Euspot iragarki lehiaketa aurkeztu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 00:00

'Nekazaritzatik bizi nahi dugu' da aurtengo gaia eta guztira 2.800 euro banatuko dira sei saritan banatuak. 

Euspot euskarazko iragarkien lehiaketaren hamargarren edizioa aurkeztu berri da, eta aurten landu beharreko gaia Nekazaritzatik bizi nahi dugu! izango da. Iragarkiak gazteak animatu beharko ditu nekazaritzatik bizitzera, hau da, gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar da lanaren helburua. Guztira 2.800 euro banatuko dira sei saritan.


 Sari nagusiak lau izango dira: iragarkirik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro) eta gazteen saria (14-18 urte, 250 euro). Bi sari gehigarri ere banatuko dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen lanik onena (250 euro).


Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurtengo berrikuntza izango da formatu librean izango dela, hau da, iragarkia edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean edo bertikalean.

Maiatzaren 12ra arte dago aukera iragarkia aurkezteko
Parte hartzaileek maiatzaren 12ra bitartean izango dute aukera euren iragarkiak egin eta aurkezteko, eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 27an egingo da.
Gainera, aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko sareko formakuntza eskainiko du iragarki egileen harrobia indartzeko asmoz.

Julen Urtxegik emango du prestakuntza, Euspot «ondo errotutako» lehiaketa dela nabarmendu dute antolatzaileek. Horrela, orain arteko edizio guztietan 400 iragarki inguru jaso dira. Iazko lehiaketa oso berezia izan zen, konfinamendu eta alarma egoera bete-betean egin zelako. Halere, «egoera oso berezia izan arren, lan kopuru haundia jaso zen», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!