2020 urtea zaila izan bada ere, ostalariek argi dute eguneroko borrokan eta lankidetzan dagoela giltza

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 27a, 00:00
Errioguardan, pasa den urtean hasi dira etxerako zerbitzua eskaintzen, bizitzako pandemiak hala behartuta.

Pandemiak egunerokotasuna aldatu badu ere, hainbat sektore egokitu egin dira, besteak beste, ostalaritza. Etxera eramateko zerbitzua eskaintzen die, Urumea bailarako herritarrei.

Urte bat beteko da laster, pandemia herritarren bizitzetan sartu zenetik. Horrek egunerokotasuna erabat aldatzea ekarri du, irribarre gutxi ikusten dira kaleetan, maskarek  ahoak estaltzen dituztelako, eta bizitza soziala mugatu dute, aglomerazioak eta kutsatzeak saihesteko. 

Hala ere, egoera erraza ez izan arren, gizartea egoerara moldatu da, komertzioak ere normaltasun berrira egokitu dira, eta ostalariek hauen ohiturak aldatu dituzte. Izan ere, mahaietan bazkaltzeko, gehienez lau pertsonako aforoa dago ezarrita, eta  horrez gain, maskarilaren erabilera derrigorrezkoa da,  jaten eta edaten egon ezean. Mahaien arteko distantziak ere nahitaezkoak dira, besteak beste. Ordutegietan ere hainbat aldaketa ekarri ditu egoera honek; izan ere, afariak eskaintzeko aukera kendu zaie taberna zein jatetxeei, gaueko 20:00etarako, itxita egon behar baitira.

Hori horrela, Urumea bailarako ostalariak egoerara moldatu dira. Nola? Etxera eramateko zerbitzua eskainiz, eta haietako batzuk dira: Errioguarda, Euskal Pizza, Tripontzi, Aralar eta  Akelenea.

 

Errioguardan, pasa den urtean hasi dira etxerako zerbitzua eskaintzen, bizitzako pandemiak hala behartuta.
 

Etxera eramateko zerbitzuak «arrakasta», Errioguardan

Pandemiarekin, etxera eramateko zerbitzua asko garatu da. Izan ere, lehen, zerbitzu hau eskaintzen ez zutenek, orain tabernan edo jatetxean bertan bazkariak emateaz gain, etxera eramateko zerbitzua ere jarri dute abian, eta askok diote «arrakastatsua» izan dela.

Errioguardaren kasuan, itxialdiarekin batera etorri zen etxera eramateko ideia: «hor hasi ginen menuak egiten. Azkenean, etxean zaudela, buruari bueltak eta bueltak ematen dizkiozu, eta hortik atera zen ideia. Ekainean lanean hasi ginenean, pentsatu genuen osagarri eder bat izan zitekeela etxera eramateko jakiak eta, oro har, zerbitzua eskaintzea. Azaroa aldera ostalaritza itxi zuten, eta zerbitzu horrekin jarraitzea erabaki genuen, egin genuen publizitatea, kartelak jarri genituen kalean... Jendeak ondo hartu zuen, eta jatetxea berriro ireki arte horrekin iraun genuen. Gorabeherak izan genituen, noski, guztien antzera, baina ideia horrek asko lagundu digu».

Errioguardak ohiturak aldatu ditu, beste hainbat jatetxe, taberna eta komertzioen antzera. Hala ere, Errioguardak ez du eramaten: «guk ez dugu etxera eramaten, bezeroak etortzen dira bila; baten bati bai eraman diogula etxera, baina beharrezkoa zelako».

Orain Errioguarda irekita dago, bertan bazkaltzeko aukera dago, eta horrez gain, etxerako zerbitzuak martxan jarraitzen du. Gainera, Errioguardak dio hasieran arrakasta gehiago eduki zuela orain baino: «azkenean zerbait berria eskaintzen duzunean, ohikoa da hori gertatzea». Eguerdiko 12:00etatik 15:00etara dago irekita,  eta azaldu dute, ohitura hauekin jarraitzeko asmotan daudela gainera: «egoerak hobera egiten badu, etxerako zerbitzuarekin jarraitzea ere pentsatu dugu».

 

Tripontzi Jatetxeak, hasieratik eskaintzen du etxera eramateko zerbitzua, «guretzat ez da berrikuntza bat».
 

Etxera eramateko zerbitzua «betidanik», Tripontzik

Tripontzik pandemia baino lehenago ere eskaintzen zuen etxera eramateko zerbitzua :«guk zerbitzu hau betidanik eskaini dugu».  Eta dio beti funtzionatu duela. Beraz, Tripontzik ez du aldaketa zehatzik egin, lehen eskaintzen zuten zerbitzu bera eskaintzen baitute. Hala ere, mota askotako jakiak eskatu daitezke etxerako; hala nola, plater konbinatuak, ogitartekoak, hanburgesak...

