Aimar Olaizolak eta Iker Salaberriak beste bi garaipen lortu dituzte

Binakako Txapelketa Nagusian beharrezko garaipena lortu zuten Olaizola eta Rezustak.

Esku pelota pixkana normaltasun bidean da eta asteburuan hainbat partidu jokatu dituzte bailarako pelotariek. Mailarik gorenean, profesionaletan, Aimar Olaizola eta Iker Salaberriak beste bi garaipen lortu zituzten larunbatean, Bilboko frontoian. Olaizola eta Rezustak garaipena behar zuten, Bengoetxea eta Arangurenen aurka, aurreneko bi bikote sailkatuek ihes ez egiteko.
Goizuetarrak eta bergararrak 22-16 irabazi zuten eta playoffetara sailkatzeko pauso haundia eman dute. Aurten lehenengo bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta hirugarren eta seigarren postu artean sailkatuek playoffa jokatuko dute. 
Promozioan ere hori horrela izanik, Salaberria eta Etxebarria finalerdietatik oso gertu daude, zortzigarren partidua errenkadan irabazi eta gero. Ez dute porrota ezagutzen eta larunbatean 22-12 garaitu zituzten Etxeberria eta Ruiz. 

Hernaniko pelotariek, sei garaipen eta zortzi porrot
Afizionatu mailan C.D. Hernaniko pelotariek sei garaipen eta zortzi porrot batu dituzte. Gipuzkoako Txapelketan, eskuz binakako modalitatean, partidu bakarra jokatu zen, baina garrantzi haundia zuen. Ohorezko Mailako senior mailan, Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak 22 eta 12 galdu zuten Azketa-Elizegi (Tartaloetxe) bikotearen aurka, eta Zegamako bikotearen aurkako porrot honekin, Hernaniko taldea finalerdiak jokatzeko aukerarik gabe geratu da jardunaldi baten faltan, hain justu.
Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan, Unax Manterola eta Auritz Txintxurreta kadeteen eta Iñigo Labaka seniorraren garaipenak nabarmendu behar dira, hiru pilotariak partidarik galdu gabe jarraitzen dute txapelketan. Beste aldetik, ordea, Unax Arabaolaza kadeteak, Anartz Oiartzabal, Unai Etxarri eta Mattin Arluziaga gazteek eta Xabier Salabarria eta Josu Altuna seniorrek lortutako porrotak, aipatu behar dira.
Sei pilotari hauek azken fasera sailkatzeko aukerarik gabe gelditu dira.