Otsailaren 23 eta 24rako greba deitu dute EAEko eskola-garraioan eta jantokietan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 00:00

Jangeletako langileek greba egingo dute datorren astean.

ELAk salatu duenez, Hezkuntza Sailak «inposizio eta alde bakarreko jarrera» izan du ikastetxeei eta bertako langileei eragiten dieten erabakietan. «17.000 mahaikidek jantoki eskubidea galdu dute» dio sindikatuak.

ELA sindikatuak bi greba egun gehiagoren berri eman zuen astelehenean EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan eta eskola-garraioan. Lanuzteak datorren asteartean, otsailaren 23an, eta datorren asteazkenean, otsailaren 24an, egingo dituzte, euren aldarrikapenei Hezkuntza Sailak eta sektoreko patronalek emandako «erantzun eza» salatzeko.


Ohar batean sindikatuak kritikatu duenez, oraindik ez zaizkie mahaikide guztiei zerbitzuak eskaintzen, eta «neurri eta protokolo zehatzik ez dago, segurtasuna eta enpleguari eusteko eta ikasturte honetako eta etorkizuneko lan-baldintzak bermatzeko».


Horren aurrean, sindikatuak irailaren 15ean sektorean hasitako mobilizazioei jarraipena emango dio. ELAk salatu duenez, ikasturtea hasi zenetik Hezkuntza Sailak «inposizio eta alde bakarreko jarrera» izan du ikastetxeei eta bertako langileei (bertakoak edo azpikontratatuak) eragiten dieten erabakietan.

«1.000 lanpostu suntsitu dira eta aldizkako 1.000  lanpostu finko inguru ezegonkortasun egoera batera igaro dira»
Sindikatuaren arabera, Hezkuntzaren erabakien ondorioz, «17.000 mahaikidek jantoki-eskubidea galdu dute, aldi baterako 1.000 lanpostu suntsitu dira, eta aldizkako beste 1.000 lanpostu finko inguru ezegonkortasun-egoera batera igaro dira».


«Protokolo eta neurri zehatzik ez izateak zuzenean eragiten die zerbitzuen segurtasunari eta kalitateari, bai eta langileen eta erabiltzaileen osasunerako eskubideari ere», esan du ELAk.


ELAk ohartarazi duenez, egungo zerbitzu eskaintza txikiagoak eta «Sailak lanaldi trinkoaren eskaera sozialari buruz mahai gainean jarritako hausnarketak, egungo lanaldi zatituaren aldean, kolokan jartzen dute zerbitzu horien jarraipena, eta benetan apustua egiteko» eskatu dio Hezkuntzari.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!