Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak ez zuten bere eguna izan eta bigarren partidua galdu dute

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Aimar Olaizolak ez zuen egunik onena izan ostiralean Azkoitian.

Ezkurdia eta Galarzak, ostiralean Azkoitian, 22-10 garaitu zituzten eta orain lau garaipen eta bi porrot dituzte Binakako Txapelketa Nagusian. Salaberriak bart gauean jokatu du Zeanurin Etxebarriarekin, Zubizarreta-Uriondoren aurka.

Binakako Txapelketa Nagusiaren seigarren jardunaldia ezusteko batekin hasi zen ostiralean. Aimar Olaizola goizuetarrak eta Beñat Rezustak 22-10 galdu zuten Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzaren aurka. Azkoitiko Gurea frontoian jokatu zen partidua eta ongi hasi ziren Olaizola eta Rezusta, 1-5 aurreratu zirelarik, baina berehala eman zioten buelta markagailuari urdinek eta 21-8 aurreratu ziren 15-2ko partzialarekin. 

Olaizola eta Rezustak galdu duten bigarren partidua da eta  lau garaipen lortu dituzte. Orain sailkapenean hirugarren kokatu dira eta aurretik Elezkano-Zabaleta eta Altuna II-Mariazkurrena dituzte bost garaipenekin. Ezkurdiak eta Galarzak aurreneko hiru partiduak galdu eta gero, erreskadan hurrengo hirurak irabazi dituzte eta laugarren postuan kokatu dira Peña eta Albisurekin berdinduta. 

Aste honetan amaituko da lehenengo itzulia eta partidu benetan interesgarria jokatuko dute Elezkano eta Zabaleta liderren kontra.
Ostiraleko partiduari buruz honakoa aipatu zuen Aimar Olaizolak: «Partidu txarra izan da gure aldetik, akats asko egin ditugu eta beraiek oso ondo jokatu dute. Penarekin, galduta, goaz etxera».

Salaberria, Promozioa mailako txapelketan
Bestetik, Promozio mailako txapelketan Iker Salaberria goizuetarrak eta Etxebarriak bart gauean jokatu dute seigarren partidua Zubizarreta III eta Uriondoren kontra Zeanuriko frontoian. Partidu guztiak irabazita presiorik gabe aritzeko arrazoiak bazituzten. Orain arte txapelketa ezin hobea ari dira osatzen goizuetarra eta bizkaitarra.

Markel Lizeagak galdu Espainiako Kluben artekoan
Espainiako Kluben arteko txapelketa ere ari dira jokatzen eta bertan Markel Lizeaga hernaniarra Burgoseko San Cristobal taldearekin ari da. Asteburuan Urbionen aurka 2-0 galdu zuten eta binakako partiduan Azpiri eta Lizeagak 10-4 eta 10-4 galdu zuten Cabrerizo eta Iturriagaren kontra.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!