Atzo, Euskadiko Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen ostalaritza-sektoreak gune gorrian establezimenduak ixtearen aurka aurkeztutako errekurtsoa. Hori horrela, gune gorrian dauden herrietan, itxita zeuden tabernak berriko irekitzeko baimena eman da.
Administrazioarekiko auzien aretoak erabaki du ostalaritza-sektoreak eskatutako «kautelazko neurria hartzea», hau da, abenduaren 10eko 44/2020 eta Lehendakariaren urtarrilaren 22ko 4/2021 dekretuetan jasotako irizpide murriztaileak «etetea». Dekretu horietan, udalerrietako tabernak eta jatetxeak ixtera behartzen zen, eta 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiagoko eragina izan zuten 14 egunetan.
Ostalaritza irekita, 20:00ak arte
Beraz, Hernani eta Astigarragako ostalaritzako lokalek, gaurtik aurrera ireki ahal izango dute berriro, pandemiako ohiko ordutegietan, hau da,
20:00etan itxiko dira.
Gaurtik aurrera irekiko dituzte ateak, Hernani eta Astigarragako tabernek
Jaurlaritzaren erreakzioa
Eusko Jaurlaritzak uste du, «ostalaritza itxi izanak kutsatze kopuruak murriztea eragin duela», eta astelehenean alegazioak aurkeztu zituen, udalerri horietan ostalaritza ixteko erabakia defendatzeko.
Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko prentsaurrekoa egiten ari zela iritsi zen erabakia. Bingen Zupiriak ez du balorazio zehatzik egin, baina jakinarazi du «Jaurlaritzak erabakiak hartzeko dituen ahalmenen inguruko eztabaida mahai gainean jartzen duela berriz ere. Jaurlaritzak hilabete hauetan etengabe eskatu dio Espainiako Gobernuari bere esku uztea beharrezko dituen tresnak egoera honi aurre egiteko. Auzitegiaren epaiak galdera ikur haundi bat jartzen du horren inguruan, benetan baditugun ala ez beharrezkoak diren tresnak egoera honi erantzuteko».