Tradizioari eutsita, baina hainbat berrikuntzekin eman diote irekiera sagardotegi denboraldiari

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00
Sagardo berria botila eta pitxer gardenetan zerbitzatuko da aurten.

Itxialdi luze baten ondoren, egungo segurtasun neurriak bermatuta, ateak ireki dituzte Urumea bailarako sagardotegiek. «Pozez eta ilusio haundiarekin» egin dute irekiera, ezjakintasuna nagusi bada ere, herritarrek «erantzun positiboa» izan dutelako.

Pasa den urteko martxoan, pandemiak bete-betean gelditu zuen gizartearen noranzkoa. Izurriak herritarren planak aldatu zituen,  eta bertan behera gelditu ziren aurreikusita zeuden txangoak, bidaiak eta gainerako egitekoak. Tabernek eta jatetxeek halabeharrez itxi behar izan zituzten ateak eta makina bat komertziok ere pertsiana jaitsi zuten. Halaber, sagardotegien martxa bertan behera gelditu zen, sagardogileek negozioa gelditu behar izan zutelako, pandemiaren eraginez. Hori horrela, 2020ko sagardotegi denboraldiak huts egin zuen. Izaro Andres abeslariaren eskutik hasi zen txotx denboraldia, baina inork espero ez zuenean, guztia zapuztu zen, bat-batean. Martxoaren 14ko astebururako hitzartuta zeuden bazkari eta afari guztiak ez ziren egin, eta zetozen hilabeteetarako aurreikusita zeuden gainerako guztiak ez ziren agendako apunte hutsetik harago joan.

Kolpe latza izan zen hura guztientzat, baina urtebete pasatxo igaro da nahitaezko konfinamendua iragarri zutenetik,  eta gauza asko aldatu dira ordutik. Zorionez, gizartea ohiko normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka eta, horrekin batera, neurriak ere malguagoak dira herritarrentzat. Hain justu ere, datuek hobera egin dutelako, duela astebete inguru iragarri zuten ostalaritzaren behin betiko irekiera eta, beraz, sagardotegiak zabalik daude jadanik. Azken hori berri paregabea izan da Urumea bailarako sagardotegientzat, «gogo haundia» baitzuten lanean jarraitzeko.

Dena den, aurtengoa ez da orain arte ikusi den txotx denboraldia izango; baina «berezia» izango da, ziur. Urtero, hilabete hauetan, Hernaniko eta Astigarragako kaleetan jendetza ikusten da, sagardotegira joan aurretik eta ondoren, giro paregabean. Ehunka autobus heltzen dira bailarara Euskal Herri osotik, eta baita munduko beste hainbat txokotatik ere. Gainera, sagardotegietan oso bereizgarria izaten da jendea mahai inguruan, zutik, jaten ikustea edota kupela ondoan sagardoa edaten egotea. Aurten, ordea, ez da horrelakorik errepikatuko. Sagardotegian ez da entzungo «txotx!» eta ez dira ikusiko ilara luzeak, sagardo berria dastatzeko.

Hala ere, esan bezala, 2021eko txotx denboraldia «ona» izatea aurreikusi dute sagardogileek. Berrikuntzez beteta dator eta inoiz baino gogo haundiagoarekin heldu diote aurtengoari, bailarako sagardotegiek. Hain justu ere, itxialdi luze honen ondoren, ilusio eta emozio haundiarekin ireki dituzte ateak. Batzuek aitortu dute «beldur pixka bat» ere badutela, normala denez, oraindik ere inork ez dakielako aurrerantzean zer gertatuko den. Baina, oro har, itxaropentsu daude denak, bezeroen erantzuna «positiboa» izan delako. Kontatu dutenez, agenda ireki zutenetik sagardotegietako telefonoak ez du atsedenik izan, dei ugari jaso baitituzte bazkarietarako erreserbak egiteko. «Aldaketa nabaritu da, aurten lehen aldiz ireki genuenetik, orain bigarren honetan ireki dugunarekin. Lehenengo irekierako asteburu horretan, sagardotegia bete zen eta orain, aste batzuk beranduago, itxialdiaren ostean, zertxobait kostatzen ari da. Dena den, bide onetik goaz eta itxaropena dugu, jendea gogoz nabaritzen dugu eta», diote Oialume Zarrekoek.

