Bilbon ariko dira gaur Olaizola eta Salaberria

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00

17:15etan jokatuko dute, binakakoaren bigarren itzulia hasteko. Afizionatu mailan, 10 partidu asteburuan Hernanin.

Jaialdi berean ariko dira asteburu honetan, Aimar Olaizola eta Iker Salaberria goizuetarrak, Binakako Txapelketaren bigarren itzulia hasteko. Bilbon jokatuko dute, gaur arratsaldeko 17:15etan hasita. Olaizola ariko da aurrena, Rezustarekin, Bengoetxea VI eta Arangurenen kontra. Eta ondoren jokatuko du Salaberriak, Oier Etxebarriarekin, Egiguren V eta Ruizen kontra. Jaialdia zuze­nean emango du ETB1ek.

 

Gipuzkoako eta Nafarroako Txapelketetan, partidu ugari asteburuan

Afizionatuetan, berriz, partidu ugari izango dituzte bailarako esku pelotariek, asteburuan. Eta Hernaniko frontoian jokatuko dituzte 10 partidu. Gaur goizean, 10:00etan hasita, lau t'erdian jokatuko dute Auritz Txintxurreta eta Unax Manterola kadeteek, eta Xabier Salaberria seniorrak; eta binakakoa izango dute Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak. Tartaloetxeko Azketa eta Elizegi izango dituzte aurrez aurre Ojuelek eta Lizeagak, Ohorezko Mailan, eta derrigor irabazi behar dute, semifinaletara sailkatzeko aukera izaten jarraitzeko. Gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, lau t'erdiko beste hiru partidu jokatuko dira: Xuban Iturbe kadetea, Anartz Oiartzabal jubenila, eta Iñigo Labaka eta Josu Altuna seniorrak ariko dira. Eta bihar goizean, azkenik, Unai Etxarri eta Unax Uitzi jubenilek izango dute partidu bana Hernanin, 10:00etan hasita. Aldiz, beste herri batzuetan jokatuko dute hiru esku pelotari hernaniarrek, gaur: Tolosan ariko da Peru Urdanpilleta, Amezketan Unax Arabaolaza, eta Zestoan Mattin Arluziaga.

Astigartarrek, berriz, kanpo­an izango dituzte partidu gehienak, lau t'erdiko Gipuzkoakoan: Errenterian ariko da Hodei Exposito, eta Alegian Harri Loidi, Xuban Goñi eta Jokin Santxez. Baina etxean ariko dira Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiak.

Goizuetarrek atzo izan zituzten lau partidu herrian, eta beste bost jokatuko dituzte gaur kanpoan: buruz buru, Beran ariko da Egoitz Elizegi kadetea, Barañainen Narbarte benjamina eta Alize Sagardui alebina, eta Zubirin Jon Larin benjamina; eta Iruñeako Labriten jokatuko dute Ainhoa Zabaletak eta Maria Eskuderok, emakumezkoen binakako txapelketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!