Eguzki pozik, uraren derrigorrezko fluorazioa amaitu delako, baina autokritika-falta sumatu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00

Talde ekologistak dio «30 urte hasi genuen kanpaina fluorizazioaren aurka eta dekretuz onartu zena orain atzera bota da».

Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak pozik dago Añarbeko edateko uraren derrigorrezko fluorazioa amaitu delako, baina autokritika-falta sumatu du. Añarbeko Urak elkarteak edateko uraren fluorazioa, Mankomunitatean 1994tik indarrean dagoena, bertan behera utziko duela iragarri zuen orain bi aste.
Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko ur-hornidura kudeatzen duten elkarte nagusien bidetik jarraitzen du; izan ere, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Gasteizko Udal Urak SAk, Gipuzkoako Ur Partzuergoak edo Txingudiko Uren Mankomunitateak ere bertan behera utzi dute.
Eguzki, orain dela hogeita hamar urte fluorazioaren aurkako kanpaina garrantzitsu bat egin zuena, pozten da praktika hori amaitu delako, baina faltan sumatzen du gogoeta kritikoa eta zeresanik ez autokritika bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren partetik. «Osasun Sailak ezarri baitzuen fluorazioa 1988an, dekretuz ezarri ere, haurren hortzetako gehiegizko txantxarraren aurka. Hainbat arrazoi direla medio, txantxarra nabarmen gutxitu da azken hamarkadotan. Osasun Sailari gustatzen zaio esatea fluorazioa dela arrazoi horietako bat, baina, egia da, txantxarrak Europa osoan egin du behera, eta Europa oso bakanak dira edateko urak fluoratzen dituzten estatuak. Izan ere, 12 urteko neska-mutilen artean, txantxar-indizea oso antzekoa da ur fluoratua duten herrialdeetan, hala nola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ura inoiz fluoratu ez dutenetan, Nafarroan kasu. Esan dezagun, bide batez, Ipar Euskal Herrian ere ez dela ura fluoratzen, Frantziako legediak ez baitu horrelakorik aurreikusten». Alegia, dio Eguzkik, «ez dago batere argi uren fluorazioak zer neurritan lagundu duen haurren txantxarra gutxitzen». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!