Izaera haundiko sagardoa

Pasa den urtea sagar urte txikikoa izan zen kopuruz. Dena den, sagardogileek azaldu dutenez, eduki aldetik izaera haundiko emaitza izan dute sagardoan. «Uzta oso berezia eta ona dastatu ahal izango du kontsumitzaileak, konplexutasun haundiko sagardoa, bilakaera ahalmen haundikoa». Urumea  bailarako sagardotegi guztietan dago aukera aurtengo sagardo berria dastatzeko eta giroaz gozatzeko, beste modu batera bada ere.

Horren haritik, XX. mendearen hasieran, Hernaniko eta Astigarragako sagardotegietan kalitatezko sagardoa zegoela adierazi  nahi zenean, ohikoa izaten zen sagardogileek sagardotegi atarian lizar baten adarra zintzilikatzea, hauxe helarazten zuen kartel baten ondoan: sagardoa saltzen da, hainbestean…

Hain justu ere, garai horretan kalitatezko sagardoaz gozatzea zaila izaten zen, fruituaren kalitatea ez zelako guztiz ona eta, gainera, sagar barietateen aukeraketa kontu haundiarekin ez zelako egiten. Gaur egun, aldiz, azken horiek kezka haundia izaten dira sagarraren eta sagardoaren sektorean, eta arreta eta kontu haundiarekin lantzen dute prozesua. Emaitza, ondorioz, hobea izaten da. «Aurtengo sagardo berria ona eta izaera indartsukoa da, ziur jendeak gozatuko duela dastaketa egiten», kontatu dute.   

 

Txotxetik saltoa, pitxerrera eta botila gardenetera

Pandemiak galarazi egin du sagardotegietan betiko ohiturak mantentzen jarraitzea. Aurten, ez da txotxik egingo eta, beraz, alternatiba gisa, sagardoa botiletatik eta pitxerretatik zerbitzatu eta dastatuko da. Aukera horien barruan, bailarako sagardotegiek berea propioa hautatu dute, bakoitzak bere irizpidea jarraituta. Altzueta, Eula eta Itxas-Buru sagadotegietan, esaterako, pitxerra eta botilak egongo dira, biak, baina mahaira sagardogileak eramango du produktua; hau da, bezeroa ez da altxako kupelera, pitxerra betetzera. «Erabaki hau hartu dugu arriskutsua izan daitekeelako kupeletan jende pilaketak egotea, eta beldurra ematen digu horrek», azaldu dute sagardogileek.

Beste batzuetan, ordea, oraindik ez dute behin betiko erabakirik hartu, Gurutzetan kasu. «Duela egun gutxi ireki dugu sagardotegia eta, hasiera batean behintzat, erabaki dugu pitxerra guk eramatea mahaira. Hala ere, aforoa ere murritzagoa izango da eta, beraz, ikusiko dugu ea hori mantentzen dugun edo, aldiz, bezeroa bera altxatzen den sagardo bila». 

Horixe da, hain justu ere, sektoreak orain arte bizi duen eta bizitzen ari den egoera. «Egunero aldatzen dira datuak eta neurriak ere horren arabera moldatzen dituzte; beraz, gu ere horretara egokitzen ari gara eta nahasmena da», kontatu du Eulak. «Duela gutxi baimendu zuten ostalaritzaren irekiera eta guk ere azkar egin behar izan ditugu egiteko guztiak. Korrika egin ditugu azken ukituak, eskaerak eta prestakuntza lanak», zehaztu dute Altzuetakoek.

Oialume Zarrek duela aste batzuk ireki zuen sagardotegia, lehen aldiz. «Asteburu bakarra egin genuen, gero Astigarraga eremu gorrian sartu zelako eta itxi egin behar izan genuelako. Gerora, ostalaritza irekitzeko aukera eman zutenean, zertxobait itxarotea erabaki genuen, beldur ginelako; eta, orain, egunetik egunera ikusiko dugu ea zer datorkigun. Gure kasuan, erabaki dugu mahai bakoitzari giltza ematea, kupeletara banaka altxatzeko eta beraiek betetzeko pitxerra».

Itxas-Burun ere buru-belarri dabiltza lanean, irekiera ahalik eta hoberen egiteko. «Pitxerraren aukeraz gain, sagardo berria lau botilatan aurkeztuko dugu. Horretarako, pentsatu dugu mahai bakoitzean kubitera bat jartzea, bertan lau botilak sartzeko. Dena den, oraindik ez zaizkigu iritsi eta horien zain gaude».

