Mimukai zentroa ekimena abian jarriko dute Leitzaldeako garapen ekonomikoa bultzatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 00:00

Sektore ekonomiko guztientzako topagunea izateko jaio da eta honen berri emateko, eragile eta herritarrekin bilerak egingo dituzte.

Leitzan kokatuko den baina Leitzaldea-Larraun eskualde osoko sektore ekonomiko guztientzako topagunea izateko helburuarekin abiatuko da Mimukai zentroa. Beraz, Goizueta eta Aranon ere martxan jarriko da ekimena ekonomia bultzatzeko. 


Bertan obradore publikoa, energiaren inguruko informazio gunea, garapen agenteen bulegoak, formakuntza eta bileretarako gelak, coworking gunea eta abar izanen dute.


«Azpiegitura horrek ekosistema berritzaileak sustatzeko eta eskualdeko sektoreetarako eta sektorearteko garapena bultzatzeko palanka izan nahi du eta, zentzu horretan, besteak beste helburu zehatz hauek ditu: eskualdeko elikagaien transformazioa eta komertzializazioa erraztea; lehen sektorean enpresak, enplegua eta ekintzailetasuna sustatzea; sektorearteko topaketak eta sinergiak sortzea; eskualdeko enpresentzako eta langabe eta ekintzaileentzako zerbitzuak eta prestakuntza eskaintzea; eta energia berriztagarrien inguruko aholkularitza eskaintzea», azaldu du Leitzako Udalak.


Leitzako Udalarekin batera Cederna-Garalur elkarteak eta Arano, Goizueta, Areso, Lekunberri, Araitz, Larraun, Betelu, Basaburua, Imotz eta Atezko udalek hartu dute parte ekimenean.


«Mimukai zentroaren helburu eta ildo nagusiak zehaztuta daude baina eskualdeko ekonomia-sektore guztietako interesdunen eta herritarren beharrak jasoz modu kolaboratiboan diseinatu nahi dute espazioa sustatzaileek. Horrela, datozen asteetarako parte-hartze saio batzuk antolatu dira proiektua gizarteratzeko eta etorkizuneko erabiltzaile izan daitezkeenen beharrak jasotzeko, eskualdeko eragileen ekarpenekin espazio eta zerbitzu eskaintza ahalik eta erabilgarrienak diseinatu daitezen», iragarri dute. Lehen saioa Leitzan egingo da ostegunean, ondoren Arano eta Goizuetan ere egitea aurreikusita dago.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!