«Nabari da erritmoa biziagoa dela, baina ondo sentitu nintzen, eta tropela hautsi zenean aurrean izan nintzen»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00
Xabier Mikel Azparren, Matérekin, Almerian. Argazkia: Euskadi Fundazioa

Igandean egin zuen debuta profesional mailan, Xabier Mikel Azparren astigartarrak, Almeriako Klasikan. Pozik dago, izandako sentsazioekin: «korritzeko modu honekin erosoago sentitzen naiz; azkar goazenean konstanteagoa da».

Iritsi zen azkenean, Xabier Mikel Azparren astigartarrak aspaldi amestutako eguna: igandean egin zuen debuta profesionaletan, Almeriako Klasikan. Pozik bukatu zuen lasterketa, gainera, sentsazio onak izan baitzituen: «nabari da erritmoa biziagoa dela, afizionatuetan baino. Eta aurreko postuetan mantentzeko, esfortzu haundi asko egin behar dira. Baina korritzeko modu honekin erosoago sentitzen naiz, antolatuago goazelako; eta azkar goazenean ere konstanteagoa delako», kontatu dio Kronikari.

Almerian, Juan Jose Lobato taldekidearentzat aritu zen lanean Azparren: «Lobato eta Mikel Aristi ziren gure aukerak, lasterketa irabazten saiatzeko; eta ni Lobato babesten aritu nintzen. Horixe zen nire lana, berarekin egotea lasterketa osoan, haizea kentzea, hutsuneak bilatzea eta behar zuen laguntza ematea», azaldu du.

Hasieratik nabaritu zuen berak, afizionatu mailarekiko desberdintasuna: «salto haundia dago erritmo aldetik, baina korritzeko modua ere oso ezberdina da. Hasieran oso azkar joan ginen, ihesaldia osatu zen arte. Eta nabaritu nuen, beste erritmo bat zela. Gero erritmoa lasaitu egin zen, eta une batean, berriro azkartu zuen lasterketa BikeExchange taldeak. 70 txirrindulari geratu ginen aurrean, eta sufritzen, baina lortu nuen bertan egotea. Jende gutxi ginen aurrean, eta ia taldekide guztiak sartu ginen. Beraz, uste dut lasterketa gogorragoa izan balitz, emaitza hobea lortuko genuela», nabarmendu du.

Izan ere, BikeExchange taldearen estutuaren ondoren, berriro elkartu ziren denak eta lasaiago joan ziren azkeneko kilometroetaraino: «esprintari begira, taldekide azkarrenak ondo kokatzeko borroka hasi zen orduan. 4-5 kilometroren faltan, nahiko ondo kokatuta utzi nuen Lobato, eta hortik aurrera tropeleko atzealdera joan nintzen, ordurako juxtu nijoalako eta trabarik ez egiteko».

Azkeneko metroetako «eromenean», ezin izan zuten esperotako emaitza lortu Aristik (22garren) eta Lobatok (38garren). Astigartarrak metro batzuk galdu zituen azkeneko kilo­metroan, eta 24 segundora hel­mugaratu zen, 71garren, baina bere lana eginda.

«Bukaerako emaitza ez zen ona izan, baina talde osoak egin zuen lan ona, eta baita jarrera ona erakutsi ere. Gainera, hasierako helburua ondo lortu genuen: Luis Angel Maté ihesaldian sartu genuen, eta mendiko sailkapena irabazi zuen».

Orain, entrenatzen jarraituko du Azparrenek, hurrengo lasterketa zein izango duen jakin gabe: «martxoaren bukaerara arte, gutxienez, ez dut besterik izango», aurreratu du.

Essor Basquen beste bi proba, Amonarrizek eta Azparrenek
Afizionatu mailan, berriz, beste bi probatan hartu dute parte Ander Amonarriz hernaniarrak eta Enekoitz Azparren astigartarrak, Essor Basque lasterketan. Ostiralean, Donazaharre eta Do­­napaleu artekoan, elkarrekin helmugaratu ziren biak, 55 eta 57garren, 4 minutu eta 20 segundora, talde haundi batean. Eta larunbatean, Azparrenek bakarrik bukatu zuen lasterketa, Donibane Garazin, 61garren, 7 minutu eta 41 segundura.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!