Covid-19

Ondoko herrietara pasatzeko aukera izango da EAEn, astelehenetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Herrietako itxiera mantenduko du Jaurlaritzak, baina posible izango da ondoko herrietara joatea, kirola egitera edo jarduera sozioekonomikoetara.

Beste 15 egunez luzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, Covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurriak. Baina horietako bat, itxiera perimetralarena, lasaitu egingo du: astelehenetik aurrera, posible izango da ondoko herrietara pasatzea, aire librean kirola egiteko, edo jarduera sozioekonomikoetara; erosketak egin edota taberna eta jatetxeetara joateko, bes­teak beste.

Hori horrela, hernaniar, ere­ñotzuar eta astigartarrek posible izango dute mugakide diren herrietara joatea, eremu gorrian dauden herrientzat ere aplikatuko delako aldaketa.

Hernanik muga egiten du Astigarraga, Errenteria, Donostia, Urnieta, Lasarte-Oria eta El­duainekin; eta Astigarragak, berriz, Hernani, Errenteria eta Donostiarekin.

Gainerakoan, ez da aldaketarik izan. Euskadiko Auzitegiaren erabakiaren ondorioz, ostalaritza establezimenduak zabalik egon daitezke, eremu gorriko herrietan ere, bestelako murrizketarik ez baitu ezarri Eusko Jaurlaritzak, zentzu horretan.
15 eguneko luzapenaren ondoren, berriro bilduko da LABI batzordea, bi aste barru, egoera eta neurriak berrikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!