela bost urte sortu genuen, eta orain ez daukagu nahikoa senior talde bat sortzeko. Helburua da dauzkagun bi infantil taldeak aurrera eramatea, hauek prestatzea, senior mailara heldu arte. Beharbada hemendik sei urtera, senior talde bat sortu daiteke. Baina harrobitik hasi behar dugu, jendea mantentzeko bertan». 

Pandemia hasi aurretik, Astigarragako eskubaloi taldeko jubenilak, bigarren mailan, sailkatu ziren Gipuzkoako sei talde onenetan, eta Loiartek dio: «sailkapen horretan, egin genuen txapelketa bat, igotzeko Euskal Ligara, ez genuen lortu baina oso ondo bukatu genuen. Hemen Gipuzkoa mailan jokatzen zen, Urnieta, Hernani...».

Pasa den asteartean hasi ziren infantilak entrenatzen, eta oraindik ez dute lehiatu: «talde hauen ilusioa zen urte honetan hastea; azkenean 2020garren urtea galdu dute, eta gogoz zeuden, lehiatzen hasteko», dio Loiartek. 

Itxaropen ilunak, 2021erako

Datorren urterako, Loiartek ez dauka itxaropen haundirik: «ez dakit noiz sartuko garen normaltasun batera, askok esaten dute datorren urtean ezagutuko dugula hori, beste batzuk diote udazkenean hasiko dela... Baina iruditzen zait gaztetxoek behar dutela. Denboraldiak, irailean hasten dira, eta iruditzen zait, iraila laster etorriko dela eta oraindik horrela jarraitzeko aukera dagoela, lehiatu gabe». 
Gazteak, Loiartek esan bezala, gogoz daude entrenatzeko, lehiaketetara itzultzeko, kirola egiteko eta taldean egoteko: «azkenean, partiduak jokatu nahi dituzte, ulertzen dute ezin dutela, baina beraientzako nahiko tristea da. Bi talde infantil dauzkagu, bat lehen urtekoa eta bestea bigarren urtekoa. Azken hauei, partiduak irabaztea egokitzen zitzaien; esan nahi dut, infantilen lehen urtean, gehienetan partiduak galtzen dira, azkenean jokatzen duzun lehen urtea delako, baina bigarrenean, infantiletan zaharrena zara, eta aurreko urtean irabaztea tokatzen zitzaien. Eta gelditu dira, hau gabe». 

Taldearen sentsibilitateari buruz ere jardun du Loiartek: «pandemia honekin, ikusi da, sentsibilitate desberdinak daudela; esan nahi dut, taldekide bakoitzaren etxean, eta inguruan. Orduan, batzuek lasaiago edo normaltasun gehiagorekin eramaten dute, entrenamenduak lasai egiten dituzte. Beste batzuek, neurri gehiago hartzen dituzte; beraz, babestu egiten dira. Sentsibilitate ezberdinak daude, eta horiek errespetatu egin behar dira».

Azken urteetan eskubaloiak «prestigioa hartu du»

Azken urteetan, gorakada nabarmena izan du eskubaloiak, badirudi jendeak hau gertutik jarraitzeko ohitura hartu duela, eta Loiartek dio oso pozgarria dela: «gustatzen zaigun kirol batek, prestigioa hartzea oso garrantzitsua da. Nik jokatzen nuenean, nire garaian, Hernanin zeuden bi klub; eta pentsa, garai hartako nesken taldea, ohorezko mailan zegoen, oso onak ziren. Europako txapelketan jokatzen zuten, eta Hernanin bezala, herri guztietan jokatzen zen eskubaloian. Beherakada izan zuen eskubaloiak, baina orain, badirudi, garrantzia hartzen ari dela». 

Hemendik aurrerakoak, Mundarron 

Urte berriarekin, proiektu eta helburu berriak etortzen dira, eta Loiartek dio, Mundarroren asmoa dela taldean zentratzea: «azkenean, garrantzia emango diogu teknika indibidualak lantzeari. Aukera daukagu entrenamenduak egiteko; beraz, baloiarekin trebetasunak hartzen joango gara... gure helburua hori da, lantzea teknika indibiduala, datorren urteari begira. Gero ilusioak ere landuko ditugu, noski, gazteak motibatzen saiatuko gara; azken batean hori da inportanteena», nabarmendu du Loiartek. 

 

UNAI EIZMENDI
HERNANIKO ESKUBALOI TALDEKO ZUZENDARIA 

«Eskubaloian, inklusibitatearen filosofia lantzen jarraitzen dugu»

«Esperantza daukat, eskubaloiak aurrera jarraitu dezakeela, lanean jarraitu behar dugu horretarako noski, baina oraingoz ez goaz bide okerretik. Diru sarrerak lortzeko ekintzak berreskuratu beharko ditugu, baina tira, bide horretatik jarraitu beharra daukagu. Azpimarratu nahiko nuke, inklusibitatetik jokatzen dugula eskubaloian, azkenean filosofia hori daukagu, eta partaidetzari garrantzia haundia ematen diogu. Senior mailari dagokionez, gehiago exijitzen dugu, baina gainontzeko taldeetan, parte hartzea sustatzen dugu, denek hartuko dute parte, minutuak neurtzen ditugulako. Eta hori oso garrantzitsua da, lehiakortasuna ez da lantzen, jubenil mailara arte». 

 

RAMON IRIONDO
HERNANIKO ESKUBALOI ENTRENATZAILEA

«Ikusi dugu eskubaloiarekiko maitasuna eta konpromezua badagoela herrian»

«Honelako egoera batean, konturatzen zara zein dagoen eta zein ez, azkenean gu konturatu gara jendeak eskubaloian jokatzeko gogoa duela, eta gogo horiek ez dituela pandemia batek itzaliko. Egoera honek desanimatu zaitzake, baina ikusi dugu eskubaloiaren kasuan, ez dela horrela izan. Egoera normalizatzen bada, sustrai ederrak dauzkagu, eta base bat daukagu aurrera jarraitzeko. Gainera, orain ari direnak, esan bezala, gustuko dute eskubaloia, eta hau praktikatzea, eta horrek badu bere indarra». 

 

JABI LOIARTE
MUNDARROKO ESKUBALOI ENTRENATZAILEA

«Aurtengo erronka, gazteen gogoak mantentzea izango da»

«Egoera honetan, animoak mantentzea ez da lan erraza, eta gu horretan gabiltza buru belarri. Gazteak animatzen saiatuko gara, eta aurrera begira, gure asmoa da teknika indibidualak lantzea. Horrez gain, espero dut, maiatza aldera, lehiaketaren bat jokatzen uztea; azken batean, gazteak lehiatzeko irrikitan daude, eta uste dut, beharrezkoa dela. Ez dut esan nahi irabazi egin behar denik, ezta gutxiago ere, baina lehiatzeko gogoz daude; beraz, esperantza daukat, maiatzean txapelketa txikiren batean jokatzeko, eta gazteek benetan disfrutatzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!