Haurrek bat-batean egiteko karta jolasak atera ditu Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek. Bertso-eskoletan eta ikastetxeetan baliatzeko materiala da, eta elkarteko irakasle lantaldean sortu dituzte.
Bertso-eskola bakoitzari bilduma bana emango diote opari; gainera, materiala ontzen ari zirela iragarri zutenean eskaera egiteko aukera eman zieten ale gehiago behar zituztenei. Horiei guztiei datozen asteetan egingo diete banaketa herrialdeetako Bertsozale Elkarteen bidez; jarriko dira bertso-eskolekin harremanetan, egoera zail honetan iristarazteko modurik egokiena topatzeko. Karta jolasak, gainera, PDF fitxategian eskuragarri daude bertsoeskola.eus atarian.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.
Bertsotan bat-batean jarduteko
Sei karta sortez osatutako bilduma honek aukera emango du haurrekin bat-bateko ariketa ezberdinak lantzeko: puntuari erantzutea (laguntza gisa oinak emanda), azken puntua eta oinak harturik kopla edo bertsoa osatzea, 4 edo 8 oinak emanda puntutan zein bertsotan egitea, gaiak sortzea (pertsonaiak, egoerak eta emozioak konbinatuz), errimatzen duten kartak lortu eta kantuan aritzea, eta pasa hitza jolasarekin asmakizunak igartzea.