Hori horrela, sagardotegi bakoitzak berea egingo du, norbeberak bere erara, eta horrek ere xarma emango dio denboraldiari. «Guk, esaterako, pitxer txikiak ere jarriko ditugu aukeran. Horrela, talde txiki bat, bezero bakarra edo bikote bat etortzen bada, aukeran izango dute pitxer txiki horretatik sagardoa dastatzea; izan ere, sagardo botila oso bat edo pitxer haundi bat emanez gero, sagardoak bere kasta galdu dezake», diote Gurutzetakoek. «Guretzat garrantzitsua da sagardoak txinparta izaten jarraitzea, nahiz eta txotxik ez dagoen. Alegia, kupeletik edalontzira zerbitzatzerakoan, sagardoa puskatu egiten da eta txinparta lortzen da, eta kasu honetan, txotxik egongo ez denez, sagardoa pitxerrera edo botilara zerbitzatzerakoan, ahaleginduko gara efektu bera lortzen». Beraz, emaitza borobila izate aldera eta «izaera ahalik eta hobekien mantentzeko», hainbat sagardotegik  teknika hori erabiliko dute: aukeran jarriko dituzte botila txikiagoak, litro erdikoak, edo pitxer txikiak.

Gainera, kupelei keinua egingo diete sagardogileek. Altzuetan, adibidez, hauxe zehaztu dute: «botila bakoitzak izena edukiko du, kupeletan moduan». Horrela, sagardotegira bertaratzen direnek aukera izango dute sagardo bakoitza bereizteko eta dastatzeko.

 

Bisita gidatuak, hamaiketakoa eta bestelako berrikuntzak

Egoera honetara egokitu dira sagardogileak eta ahalegin haundia egin dute sektorea aurrera eramateko. «Pasa den urteko martxoan zetozen hilabete guztietarako bazkariak eta afariak bertan behera gelditu ziren eta sekulako galera izan zen. Hori ez dugu berreskuratuko, baina behintzat saiatuko gara datorrenari indarrez heltzen», azaldu dute Eulakoek. Horretarako, hainbat sagardotegiek eskaintza zabaldu dute eta berrikuntzak eskainiko dizkiete bezeroei. Altzuetan eta Gurutzetan, adibidez, hamaiketakoak egingo dituzte. «Angeluxa deitu diogu, 10:30 eta 13:30 bitartean egingo dugun hamaiketakoari», diote Altzuetakoek. Larunbatetan eta igandetan egingo dute, eta aukera goxoa prestatu dute: tripakiak, salda, haragi egosia, txorixoa, hirugiharra, arrautzak eta mota guztietako tortillak.

Gurutzetan ere horixe egingo dute. Hamaiketakoa eta bisita gidatuak antolatu dituzte 15 euroan, berrikuntza gisa. «Ordu eta laurdeneko iraupena izango du ekintzak. Lehen ere egiten genuen horrelako zerbait bisitekin, baina orain indartu egin nahi izan dugu. Gure sagardotegiko historia eta sagardoa egiteko prozesua azalduko dugu. Gainera, instalazioak ikusteko aukera egongo da, eta txotxa ez dagoen arren, bezeroek kupela guztietako sagardo berria probatuko dute hamaiketako horretan». Bisita gidatua egin ostean pitxerrekin eta botila gardenekin aurkeztuko dute sagardoa, eta hamaiketakoa egingo dute, hainbat pintxorekin.

Horrez gain, bezeroekin harremana jarraitzeko asmotan eta sagardoarekin lotura izaten jarraitzeko bidean, Gurutzetakoek lehiaketa modukoa antolatu dute. «Sagardotegitik kanpo ere, sagardoari protagonismoa eman nahi diogu. Horretarako, sagardoa dastatutakoan bezeroek beren iritzia eman dezake, webgunean jarriko dugun txoko batean», zehaztu dute. «Modu horretan ere, lortu nahi duguna da saltsa mantentzea».  Ondoren, iritzi guztiak biltzean, zozketa egingo dute, «otorduren bat edo oparitzeko».

Horrekin batera, sagardotegiek karta zabaldu dute, «jende gehiago erakartze aldera». Itxas-Bu­run, adibidez, ohiko menuaz gain, txerri-kostilla eta xapoa gehitu dituzte. «Bakailua saltsan ere badugu, aurretik enkargua eginda». Gurutzetan ere aukera hori dute, bakailua saltsan eta xapoa kazuelan, hain justu. Halaber, Altzuetakoek kontatu dute eskaintzan berrikuntza gehiago sartzen saiatzen ari direla. «Sagardotegiko betiko produktuekin bestelako eskaintzak egin nahi ditugu». Bere aldetik, Oialume Zar sagardotegian ere bakailua saltsan badute aurten. «Bestelako berrikuntzak ere egin nahi ditugu, baina oraindik ziur ez dakigu zer egingo dugun».

