Datozen egun hauek bereziak izaten ziren herritar guztientzat, kaleak kolorez janzten baitziren eta haurrek, gazteek zein helduek mozorrorik politenak janzten baitzituzten, Inauteriak ospatzeko. Aurten, ordea, izurritea medio, ospakizun asko bertan behera gelditu dira Urumea bailaran ere. Pandemiak galarazi egin du Inauteriak ohi moduan ospatzea eta, beraz, ez da izan jaialdirik herrietan eta auzoetan. Hala ere, zenbait herritarrek keinua egin diote ospakizunari eta Aranon, esaterako, bideoa egin zuten, orain arteko Inauteriak zer-nolakoak izan diren oroitzeko.
Horrez gain, Santa Ageda ez zen ohi moduan egin bailaran, baina zenbait eskoletako irakasleek eta ikasleek hainbat dinamika egin zituzten, ohitura ez galtzeko. Urumea Ikastolakoak, adibidez, oles egitera atera ziren eskola kanpora, Santa Ageda bezperan. Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak izan ziren koplariak, eta ikastolako hainbat txokotan abestu zieten gainerako ikasleei. Halaber, Txirritakoek, kaleak alaitu zituzten Ereñotzun. Makila eskuetan atera ziren kalera, txapela eta guzti, eta Ereñotzuko hainbat lekutan aritu ziren kantuan. «Poz-pozik ibili dira!», kontatu zuen irakasleetako batek.
Aranoarrek, ikus-entzunezkoa
Aranon pasa den larunbatean, hilaren 6an, ziren hastekoak Inauteriak. Urtero egiten dute Zomorroen bazkaria eta Zahagi Dantza, baina aurten, ordea, bertan behera gelditu dira ekintza guztiak. Ohi moduan ospatu izan balitz, goizean goiz abiatuko ziren zomorroak puska biltzera. Joan den urtean Izer eta Alabierren trikiti eta pandero doinuek lagundu zieten bidean, eta goiz ederra pasa zuten. Gero, Zomorrroen bazkaria helduko zen eta, arratsaldean, Zahagi Dantzak hartuko zituen kaleak.
Oraingo honetan, berriz, ezberdina izan da. Zahagiak ez dira ikusi herrian eta Zomorrorik ezta ere. Dena den, trikitixa eta pandero hotsak entzun dira, ikus-entzunezko polit bat egin baitute bertakoek. Orain arteko Inauterietako irudi mordoa erakutsi dituzte eta zenbait aranoarren testigantzak ere bildu dituzte. «Aurten ez da Inauteririk izanen, baina hurrengo urtean egingo ditugu!», esan du batek. Horrez gain, Jubilotekan ere oroitu zituzten karnabalak, Zahagi Dantzako zapela jantzi eta makilarekin urteroko ohiturak gogoratu zituzten.
Halaber, Maider Ansak, zapel gorri eta guzti, bertsoa bota zuen bideoan, Inauteriak oroitzeko asmotan:
Karnabal gabe gu triste gaude biño hurrengo urtian elkartuko ge
aupa Aranoko zahar eta gazte
ez gaitezen egon triste
zapel gorria jantzi ta eutsi
datorren urtera arte!
Mozorroak gela barruan, desfileak eta merendola
Egutegiari erreparatuta, asteburu honetan ziren ospatzekoak Inauteriak, Urumea bailarako herri gehienetan. Kolore biziak eta mota guztietako mozorroak izaten dira protagonista egun hauetan, baina aurten beste modu batera egingo da festa. Segurtasun eta prebentzio neurri guztiak beteta, Elizatxon, Haur Hezkuntzako ikasleak ikastolara mozorrotuta joango dira eta gelan ospatuko dute eguna. Lehen Hezkuntzakoek, aldiz, arratsaldean jantziko dituzte mozorroak. Lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoek desfilea egingo dute patioan, eguerdiko 14:30etan. Ondoren, merendola egingo dute. Horren ostean, 15:30etan, laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoak patiora aterako dira eta, bigarren txanda batean, horiek ere merendola egingo dute.
Urumea Ikastolakoek ere Inauteriak ospatuko dituzte. LH 4ra artekoak goizean goizetik joango dira ikasgelara mozorrotuta eta, LH 5ekoak eta 6koak, berriz, arratsaldean mozorrotuko dira. Haur Hezkuntzakoei dagokienez, dagoeneko erabaki dute maila bakoitzean jarriko duten mozorroa: 2 urtekoak pailazoz morroztuko dira; 3 urtekoak, panpinez; 4 urtekoak, urpekariez; eta, azkenik, 5 urtekoak, pijamaz. Bestalde, Aratzekoek eta Langilekoek ere antzeko plangintza prestatu dute. Ikasle guztiak mozorrotuko dira eta gela barruan egingo dute festa, merendola eta guzti.