‘Foruak’ ikastaroaren edizio berrirako izenematea zabaldu du Nabarraldek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00

Otsailaren amaiera arte eman daiteke izena 'nabarralde.eus' webgunean eta martxoaren 4tik 25era iraungo du, ikasnabaralde online plataformaren bidez eta Jose Luis Orellana Unzue irakasleak zuzenduta.

Nabarralde Fundazioak Foruak online ikastaroaren edizio berri bat eskainiko du aurten, martxoaren 4tik 25era. Ikasnabaralde online plataformaren bidez kontzeptu honen inguruan dagoen nahasmena argitzea izango da helburu nagusia. Izen-ematea irekita egongo da otsaila bukaera arte nabarralde.eus-en. 
Deustuko Unibertsitateko katedraduna den Jose Luis Orella Unzuek zuzenduta, ikastaroa lau unitate didaktikotan banatzen da, kontzeptuaren definizioa eta testuinguru historikoa, Nafarroako Foru Orokorra, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Lapurdiko tokiko foruak eta sistema foralaren egungo ikuspegia aztertuko direlarik. Ikastaroa euskaraz zein gazteleraz egiteko aukera dago, bestalde.
Ikastaroa e-learning ikaskuntzan oinarritzen da, ikaslea ikaskuntza prozesuan laguntzeko baliabide ugariak eskaintzen dituelarik. Ikasgai bakoitzean sarrera bideo bat, irakasleak landutako edukiak eta eduki gehigarriak aurkituko dira, asteroko maiztasunarekin.

Nazio Forala terminoa argitzen
Nabarraldek zenbait gauza argitu nahi ditu ikastaro honekin. «Foruen inguruan dagoen eztabaida historikoan nahasmen haundia dago kontzeptuaren esanahiari dagokionez. Nazio Foralaz ari garenean, zertaz ari gara? Foruak hitzak hainbat erabilera ditu: Foru Orokorra, tokiko foruak, foruak eskubide bezala… Afera hau argitzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eztabaida bere oinarrietara eramateko».
Pentsamendu analitikoa eta historiarekiko zein memoria historikoarekiko ikuspuntu egokia bilatzeko helburuarekin batera, «gaur egun beharrezkoak diren erreferente historikoen balioa berreskuratzea dago, subjektu eusko-nafarraren ibilbide historikoan berebiziko garrantzia izan dutenak: eskubide piriniarra, erakunde foralak, foralitatearen paradigma…» dio Nabarralde Fundazioak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!