Intxaurrak ez dira egongo sagardotegi guztietan

Aurtengo sagardotegi denboraldiko aldaketa nagusietako bat da postrean ez dela intxaurrik izango hainbat sagardotegietan. «Altzuetan pentsatu dugu hobe zela ez ateratzea, koronabirusaren kontu honekin guztiarekin mahaiko pertsona guztiak saski beretik intxaurrak hartzen aritzea zertxobait arriskatua dela iruditu zaigulako». Hala ere, alternatiba proposatu dute. «Intxaurrak dituen bestelako postreren bat egin nahi dugu eta horretan gabiltza, probak egiten. Gero, udan, intxaur-izozkia jarriko dugu aukeran, pasa den urtean bezalaxe».

Bailarako beste zenbait sagardotegitan, Larre Gainen kasu, bezero bakoitzak izango du intxaurrak zatitzeko kraskagailua. Hori horrela, mahai bakoitzean bat edo bi egon beharrean, bertaratzen den orok berea propioa izango du.  Horren harira, Altzuetakoek esan dute gastua haunditu egin dela denboraldi honetan. «Material dezente erosi behar izan dugu egoera honetara egokitzeko eta segurtasun neurri guztiak bermatzeko. Gainerako sagardotegi guztien antzera, botilak eta pitxarrak erosi behar izan ditugu eta hori ere gastua izan da».

 

«Bezeroen eta sagardogileen arteko harremana estuagoa eta sendoagoa izango da»

Duela aste batzuk aurreratu zuen Joxe Mari Alberro Sagardoetxeako zuzendariak, izurriak eragindako egoera ez ohiko honek zerbait positiboa behintzat ekarriko zuela sektore honetan. Alberroren ustean, sagardo berria mahaian dastatze horrek aukera emango die sagardogileei eta bezeroei beraien arteko harremana estutzeko. Eta horixe bera ziurtatu dute bailarako sagardotegiek.  «Pandemiak eragindako egoera honek guztiak ona den zerbait utzi badu, aurten bezeroen eta gure arteko harremana gertuagokoa izango dela da. Alegia, sagardo berria mahaira eramatean, horren gaineko azalpenak emango ditugu eta prozesua zer nolakoa den esango diogu. Modu horretan, elkarrizketa izateko aukera egongo da eta tratua  ere estuagoa izango da», kontatu du Ibon Alkortak, Altzuetatik.

Gurutzeta sagardotegiko Leire Goñi ere ados dago azken horrekin. «Badirudi azken urteetan ahaztu egin dela sagardotegi denboraldiko helburua dela sagardo berriak probatzea. Orduan, oraingo antolaketa honekin sagardoak galdu duen protagonismoa berreskuratzeko aukera egongo da; izan ere, sagardoak dastatuko dituzte bezeroek, eta sagardogileek azalduko diegu dastaketa egiterakoan non jarri behar duten arreta».

Beste batzuek, ordea, atzera begiratu eta txotxeko uneak gogoratu dituzte. «Sagardo berria mahaira eramatearen sistema honekin bai, herritarren eta sagardogileen arteko tratua egongo da; hala ere, txotxean sekulako xarma egoten zen eta hor ere aukera izaten genuen bezeroei azaltzeko sagardoa nola eginda zegoen, eta bestelako gaiez ere hitz egiteko», egin du gogoeta Eulako Aitor Iguaran.

 

«Segurtasun neurri guztiak beteko ditugu»

Bailarako sagardogileek ziurtatu dute beren sagardotegietan segurtasun neurri guztiak bermatuko direla: «gure negozioa da eta zaindu beharra dago». Horretarako, bakoitzak bere sistema ezarri du. Batzuek mahaietan metakilatoko separadoreak jarriko dituzte, koadrila haundiak bereizteko. «Zortzi pertsonako talde bat etorriz gero, mahai berean jarriko ditugu denak, baina tartean banaketa hori egingo dugu», azaldu dute Altzuetakoek. Larre Gainen horixe bera egin dute, adibidez. Hala ere, Ibon Alkortak azaldu duenez, «ezarritako neurriekin aforoa, gutxi gorabehera, erdira murriztu behar izan dugu».

