Literaturarekin hiru hitzordu jarri dituzte aste honetarako, Biterin eta Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 00:00

Uxue Alberdiren 'Dendaostekoak' liburua landuko dute bihar, emakumeen euskal literatura mintegian.

Emakumeen Euskal Literatura Mintegia egingo dute bihar Biterin, 'Dendaostekoak' liburuari buruz; eta 'Jakobian eraikina' liburua landuko du Irakurketa Klubak, Erriberan.

Literaturaz betetako astea izango da otsaileko bigarrena, bailarako kultur etxeetan. Izan ere, literaturarekin hiru hitzordu ja­rri dituzte, Hernaniko Biteri kultur etxean eta Astigarragako Erribera kulturgunean.

Bihar izango dira aurreneko biak. Biterin, Emakumeen Eus­kal Literatura Mintegiaren saioa egingo dute, Kattalin Miner idazleak gidatuta, arratsaldeko 19:00etan. Oraingoan, Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburua irakurriko dute, ikuspegi feminista batetik. 70eko hamarkadan denda ireki zuten jostun bat eta brodatzaile bat dira protagonista: ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei, liburu politikoak eta diskoa gehitu zizkieten.

Erriberan, berriz, Irakurketa Klubaren saioa izango da bihar, 19:30etan hasita. Joannes Jauregik gidatuta, Alaa al Aswani idazlearen Jakobian eraikina liburuari buruz ariko dira. Ohi bezala, doakoa eta irekia izango da partehartzea. Hagop Jakobian armeniarrak Kairoko zentroan altxarazi zuen eraikina dauka erdigunean liburuak, eta 1990 urte inguruko Egiptoko gertakariak deskribatzen ditu.

Euskeraz izango dira bi saio horiek, eta gaztelaniaz egingo dute aste honetako hirugarrena, asteazkenean, Biterin: literatur solasaldia egingo dute, Penelope Fitzgerald idazlearen El inicio de la primavera liburuari buruz. 19:15etan hasiko da, eta Amaia Garciak gidatuko du saioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!