Garaipen plenoarekin bukatu du Salaberriak, aurreneko itzulia

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00

Partidu guztiak irabazi ditu goizuetarrak, Oier Etxebarriarekin; larunbatekoa 22-9, Arteaga eta Elizegiri. Olaizolak, berriz, porrota jaso zuen.

Profesionaletan debuta egin zu­enetik, unerik gozoenean dago Iker Salaberria goizuetarra; eta agerian utzi zuen hori, beste be­hin, larunbatean Iruñeko Labrit frontoian: 22-9 irabazi zuen, Oier Etxeberriarekin, Arteaga eta Elizegiren kontra. Horrekin bukatu dute aurreneko itzulia, promozio mailako binakako txapelketan, eta ezin zioten erremate hoberik jarri, itzuli bikainari: jokatutako zazpi partiduak irabazi dituzte.
Garaipen argia lortu zuten larunbateko partiduan. Berdinduta hasi zen eta 5-5 ere izan ziren markagailuan; baina hortik aurrera, erabat nagusitu ziren Salaberria eta Etxebarria. Goizuetarrak 10 tanto egin zituen, beste sei galdu zituen arren. Bereziki fin aritu zen airez, zortzi errematerekin. Igorreko atzelaria, berriz, oso seguru aritu zen, pelota bakar bat ere galdu gabe, eta bi tanto eginda.

Zazpi partiduak irabazita, bi garaipeneko aldea dau­kate, li­gaxkan bigarren eta hirugarren dauden bikoteekin: Elordi-Garmendia eta Zabala-Erostarbe.

Olaizolak eta Rezustak ezin, liderren kontra
Aimar Olaizolak, bere aldetik, partidu zaila zeukan igandean, Beñat Rezustarekin, Elezkano eta Zabaletaren kontra. Eta galdu egin zuten, bikote liderraren aurrean, Logroñoko Adarragan (18-22). Binakako txapelketa nagusian, ligaxkako hirugarren postuan dute aurreneko itzulia, Olaizolak eta Rezustak, zazpi par­tidutik lau irabazita.

0-5 atzetik hasi zuten partidua, eta alde horri buelta eman ezinik aritu ziren, 16-16 berdintzea lortu zuten arte. Baina hortik aurrera, berriro izan ziren nagusi Elezkano eta Zabaleta, eta bost tanto egin zituzten segidan, partidua ia erabakita uzteko. Ez zuen ohi bezala asmatu goizuetarrak, errematean: bost tanto egin zituen, eta sei galdu.

Markel Lizeagak garaipena, Espainiako Kopan
Larunbatean jokatu zuen beste partidu bat, Espainiako Kluben arteko Kopan, Markel Lizeaga hernaniarrak, Burgosko San Cristobal taldearekin. Eta garaipena lortu zuen, Azpirirekin batera, Paz Zigandako Barbajero eta Telletxearen kontra. Bi setetan irabazi zuten partidua: 10-6 eta 10-7.

Gainera, buruz buruko partidua ere irabazi zuen San Cristobalek, 10-6 eta 10-1 nagusitu baitzen Santxo, Paz Zigandako Jamarren kontra.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!