Debut euritsua, Amonarriz, Azparren eta Semperenak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Enekoitz Azparren, Essor Basqueko aurreneko proban. Argazkia: Martin Early

Essor Basque lasterketan aritu dira asteburuan, denboraldiari hasiera emateko. Laboral Kutxako taldekideentzat aritu dira lanean Ander Amonarriz eta Enekoitz Azparren, eta Euskadiko Selekzioarekin izan da Telmo Semperena.

Eman diote hasiera, afizionatu mailako txirrindularitza denboraldiari, Ipar Euskal Herrian jokatzen den Essor Basque lasterketa ezagunarekin. Eta maila haundiko txirrindularien artean, bertan izan dira Urumea bailarakoak ere: Laboral Kutxarekin aritu dira Ander Amonarriz hernaniarra eta Enekoitz Azparren astigartarra; eta Euskadiko Selekzioarekin Telmo Semperena astigartarra.

Ander Amonarriz hernaniarra, euripean, Essor Basqueko aurrenekoan. Argazkia: Martin Early


Oso eguraldi petrala izan dute, denboraldia hasteko, Essor Basqueko aurreneko bi probetan; baina sekulako abiaduran osatu dituzte biak. Larunbatean jokatu zuten aurrenekoa, Tarnos eta Bokale artean (116 kilometro), eta Marc Brustrenga kataluniarrak lortu zuen garaipena. Taldekideentzat lanean aritu ondoren, 37garren bukatu zuen Azparrenek, sei minutura; eta 111garren Amonarrizek, 12 minutura. Haien bi taldekide, Xabi Berasategi eta Unai Iribar, 14garren eta 15garren izan ziren. Semperenak ezin izan zuen proba bukatu. Hemen daude ikusgai, Martin Earlyk aurreneko etapan ateratako argazki guztiak.

Bigarren etapa, berriz, Kanbon hasi eta bukatu zuten, 115 kilometroko ibilbidearekin; eta esprintean jokatu zuten garaipena, Sandy Dujardin frantziarrak eskuratu zuena. Tropel horretan iritsi ziren Amonarriz (42garren), Azparren (64garren) eta Semperena (94garren). Beste behin, Unai Iribar taldekidea izan zuten aurreneko postuetan Amonarrizek eta Azparrenek: seigarren sailkatu zen.

Beste hiru proba izango dituzte aste honetan, Essor Basquen barruan. Ostiralean, Donazaharren hasi eta Donapaleun bukatuko dute hirugarren proba (115 kilometro); larunbatean Donibane Garazin hasi eta bukatuko dute laugarrena (102 kilometro); eta igandean Maulen hasi eta bukatuko da azkeneko proba (122 kilometro).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!