Beste batzuek, berriz, ez dituzte separadoreak jarri, baina mahai kopurua txikitu dute. Eulakoek kontatu dutenez, «zenbait mahai haundi beste txiki batzuengatik ordezkatuko ditugu, mahai bakoitzean, gehienez, 4 pertsona egoteko. Mahaia haundiagoa bada, metro eta erdiko distantzia ziurtatuko dugu, platerak jarriko ditugun moduarekin». Itxas-Burukoek ere hautu bera egin dute: «bete beharreko bezeroen arteko distantzia bermatuko dugu sagardotegian eta, esan moduan, jende pilaketak saihesteko, guk eramango dugu sagardoa mahaira». 

Beraz, ez ohiko moduan bada ere, ondo pasatzeko eta sagardotegian gozatzeko aukera egongo da aurten. «Behar diren segurtasun neurri guztiak hartu ditugu, aldian-aldian aldatzen diren legeak beteko ditugu eta, horrekin, pentsatzen dugu, behintzat, nolabait, beste urteetan baino goxotasun haundiagoa eskaini ahal izango diegula bezeroei», azaldu dute Gurutzetakoek. Hori horrela, harrera paregabea egingo diete sagardogileek herritarrei, «irrikaz» baitaude ohiko martxari berriro ere heltzeko.

 

Gonbita herritarrei, sagardotegira joateko

Esanak esan, Urumea bailarako sagardogileek gogoz ekin diote aurtengo denboraldiari. Itxaropena sumatu da beraien testigantzetan, ezjakintasuna nagusi bada ere, harrera ona egingo diotelako datorren guztiari eta, horrekin batera, irekierako lehenengo egun hauetan jendeak erantzun «ona» izan duelako. Aukera egongo da sagardo berriak dastatzeko, eta ohiko menuaz gain, bailarako sagardotegiek kartan gehitu dituzten platerak ere probatu ahal izango dira.

Gainera, sagardotegiak martxa hartuta daude dagoeneko eta agenda zabalik dute, bazkarietara eta hamaiketakoetara joan nahi duten herritar guztientzat. Batzuek diote aurten alternatiba gisa aurkeztu direnak gelditu egingo direla, eta hurrengo urtean ere pitxerra eta botilak egongo direla mahai gainean. Dena den, sagardogile guztiek egin dute txotxaren alde, hori baita, hein batean, «sagardotegiaren oinarri funtsezkoenetariko bat». Datorren urtean, beraz, tradizioari helduko zaio berriz ere. Aurten, behintzat, proposatutakoarekin aurrera egitea besterik ez da geratzen; izan ere, «besterik ezean, aukera ona dela uste baitugu».

 

«Txotxa da sagardotegien benetako xarma»

AITOR IGUARAN GOIKOETXEA
EULA SAGARDOTEGIA

«Guk pitxerraren alde egin dugu apustu aurtengoan. Jendeak sagardoa edan nahi duenean, sagardotegiko langileak joango gara hau betetzera. Eta, horrela, herritarren segurtasuna bermatuko dugu, beraiek eserita launaka, altxa gabe. Ez dakigu oso ondo zer gertatuko den, nahiko inprebisiblea da dena, gauzak hainbeste aldatu baitira azken urte honetan. Hala ere, lanean hasteko gogoz gaude, eta horrela ere egoera nolakoa den ikusiko dugu, zerbait hobetu behar dugun edo ez konturatzeko balio izango digu. Egia da datozen urteetarako espero dudala betiko txotxa itzultzea, horrek baitauka sagardotegien benetako xarma».

 

«Sagardo berria mahaietara eramango diegu bezeroei»

IBON ALKORTA
ALTZUETA SAGARDOTEGIA

«Berrikuntza ugari eskainiko ditugu, besteak beste, saiatuko gara bezero guztiek sagardo berria dastatu dezaten, eta horretarako botilak erabiliko ditugu. Prestatuta dauzkagu, kupela ezberdinetako sagardoz beteta egongo dira. Jendeak ezingo du mahaitik altxa, baina guk egingo dugu lan hori, eta guk eramango dugu sagardo berria mahaietara. Botilak enboteilatzerakoan, hainbat modutara probatu dugu, sagardoak sufritu ez dezan. Botila bakoitzak izena edukiko du, kupeletan moduan, bezeroek jakingo dute zein sagardo edaten ari diren; eta sagardogileek xehetasunak emango dizkiegu, eta honela, bezeroekiko harremana ere estutzen saiatuko gara».

