Nazioarteko sagardoak ezagutzera eman eta harremanak sendotzeko hitzordua, azaroan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00
Sagardogile bat, bisitariei azalpenak ematen, duela bi urteko Nazioarteko Sagardo Azokan. Argazkia: Sagardoaren Lurraldea

Laugarren edizioa izango du Sagardo Forumak aurten, lau atalekin: sagarra eta sagardoari buruzko jardunaldi teknikoak, sagasti eta sagardotegietara bisitak, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa, eta Nazioarteko Sagardo Azoka.

Egungo osasun egoerak eta itxiera perimetralek, ingurune hurbilera begira jarri dituzte herritarrak, eta baita lan munduko sektore guztiak ere. Berdin gertatu zaie sagardotegiei: oraingoz, bakarrik izango dituzte Astigarraga eta Hernaniko zein ondoz ondoko herrietako bisitariak. Eusko Jaurlaritzaren neurriek ez dute besterik ahalbidetzen, une honetan.

Baina itxiera perimetralak ez dio nazioarteko begirada lausotuko sagardogintzari; ez erabat, behintzat. Eta horretarako, nazioartera begira jarraitzeko, bi urtetik behin jartzen duen zitari eutsiko dio: azaroaren bukaeran izango da Sagardo Forumaren laugarren edizioa, Sagardoaren Lurraldean.

Asmoa berbera izango da: «sagardoaren nazioartekotzean beste pauso bat eman eta gure lurraldeko sagardoaren kultura nazioartean sustatzea». Izan ere, nabarmendu dutenez, «funtzio garrantzitsua» bete du Sagardo Forumak orain arte, euskal sagardoaren kultura nazioartean kokatzeko: «sagardoaren kultura gure mugetatik harago ezagutzera emanez, eta nazioarteko sagardoak gurean ezagutaraziz, sendotu ditugu nazioarteko harremanak, eta iritsi gara osatzera Ciderlands sarea, nazioartean sagardoa ekoizten duten herrialde eta toki ezberdinekin».

Sare horren helburuak dira, hain justu, elkar ezagutza bultzatzea, elkarren artean jarduera eta ekintzak antolatzea, edota sagardoaren kultura nazioartean sustatzea, besteak beste. «Herrialde bakoitzak dituen xehetasunak hain ezberdinak izanda ere, sagardoa da denok lotzen gaituena», azpimarratu dute.

Lau atal ezberdin, Sagardo Forumak
Helburu hori ipar hartuta, lau atal izango ditu aurtengo Sagardo Forumak: sagarra eta sagardoari buruzko jardunaldi teknikoak, sagasti eta sagardotegietara bisitak, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa, eta Nazioarteko Sagardo Azoka.

Jardunaldi teknikoetan bertako zein nazioarteko adituek landuko dituzte, sagarrarekin, sagardoarekin zein sagardoaren kultura, turismo eta gastronomiarekin lotutako gaiak. Sektoreko azkeneko berrikuntzak ezagutaraziko dituzte horietan, eta kasu praktikoekin, beraien esperientziak kontatuko dituzte adituek. «Horiei esker, aukera ezin hobea izango dugu beste herrialdeetako sagardoaren mundua ezagutzeko», diote.

Hitzaldi horiek osatzeko, eta proiektu ezberdinak partehartzaileei modu dinamikoan ezagutzera emateko, egingo dituzte sagastietara bisitak, hizlariek zein sektoreko adituek gidatuta. Sagardotegietako esperientziak ere eskainiko dituzte eta txangoak, bisita eta jarduera praktikoak ere bai, «gure lurraldeak eskaintzen duen aberastasun gastronomiko eta kulturala ezagutzeko», aurreratu dute.

Eta garrantzia haundia hartuko dute, aurtengo Sagardo Forumean ere, Nazioarteko Sagardo Lehiaketak eta Nazioarteko Sagardo Azokak. Hirugarrenez egingo dute lehiaketa aurten, «aurreko bi edizioetako arrakastaren ondoren». Izan ere, 14 herrialdetako 200 sagardo ezberdinek hartu zuten parte. Horrela, bederatzi kategoriatan sailkatuko dituzte sagardoak, lehiaketan: Euskal Herrian ekoiztutako sagardoa, sagardo natural asturiarra, sagardo tradizional frantsesa, sagardo tradizional ingelesa, sagardo berriak, premium sagardo apardunak, apfelwein (sagardoa), zaporetako sagardoa nahiz udardoa, eta izotzezko sagardoa.

Kategoria bakoitzeko onena ez ezik, lehiaketa osoko onena ere aukeratuko dute, bertako zein nazioarteko epaileek: sagardoaren munduko adituak, enologoak, sagardo ekoizleak, gastronomian espezializatutako kazetariak... 

Eta lehiaketara aurkeztutako sagardo guztiak, Nazioarteko Sagardo Azokan ezagutu eta dastatzeko aukera izango dute, bai ostalariek, eta baita herritarrek ere. Azokan egongo dira bertako zein nazioarteko sagardogileak eta beraien produktuen berri ematearekin batera, dastatzeko eskainiko dituzte.

Jardunaldiei buruzko informazioa eta izenemateak, 'sagardoforum.eus' web orrian
Hilabetetako lana daukate aurretik oraindik, Sagardo Forumaren laugarren edizioa prestatzeko; eta oraindik zehaztu gabe daude, antolatuko dituzten jardunaldi teknikoak zein bestelako ekintzak. Horiek zehaztu bezala, sagardoforum.eus webgunean jarriko dituzte, eta bertan eman beharko da izena, hitzaldi, bisita eta txangoetan parte hartzeko.

Oraingoz, ikusgai daude bertan, Sagardo Forumaren hirugarren edizioko argazkiak, eta eskaini zituzten hitzaldietako informazioa eta aurkezpenak. 2019ko azaroaren 21etik 25era izan zen hirugarren edizio hori, bereziki Orona Fundazioak Galarretan daukan eraikinean, eta Donostiako Kursaalean.

Orduan bezala, «nazioarteko sagardoaren elkargune» bilakatuko da Sagardoaren Lurraldea, aurtengo azaroan ere, «gure sagardoaren kultura nazioartera begira jarriz». Eta horrek, aukera eskainiko du «beste esperientzia eta ibilbide profesionaletatik ikasteko, egungo sagardoaren munduaren egoera ezagutzeko, eta ideiak barneratzeko, berezko historia, usadioa eta enoturismoaren munduan zabalpen haundia duen Sagardoaren Lurraldea jomuga turistikoa eraikitzen jarraitzeko».

Egungo egoera nahiko desberdina izango da, duela bi urte marraztu zutenaren aldean; eta Sagardo Forumak balioko du, ezagutzera emateko zein modutan eta neurritan eragin duen pandemiak, herrialde bakoitzeko sagardogintzan. Euskal Herrian, behintzat, historiara eta usadioetara atzera egiteko aukera ere eman du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!