Tripontzik ez du jakiak eskatzeko ordu zehatzik ezarri,;«askok deitzen dute otorduetatik kanpo, eta guk eskatutakoa prestatzen dugu; noski 20:00etarako taberna itxita dago, neurriek hala behartu gaituztelako».

Zerbitzu honek, luzaroan jarraituko du Tripontzin; izan ere, aipatu moduan Tripontzi ireki zenetik eskaintzen hasi ziren, eta horrela jarraituko dute.

Tripontziren ustez, jendeak asko eskatzen du etxera eramateko, arraina: «guri eskatu digute rodabailoa, rapea... Guk gustura egiten ditugu noski, azkenean esan daiteke, gure jatetxea bezeroen etxeetara heltzen dela, eta hori pozgarria da, egoera erraza ez izan arren».

Tripontzik argi du, egungo egoera konplikatua dela: «azkenean jende gutxi dago, eta ostalari asko. Gainera, esan beharra dut, ardurak hiru multzotan sailkatzen direla. Gizartearen ardura da bat, ostalarien ardura beste bat, eta Udala eta agintarien ardura bestea. Orduan, esan nahiko nuke, bakoitzak bere aldetik jarri behar duela, denon artean lagunduz. Azkenean, egoera tamalgarria, mantsoa eta zaila da, baina apurka-apurka, aterako gara». 

 

Aralar Tabernak, aspalditik dauka etxerako zerbitzua, halal ere, egoera honetan, «beharrezkoa» dela azaldu du.

 

Ordutegiak egokituta, etxera eramateko zerbitzua Aralarrek

Aralarrek ere, pandemia hasi aurretik, etxera eramateko zerbitzua eskaintzen zuen, ostiral eta asteburuetan. Orain, bizi dugun osasun alarmara egokituta, zertxobait aldatu dute etxera eramateko zerbitzua; izan ere,

orain astean zehar ere eskaintzen dute: «ostiral eta asteburuetan, aspalditik eskaini izan dugu etxera eramateko zerbitzua. Orain aldaketak daude ordutegian, baina egoerak hala behartu digulako. Horrez gain, esan bezala, astean zehar ere eskaintzen dugu, beti orduak errespetatuz, azkenean 20:00etarako itxi egin behar baitugu, eta jendeak 20:00ak baino lehenago etorri behar du eskatutakoaren bila».

Asteburuetan, berriz, bezeroek, eskatzeko tarte gehiago dagoela ere adierazi du Aralar tabernak: «gaueko 21:00tarako itxi behar dugu; beraz, afaria eskatzeko aukera 20:30ak arte dago. Jaki ugari eskaintzen ditugu, bai hemen tabernan bertan bazkaltzeko zein etxera eramateko, hala nola, plater konbinatuak, ogitartekoak, hanburgesak, etxeko kroketak...».

 


Euskal Pizzako langileak, buru-belarri ari dira lanean azken hilabeteetan, herritarren eskariak prestatzen.

Etxerako zerbitzua, «ordu gutxiagotan» Euskal Pizzak

Euskal Pizzak, betidanik eskaini du etxera eramateko zerbitzua, hala ere, jakinarazi dute, urte oso zaila dela: «azkenean ari gara lan berdina egiten, baina lehen baino bi ordu gutxiago edukiz. Esan nahi dut, eskaerak ditugu, baina ordu gutxiago daukagu hauek lantzeko eta prestatzeko, baina tira, moldatu egin behar».

Pizzez gain, mota askotako jakiak eskaintzen ditu Euskal Pizzak, hala nola, entsaladak, hanburgesak... Euskal Pizzak ordutegia ere moldatu egin du, gaueko 21:00ak arte dago aukera eskatutakoa bertan jasotzeko, edo Euskal Pizzak eginez gero banaketa, 22:00etarako amaitu behar dute. «Oso denbora gutxi daukagu, eta izugarrizko lana egiten ari dira langileak; horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet, haien esfortzu eta gogoengatik, ez baita erraza honelako egoera batean lana egitea».

Egun guztiak antzerakoak direla dio Euskal Pizzak, «guri hori gertatu zaigu, azkenean ez dakizu astean zehar den, asteburuan den... egoera honek hori ekarri du, ez dakizula zein egunetan bizi zaren, oso arraroa da».

Amaitzeko, Euskal Pizzak azaldu du, ezin dutela lehen egiten zituzten eskaera guztietara iritsi: «ordu gutxiago dauzkagu, eta gelditu gabe ari gara lanean, baina hala ere, ez gara lehen egiten genituen eskarietara heltzen. Horregatik, bezero eta herritarrek hau ulertzea eskertuko nuke». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!