«Etxeko langileak babesgabetasun egoeran gaude eta sektoreak prekarietate haundia bizi du»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00
Elisa Peredo, Maitelan Kooperatibako langilea, Kronikarako elkarrizketan.

Etxeko langileen egoera erdigunean dago azken asteotan, Etxeko Langileen Elkarteak salatu baitu egoera administratibo irregularrean dauden langileen kasuak areagotu direla. «Alternatiba bat emateko helburuarekin» jaio zen Maitelan Kooperatiba, eta ostegunean ospatu zuen lehenengo urteurrena.

Etxeko Langileen Elkarteak (ELE) 2020 urteko estatistikak aurkeztu ditu aste honetan. Emaitzak ikusita, azaldu dutenez, «beste alde batera begiratzea ezinezkoa bihurtu nahi dugu». Hain justu ere, emaitzek ondorioztatzen dute paperik gabeko langileak daudela, lan eskubideak ez direla betetzen eta, ondorioz, diote, zainketa sistema «berrantolatu» beharra dagoela. Halaber, azpimarratu beharra dago elkarrizketatutako ia %98 emakumezkoak izan direla, %65 kanpo langileak eta %43, berriz, barne langileak.

Esanak esan, ELEko aholkularitzak langileei emandako arretaren bidez egin zituen estatistikak, eta datuak kezkagarriak dira, zeren egoera administratibo irregularrean dauden etxeko langile gehiago baitaude. Hori horrela, egoera horren berri emateko eta orain arte izan dituzten eta egun bizi dituzten diskriminazioak salatzeko, pasa den astean hitzaldi-eztabaida antolatu zuten Iraulik, Amherrek eta Maitelan Kooperatibak. Zaintza eta etxez etxeko lan esparruan jorratzen diren lan harremanak jarri zituzten erdigunean, eta Kronikak Maitelaneko Elisa Paredorekin hitz egiteko aukera izan du.

 

ELEk jakitera eman du egoera administratibo irregularrean dauden etxeko langile gehiago daudela. Zergatik gertatzen da hori?

Gure ustean, egoera horiek ematen dira ugazabei merkeago ateratzen zaielako langileak ez erregulatzea. Gainera, egoera administratibo irregularrean daudenen lanaldia luzeagoa izan daiteke, eta hori probetxuzkoa da lanpostua ematen dietenentzat. Hitz gutxitan, langile irregular bat zure kargu izanez gero, ez da beharrezkoa izango Gizarte Segurantza ordaintzea, soldata baxuagoa izan daiteke eta beste edozein moldaketa gehiago ere egin ditzakete.

Tamalgarria da hori horrela izatea eta pandemiak are gehiago areagotu du hori guztia. Konfinamenduan eta pandemia garaian sekulako garrantzia izan dute osasun langileek eta hor ere ikusi da, beste behin, etxeko langileak ezinbestekoak direla. Dena den, hilabete horietan guztietan ikusezinak izan gara eta inork ez du egin merezi dugun aitortza. Horrekin batera, aipatzekoa da pandemiak eragin zuzena izan duela etxeko langileen lan baldintzetan. Hala nola, kaleratzeak izan dira, kontratuetan lanorduak murriztu dira eta langile asko behartuak izan dira lan egiten zuten etxeetan konfinatuta geratzera.

Horregatik guztiagatik, sektorea babesgabetasun egoeran dagoela salatu nahi dugu. Lanpostuak galdu ditugu, langabezian egoteko eskubidea ukatu digute eta ez dugu aukera izan ERTEa kobratzeko. Hori, gainera, are okerragoa da egoera administratibo irregularrean dauden langileentzat; izan ere, lan egiten duten etxetako jabeek ez diete baimenik eman handik hona joateko, zeren poliziak geratuz gero, ilegala dela baitakite. Beraz, konpromisoa denez, ez diete baimenik ematen. 

 

Zehazki, zein da egoera hemen?

Beterri-Buruntzaldeako egoera EAEn dagoenaren antzekoa da.  Paperik ez duten barne langile asko daude eta soldata oso baxuak kobratzen dituzte.

