Gidabaimenaren azterketa teorikoa euskeraz gainditu dutenen artean zozketa egin zuten

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 24a, 00:00
Mikel Artola, Oxkar Santamaria eta Jon Lizaso, asteleheneko prentsaurrekoan.

Gidabaimenaren azterketa teorikoa euskeraz gainditu duten herritarren artean 400 euroko sariak zozketatu zituzten astelehenean, Buruntzaldeako sei udalek. Astigarragan Olaia Lizeaga izan da saritua eta Hernanin, berriz, hiru herritarrek eraman dute saria: Olatz Ollok, Uxue Mariñelarenak eta Nahia Cisnerosek.   

Gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz ikasi eta azterketa euskeraz egitea bultzatzeko helburuarekin, Buruntzaldeako sei udalek (Astigarragak, Hernanik, Andoainek, Urnietak, Lasarte-Oriak eta Usurbilek) egitasmo bat sortu zuten eskualdeko hainbat autoeskolekin lankidetzan. Proiektu horren xedea da euskeraren erabilera eremu guztietan sustatzea. Hori horrela, «pizgarri moduan», azterketa hori gainditzen duten Buruntzaldeako herritarren artean 400 euroko sariak zozketatu dituzte, aurrez aipatutako herri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua aintzat hartuta.

 

400 euroko saria, bailarako 4 herritarrek

Herenegun egin zuten zozketa Urnietako Lekaio kultur etxean. Denera 9 sari zozketatu ziren, izan ere, Buruntzaldeako 9 autoeskolek hartzen dute parte. Urumea bailarari dagokionez, egindako zozketan Astigarragako eta Hernaniko hainbat ikasle izan ziren zortedunak: Astigarragan Olaia Lizeaga Otaño eta Hernanin, aldiz, Olatz Ollo Urnieta, Uxue Mariñelarena Urbieta eta Nahia Cisneros Gómez.

Asteleheneko prentsaurrekoan izan ziren, besteak beste, Mikel Artola eta Oxkar Santamaria, Urnietako eta Usurbilgo euskera zinegotziak. Adierazi zutenez, 11 urte pasa dira proiektua martxan jarri zenetik, eta urte horietan guztietan 1.114 pertsonak lortu dute gidabaimena euskeraz ateratzea. Gauzak horrela, gustura agertu ziren ekimena egiten ari den bidearekin. Hala ere, helarazi zuten, 2019ko datuekin alderatuta, 2020an 37 pertsona gutxiagok atera zutela gidabaimena euskeraz.

Dena den, aurrerapausoak emateko eta euskeraren erabilera sustatzen jarraituko dutela ohartarazi zuten, eta argi utzi zuten Buruntzaldeako herritarrak, gidabaimena ateratzerako orduan ere, euskeraren aldeko hautua egitera bideratzeko lanean jarraituko dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!