 

«Txotxa itzultzen bada ere, botila ohitura bilakatu daiteke»

JON PAGOLA
ITXAS-BURU SAGARDOTEGIA

«Botiletan daukagu sagardo berria, eta asmoa daukagu jartzea kubitera batean, dauden sagardo ezberdinak, jendeak kupel ezberdinetako sagardoa proba dezan. Eta pentsatzen dut, ohitura hori urteak aurrera joan ahala mantendu egin daitekeela. Azkenean, batzuk badaude txotx zaleak direnak, bertako saltsa gustuko dutenak, baina beste hainbatek, nahiago dute lasai egon, eta botiletatik zerbitzatutako sagardoa edan. Beraz, ikusteko dago datozen urteetan honek zein bilakaera ekarriko duen, eta zein zerbitzu eman dezakegun. Noski, gauzak hobera eginez gero eta txotxa irekitzea posible bada, aurrera!».

 

«Alternatiba honekin tratu goxoagoa eskainiko diegu bezeroei»

LEIRE GOÑI IRADI
GURUTZETA SAGARDOTEGIA

«Sagardotegi denboraldiaren helburu nagusia da sagardo berriak dastatzea. Hori horrela, oraingo antolaketa honekin xede hori beteko dela uste dugu. Hain justu, sagardoak galdu duen protagonismoa berreskuratzeko aukera egongo da orain; izan ere, sagardoak dastatuko dituzte bezeroek, eta sagardogileek azalduko diegu dastaketa egiterakoan non jarri behar duten arreta. Gainera, alternatiba honekin tratu goxoagoa eskainiko diegu bezeroei, beraiekin elkarrizketa gehiago izango ditugulako,  eta harremana, beraz, estuagoa izango delako. Besterik ezean, aukera ona dela uste dugu».

 

«Ezjakintasuna dugu, baina pozez eta ilusio haundiarekin ireki dugu sagardotegia»

ANDER BARRENETXEA
OIALUME ZAR SAGARDOTEGIA

«Guk duela aste batzuk ireki genuen sagardotegia, baina Astigarraga eremu gorrian sartu zen eta berehala itxi behar izan genuen. Gero, ostalaritza irekitzeko baimena eman zutenean, ez irekitzea erabaki genuen; izan ere, beldurra genuen eta ez ginen irekitzera ausartu. Hala ere, aurreneko asteburu horretan jendez bete zen sagardotegia, eta gertuko jendeak oso erantzun positiboa izan zuen, gogoz etorri zen gurera. Hasieran ezjakintasuna genuen, ez genekielako pitxarren kontuak nola funtzionatuko zuen, baina jendeak ondo bete zituen neurri guztiak eta pitxarraren eta botila gardenen alternatibarekin ondo moldatu ginen. Orain, egia da bezeroak mantsoago ari direla deitzen, baina oro har aurreikuspen positiboa dugu eta itxaropena dugu denboraldi ona izango dela, nahiz eta inork ez dakien datozen egunetan eta hilabeteetan zer gertatuko den. Hain justu ere, Oialume Zarren horren arabera egingo ditugu berrikuntzak sagardotegiko eskaintzan».

 

«Berrikuntza gisa, hamaiketakoak eskainiko ditugu larunbat eta igande goizetan»

ARANTXA EGUZKIZA BEOBIDE
IPARRAGIRRE SAGARDOTEGIA

«Gurean saiatu gara egoerara moldatzen, denon antzera. Atzo ireki genuen, baina datozen asteetatik aurrera, ostegunetik igandera edukiko dugu sagardotegia irekita. Hiru menu ezberdin eskaintzen ditugu, betiko menua, begetala enkarguz eta haurrentzako menua. Horrez gain, ostiral eta ostegunetan kostila ere eskaintzen dugu. Iparragirreko sagardoa, Euskal sagardoa eta ekologikoa da, eta jakiak berriz, bertakoak erabiltzen ditugu, kilometro zeroaren alde egin baitugu apustu. Berrikuntza gisa, hamaiketakoak eskainiko ditugu larunbat eta igande goizetan, 10:30etatik aurrera. Sagardoa, pitxarretan eta botila gardenetan zerbitzatuko dugu. Argi utzi nahiko genuke, uzta berriko sagardo ederra bakarrik eskainiko diegula gure bezeroei. Urte honetako uzta gutxi izan bada ere, oso ona atera da. Bizitzen ari garen egoerak ez du laguntzen, baina patxadarekin, apurka aurrera jarraitu behar dugu, eta aldiro-aldiro, egokitzen. Etorriko dira momentu hobeak seguru, beraz orain, oraingoa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!