«Lehengo inmobilismoa baino hobea da presoak gerturatzea, baina zergatik ez euskal espetxeetara?»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00
Patricia Velez, atzo egindako agerraldian, Etxeraten Hernaniko egoitzan.

Presoen egoeraren berri eman zuen Etxerat Elkarteak atzo, Patricia Velez bozeramailearen eskutik. Azaldu zuen, iragarrita dauden 27 lekualdatze ez direla eman oraindik, eta ez dela aldaketarik izan azkeneko 10 egunetan.

Agerraldia egin zuen Etxerat Elkarteak atzo, Hernanin daukan egoitzan, hiru gairen inguruko azalpenak emateko: presoak ger­turatzea, Covid-19aren eraginez espetxeetan dagoen egoera, eta azkeneko asteetan alderdi po­litikoek eta sindikatuek lortutako akordioak.


Presoen lekualdaketei dago­kienez, Patricia Velez bozeramaileak adierazi zuen «ondo» dago­ela, baina ez dela aukerarik onena ere: «lehengo inmobilismoa baino hobea da presoak gerturatzea, baina ez dugu ulertzen zergatik ez den egiten euskal espetxeetara. Lekualdatzen ari dira Euskal Herri inguruan dauden espetxeetara. Familiak hobeto daude, lasaitasuna ematen du hain urrun joan behar ez izateak. Baina oraindik ez da 0 kilometro, eta hori eskatzen dugu», nabarmendu zuen.

«Dispertsioa eta urrunketa hasi zenetik aurrenekoz, presoen erdia baino gutxiago daude 400 kilometro baino urrutiagoko espetxeetan»


Gainera, aditzera eman zuen oraindik ez direla gauzatu, iragarrita dauden 27 lekualdatze, ez baita aldaketarik izan azkeneko 10 egunetan. Eta azaldu zuen, iragarrita dauden horiez gain, beste 36 preso daudela Levante eta Andaluzia inguruko espetxeetan. Edonola ere, nabarmendu zuen «dispertsioa eta urrunketa hasi zenetik aurreneko aldiz, duela 30 urte baino gehiagotik alegia, presoen erdia baino gutxiago (%44) daude 400 kilometro baino urrutiagoko espetxeetan, Espainian».


Algeciras, Badajoz, Caceres, Ocaña eta Herrera de la Mancha espetxeak «euskal presoz hustu» direla jakinarazi zuen bozeramaileak, eta Logroñon (13), Zueran (12), Burgosen (11), El Dueson (11) eta Dueñasen (8) daudela euskal preso gehien, orain.


Velezek azaldu zuen, bestal­de, «ibilbide juridiko-penitentzi­ario indibiduala egiten» jarraitzen dutela «gure senide preso gehienek. Bakoitzak bere bizipe­netik eta esperientzia pertsonaletik erakusten du eragindako kaltearen aitorpena eta biktimekiko enpatia duela. Eta kasuren batean, erantzukizun zibila ere ordaintzen ari dira. Legeak ez du hori eskatzen bigarren gradura pasa edo euskal espetxeetara eramateko, eta hala ere, presoak horretan ari dira. Uste dugu ekarpen positiboa dela».


Eta aldiz, kezka azaldu zuen, «sortu den lobbyaren presio eta eraginarekin: biktima elkarteren bat, epaileak, sektore politiko eta mediatikoak... Prozesu hau geldiarazi nahi dute, euskal gizartearen gehiengo zabalaren nahiaren eta guzti honekin amaitzeko akordio politiko, sindikal eta instituzional zabalen aurrean», adierazi zuen.

«Pandemia hasi zenetik urtebete igaro denean, neurri murriztaileenak hartu dituzte berriro espetxeetan»
Covid-19ak espetxeetan daukan «eragin negargarriari» dagokionez, Patricia Velezek azaldu zuen «neurri murriztaileenak» hartu dituztela espetxeetan, pandemia hasi zenetik urtebete igaro denean: «erabaki dute espetxeak ixtea berriro. Denok ulertzen dugu birusa ezin dela sartu espetxean, oso larria izango litzatekeela hori; baina horiek ez dira neurri egokienak. Duela bi astetik, bertan behera utzi dira komunikazio eta lekualdatze guztiak. Eta alarma egoerak eta perimetro itxierek galarazi egin dute senitarteko eta hurbilekoen komunikazio eta bisitei eustea», adierazi zuen.


Velezek azaldu zuen, Espainiako Espetxe Erakundeak erabaki duela «espetxearen barruan  espetxea egitea. Eta gehiegizkoa da erabat ixtea, neurri hori ez baitator bat barneko kutsadura maila ez oso haundiarekin, eta tentsioa gehitzen du. Presoak arrisku taldean daude, eta beraz, neurri batzuk hartu beharko dira; hala nola, maskarak eta bestelako osasun elementu batzuk ematea, eta txertaketan lehentasuna presoek izatea, funtzionarioek bezala. Baina une honetan, ez dira osasun asis­tentzia bermatzen ari».


Frantziako espetxeei dagokienez, azaldu zuen itxi egin dituztela familia bisitak egiteko etxetxoak: «adin txikiko askok ez dituzte ikusi haien senide presoak, azkeneko hilabeteetan; eta badira adin nagusiko pertsonak, itxaropena galdu dutenak. Bidaietarako PCR probak egin beharra ez da ekonomikoki bideragarria senideentzat, eta ego­era horretan, preso askok eskatu diete bisitarik ez egiteko».

Alderdi politikoen eta sindikatu guztien akordioak, «albiste bikaina»
Eta bukatzeko, Patricia Velezek erreferentzia egin zien, azkeneko asteotan Lasarte-Oria, Tolosa eta Soraluzeko udaletan onartu diren mozioei: «mozio horien bidez, ezagutzera eman eta onartu da, espetxeetara egindako joan-eto­rrietan hildako 16 pertsonen familiei eragindako sufrimendu­a. Mozioak EAJ, EH Bildu, PSE eta Ahal Dugu-IU alderdien akordio politikoaren ondorio dira, eta sindikatu guztiek egin dute bat. Albiste bikaina da, eta garrantzia haundiko ekimena».


Bereziki azpimarratu nahi izan du Etxeratek, mozio horretako laugarren puntua, horrela dioena: «beste neurri batzuekin batera, presoen afera arrazoizko epe batean konpontzea, legeria arrunta eta espetxe-politika normalizatua soilik aplikatuz, ekarpen garrantzitsua litzateke bizikidetza demokratikoa eraikitzeko».


Puntu hori «balioan jarri» nahi du Etxeratek, «espetxe-lege arrunterako ibilbide hori erraztu egin behar delako, espetxe politika gizatiartzen lagunduko duen bidea eta presorik gabeko gizartera hurbilduko gaituena, non sufrimendu guztiak aitortuko diren, elkarbizitzarako ekarpen erabakigarri gisa».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!