ELAk grebara deitu du EAEko eskola-garraioan eta jantokietan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 00:00

ELAk salatu du 17.000 mahaikidek jantoki-eskubidea galdu dutela.

ELA sindikatuak grebara deitu du gaur eta bihar, eta Hernaniko eta Astigarragako eskolek ez dute bat egin.

ELA sindikatuak bi greba egun deitu ditu, EAEko eskola-garraioan eta jantokian. Gaur eta bihar egingo dituzte, euren aldarrikapenei Hezkuntza Sailak eta sektoreko patronalek emandako «erantzunik eza» salatzeko. Hala ere, Hernaniko eta Astigarragako eskolek adierazi dutenez, ez dute grebarik egingo eta, beraz, zerbitzu horiek ohi moduan egingo dituzte. 

Bailarako ikastetxe batek jakitera eman duenez, «sindikatu askok edo gehienek konbokatzen dutenean» egiten dute greba. Kasu honetan, aldiz, soilik ELAk egin du deialdia eta, ondorioz, ez dute bat egin.  

ELAk salatu duena da Hezkuntza Sailak ikasturtea hasi zenetik «inposizio eta alde bakarreko jarrera» izan duela ikastetxeei eta bertako langileei  (bertakoak edo azpikontratatuak) eragiten dieten erabakietan. 

Bestalde, sindikatuaren arabera, Hezkuntzak hartu dituen erabakiak direla eta, 17.000 mahaikidek jantoki-eskubidea galdu dute, aldi baterako 1.000 lanpostu suntsitu dira, eta, gainera, aldizkako beste 1.000 lanpostu finko inguru ezegonkortasun-egoera batera igaro dira. 
Horrekin batera, hauxe salatu dute: «protokolo eta neurri zehatzik ez izateak zuzenean eragiten die zerbitzuen segurtasunari eta kalitateari, bai eta langileen zein erabiltzaileen osasunerako eskubideari ere; izan ere, eskola-ordutegirako hartutako erabakiek ez dute eraginik jantokiko edo autobuseko ordutegietan». 

Arrazoi horiengatik deitu dituzte, hain justu, beste bi greba egun. Pasa den urteko irailaren 15ean ekin zieten mobilizazioei eta gaurko eta biharko aldarrikapenek jarraipena emango diete irailekoei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!