Hainbat adibide eman ditzaket. Esaterako, pandemia hasi aurretik emakume asko lanean zeuden eta gai ziren alokairua ordaintzeko. Dena den, izurriak okertu egin du beraien egoera. Ondorioz, pisua ezin izan dute ordaindu eta zailtasun haundiak izan dituzte mantenurako beharrezko produktuak erosteko. Esan beharra dago Udalak laguntza eman duela horretarako, baina egoera oso zaila zenez, ia ezinezkoa izan da guztion gastuei aurre egitea.

Beraz, geratu den irtenbide bakarrenetakoa izan da barne langile gisa lan egitea. Emakume askok beraien seme-alabak lagunen kargu utzi dituzte, aurrera egiteko lan hori hartu behar izan dutelako. Oso latza izan da.

Zergatik uste duzu lan esparru horretan gehiengoa emakumeak eta atzerritarrak direla?

Aspalditik datorren kontua da. Lehen soilik emakumeok egiten genituen etxeko-lanak eta zaintza lanak, eta hori pixkanaka aldatu bada ere, oraindik nabaria da joera hori. Gainera, lanpostu gogorra denez, hemen bizi diren emakumeek ez dute etxeko langile izan nahi, hortaz, atzerritik gatozenok egin behar izaten dugu lan hori. Horren haritik, berriro ere esango dut, adinekoen egoitzan lan egiten dutenek mugikortasunerako baimenak izaten dituzte, handik hona mugitzekoak, eta gutako askori, berriz, ukatu egiten digute hori. Hori horrela, sentitzen dugu esfortzu haundia egiten dugula eta inork ez duela gure lana balioesten.

 

Diskriminatuta sentitzen zarete?

Jakina. Gainera, diskriminazio bikoitza sentitzen dugu bai emakume izateagatik, bai emakume atzerritarra izateagatik. Esan dudanez, ez da gure lana balioesten. Gutako askok erdi-mailako, goi-mailako eta unibertsitateko ikasketak egin genituen gure jaioterrian, baina hori ez du inork ikusten eta beraiek nahi ez dituzten lanpostuak ematen dizkigute, soilik beste herrialde batean jaio izanagatik. 

 

Zeintzuk dira dagozkizuen lan-eskubideak?

Eskatzen duguna hauxe da: egindako lanei eta lan egindako ordu guztiei dagozkien bidezko soldatak izatea; desenplegurako eskubidea edukitzea; benetako soldataren araberako kotizazioa bermatzea; lan osasunerako eskubidea; eta, azkenik oinarrizko argudiorik gabeko kaleratzerik ez egotea. Horrez gain, eskatzen dugu gure lanaren aitortza izatea, izan ere, formakuntza eskatzen digute eta exijitzen eta eskatzen dutena egiten dugu, ezer eztabaidatu gabe. Hala ere, etxeko zerbitzuaren araubidean postu baxuena eta diskriminizatuena betetzen dugu etxeko langileok.

Azkeneko datuen arabera, barne langileen %96k ez du lanorduengatik dagokion gutxieneko soldata kobratzen.

Bai, halaxe da. Sektore honetan egunero izaten dira abusuak. Laneko harreman bat baino, botere harreman bat bilakatzen da gure kasua. Zapaltzaileak eta zapalduak daude. Zaurgarritasun egoeran gaudela dakitenez eta dirua izateko premia dugula dakitenez, ez digute ordaintzen legez dagokigun soldata.

Hain justu, 40 orduko lanaldia izateagatik gutxieneko soldata 1.108,33 eurokoa da, 12 ordainsaritan. Edo, bestela, 950 eurokoa, 14 ordainsaritan banatuta. Baina, esan dudanez, hori ez da inolaz ere betetzen.

 

Etxeko langile askok astean 40 ordu baino gehiago egiten dituztela ere jakinarazi zuen ELEk.

Bai, batez ere barne langileek. 1620/2011 Dekretua aintzat hartuta, aldez aurretik aipatutako soldata jaso beharko genuke astean 40 orduz lan egiteagatik. Horrez gain, dekretu horretan bereizten dira ordu presentzialak; alegia, barne langilea izanik, arreta eta zaintza behar duten pertsonen etxean egoteagatik dagozkigunak, betiere zaintza aktiboa egiten ez dugunean. Horiek, 40 ordu horietatik kanpo, gehienez ere 20 ordu izan beharko lirateke. Baina hori ere ez da betetzen. Astelehenetik larunbatera bitartean 20 ordu baino gehiago izaten dira lan horretan eta dute ordaintzen legez ezarritakoa ordu bakoitzeko, hau da, 7,43 euro. Horrekin batera, barne langileek  zaintzen duten pertsona horrek gauetan arreta eta zaintza behar baldin badu, orduko diru kopuru hori ordaindu beharko ligukete, baina hori ere ez da betetzen.

