Olaizola eta Rezusta bikote sendoenaren aurka, gaur Logroñon

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Aimar Olaizolak partidu garrantzitsua du bihar Logroñon.

Adarraga frontoian ariko dira Elezkano eta Zabaletaren kontra lehenengo itzuliko azkenengo partiduan.

Zazpi asteburu beteko dira Binakako Txapelketa Nagusia hasi zela eta horrek esan nahi du asteburu honetan lehenengo itzulia amaituko dela. Gainera, indartsu dator jardunaldia partidu interesgarriekin. Honela, bihar Logroñoko Adarraga frontoian Aimar Olaizola goizuetarrak eta Beñat Rezusta bergararrak, Danel Elezkano eta Javier Zabaleta izango dituzte aurrez aurre.

Bikote sendoenetakoen arteko partidu erakargarria da. Elezkano eta Zabaletak erakutsi dute bikote sendoa osatzen dutela eta partidu bakarra galdu dute. Zabaleta jaun eta jabe izan da partidu ia denetan, baina galdu zuen partidua Albisu bezalako atzelari sendo baten aurka. Beraz, Rezustak ere bere maila emanez gero Olaizolak aukerak izango ditu aurrean tantoak amaitzeko.

Olaizolak eta Rezustak bi partidu galdu dituzte eta lau irabazi, baina azkenengo partiduan zapore gaziarekin geratu ziren Ezkurdia eta Galarzaren kontra erraz galdu eta gero.

 

Salaberriak eta Etxebarriak zazpigarren garaipena nahi dute jarraian

Ezin hobeto ari direnak Iker Salaberria goizuetarra eta Oier Etxebarria igorreztarra dira. Astelehenean seigarren garaipena lortu zuten Zeanurin, 22-17, Zubizarreta III eta Uriondoren aurka. Partidu denak irabazi dituzte eta gaur zazpigarrenaren bila irtengo dira, Labriten, Arteaga II eta Elizegiren kontra. Lehenengo itzulia bukatu nahi dute partidu guztiak irabazita eta hori horrela bada sailkapena ezin gertuago lukete, oraindik bigarren itzuli osoaren faltan. Jaialdiko hirugarren partidua izango da gaurkoa.

Bestetik, Espainiako Kluben Kopan beste jardunaldi bat jokatuko da. Hemen Markel Lizeaga hernaniarra ari da jokatzen Burgoseko San Cristobal taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!