'Beterri Saretuz' enpresen sarea berriro martxan da, eta egitarau zabala prestatu du ikasturte honetarako

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Iazko Beterri Saretuzen azken jardunaldia.

Etzi emango dio hasiera ikasturteari, Usurbilen, Beterri-Buruntza eskualdean benetako parte hartzean oinarritutako enpresen ekosistema bat sortzeko programak. Ekimen irekia dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Etzi, berriro jarriko da martxan partaidetzan oinarritutako enpresen sarea, Beterri Saretuz. Usurbilen izango da urteko lehenengo jardunaldia, «sareak formalizatu eta harremanak sakontzeko» asmoarekin. Azaldu dute, Covid-19a dela eta espazio eta modu egokiak aurkitzeko lanean ari  direla, herritarren segurtasuna bermatze aldera.

Beterri Saretuz programak azaldu du, parte hartzea etengabe elikatu beharreko zerbait dela enpresetan, «ekonomia sozial eta eraldatzailearen oinarrietako bat izanik. Hori gabe, nekez lortu liteke proiektu batek lurraldean egitea. Baina horretarako oso lagungarria da eragile, erakunde eta enpresek osatutako ekosistema bat sortzea».

Sei hilabeteko egitarau zabala

Beterri Saretuz ekimenak badu parte hartzearen inguruko begirada berezi eta aitzindari bat, ekonomia eraldatzailearen esparrura eramaten duena: lurraldearekiko atxikimendua. Eta azaldu dute aurten jarraitu nahi dutela bide beretik: «eskualdean egin nahi dugu. Enpresa eta bestelako proiektuez gain, bereziki gonbidatu nahi ditugu enplegu politiketan dabiltzan tokiko erakundeak eta gizarte zerbitzuak eskaintzen dituztenak, egitasmo honetan parte hartu eta ekosistemari bultzada eman diezaioten».

Hainbat saio prestatu dituzte ikasturterako: «alde batetik enpresen beharrei erantzuteko prestatutakoak, eta bertan bidelagun izan da Hernaniko Maitelan kooperatiba, besteak beste. Eta beste aldetik, elkar ezagutzaren eta interkooperazioaren bidez parte hartzean oinarritutako enpresen sarea indartzen jarraitzeko saioak».

Jardunaldi guztiak, 'Beterri Saretuz' kanalean ikusgai

Beterri Saretuz programaren barruan egindako jardunaldi guztiak, bideoetan jaso dira, eta Beterri Saretuzen YouTubeko kanalean daude ikusgai: «bideo laburpenak eta ekitaldi osoak kontsultatu daitezke; hala nola, hizlarien interbentzioak eta esperientzien kontakizunak».

Helbide honetan aurkitu daiteke Beterri Saretuzen kanala: www.youtube.com/channel/UCFDoNi8zNltMRmPMD2D3gmA.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!