Beraz, ez da betetzen gutxieneko soldata ordaintzea, ezta ordu presentzialak dagokien moduan ordaintzea ere. Gainera, barne langileek ordu asko ematen dituzte lanean, 40 ordu horiek baino askoz gehiago.

 

Zu etxeko langilea zara, ezta? 

Bai, hau guztia kontatzen dut inguruan ikusten dudanagatik eta nik orain arte bizi dudanagatik. Jaiotzez Boliviakoa naiz eta bertan erdi-mailako modulu bat ikasi nuen, auxiliarra edo laguntzailea izateko. Gero unibertsitatera joan nintzen eta bertan soziologiako ikasketak egin nituen. Dena den, gradua utzi behar izan nuen, egoera ekonomikoak hala behartuta. Horregatik, artisautza munduan egin nuen lan urte askotan eta Hego Amerika osotik ibili nintzen.

Egun 13 urte daramazkit Hernanin eta oso gustura nago hemen, baina bidea oso gogorra izan da. Bi seme ditut eta aurrera egin ahal izateko lan asko egin dut. Arreta Soziosanitarioko Ziurtagiria eskuratzeko goizetan lan egiten nuen eta arratsaldetan, berriz, ikasi. Hala ere, soldata ez zen nahikoa gastuei aurre egiteko eta, ondorioz, barne langile lanetan aritu nintzen urte askotan. Oraintxe, aldiz, arreta soziosanitarioko langilea naiz hainbat instituziotan, baina aitortu beharra dut pertsona moduan gehiago betetzen nauela etxez etxeko arreta eskaintzea, gogorragoa den arren. Halaber, Maitelaneko langilea ere banaiz eta lan egiten dut mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta eskaintzen eta bulegoak, enpresak eta etxeak garbitzen. 

 

Maitelan Kooperatiba horri guztiari erantzuna emateko sortu zen. Zein da zuen helburua?

Xedea da etxeko langileen egoera hobetzea. Horrekin batera, zerbitzuen kalitatea hobetu nahi dugu eta gure lankideen egoera administratiboa erregulatzeko baliabide ekonomikoak eskuratu nahi ditugu. 

Bestalde, hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu Beterri-Buruntzaldean. Batik bat mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza eta garbiketa egiten ditugu. Maitelaneko langile guztiek dugu arreta soziosanitarioaren bigarren maila eta profesionalak gara horretan.

 

Oztoporik izan al duzue bidean?

Asko. Batez ere ekonomikoak. Esaterako, eskainitako 55 aurrekontuetatik 15 onartu dizkigute eta lanordu guztiak batuta ere ez dugu langile baten lansaioa betetzea ere lortzen. Maitelanen gutxieneko ordainsaria eskatzen dugu gure zerbitzuengatik, hau da, orduko 16,5 euro. Horrekin lortzen dugu langileen gizarte segurantza ordaintzea, edota langabezian egoteko eskubidea bermatzea, eta baita oporrak eta ordezkapenak ordaintzea. Guri geratzen zaiguna orduko 9,43 euro dira eta ez du askorako ematen.

Horrekin batera, beste zailtasunetako bat formakuntza administratiboa da. Izan ere, autogestioa bermatzeko beharrezkoa dugu ezagutza horiek izatea, eta oso zaila ari da izaten hori guztia lortzea. Maitelanen lan egiten dugu eta baita hortik kanpo ere. Gainera, seme-alabak ditugunok horiek zaindu behar ditugu eta, beraz, hori guztia aintzat hartuta, konplikatua da egoera. Eta, azkenik, euskera ere oztopoa da. Jakin badakigu zerbitzuan gertutasuna adierazten duela hizkuntza ezagutzea eta hitz egitea, baina aipatzekoa da esfortzu haundia egiten dugula horretan ere.

Hala eta guztiz ere, guztiaren gainetik lanean jarraituko dugu eta gure eskubideen alde borrokatuko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!