Argiak itzali dira Zarkumendegin eta izpi txiki batzuk ikusten dira Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 6a, 00:00

Juananan LarraƱagak zuzentzen duen Mundarrok, ostegunean egin zuen azken entrenamendua.

CD Hernaniko hiru talde nagusiek jokatzeko baimena dute erdiprofesional estatusa lortu dutelako, baina Mundarroko talde guztiak gelditu behar izan dituzte entrenamenduak zona gorrian sartu baita Astigarraga. Horien berri eman diote Kronikari: Joxean Oyarbide, Beñat Iñurritegi eta Juanan Larrañagak.

COVID-19ak sortutako pandemiaren aurrean errege direnak ere harrapatu ditu eta kirolean futbola bete-betean kolpatu du, batez ere harrobiko futbola. Herrietako klubak zailtasunak zailtasun aurrera jarraitu dute nahiz eta pasa den urteko denboraldia ezin amaitu eta gero, aurten bide beretik joan. 
Hernaniko CD Hernaniren eta Astigarragako Mundarroren egoera ez da erraza. Astigarraga eremu gorrian sartu da aste honetan eta atzo hartu ziren neurri murriztaile gehiago. Futbolari zuzenean eragin diote eta entrenamenduak ere bertan behera utzi behar izan dituzte «zona gorritik irten arte» Juanan Larrañagak gogoratzen duen bezala. 


Hernaniko klubean berriz, iluntasun honetan argi izpi batzuk atera dira eguzki artean, aste honetan. Maila goreneko hiru talde semiprofesional bezala daude aintzat hartuak eta horrek entrenatzen eta jokatzen jarraitzeko aukera ematen die. 


Joxean Oyarbide ereñotzuarra da kirol zuzendaria. Bere garaian Hernani, Eibar edo Real Union jokalari izandakoak ilusioz hartu zuen aste honetan bertan  Gipuzkoako Federazioak hartutako erabakia. «Ohorezko Erregional taldea erdiprofesional bezala aintzat hartu ditu espainiar Federazioak eta horrek Liga berriz ekiteko aukera eskaini du. Jadanik hasi dira entrenatzen eta hilabete honen amaiera aldera hasiko dira jokatzen partiduak».


Alderantziz, Preferente mailako Mundarro eta Hernani taldeak ez dira estatus horretan sartzen Mundarroko talde nagusiaren entrenatzaileak, Beñat Iñurritegik, dioen bezala, «gure Liga oraingoz ezin da hasi» eta aurrera begira zail ikusten du denboraldia ekitea, ezinezko ez esatearren. «Ez dirudi datozen asteetan egoera aldatuko denik eta denboraldia galdutzat dagoela esan liteke. Hala ere, Federazioa alternatibak bilatzen ari da eta ofiziala ez den txapelketa bat antolatu daiteke zona gorritik irteten bagara».

Ohorezko Erregionalean Liga osatzeko berregituratu egin da eta otsailaren 21ean hastekoak dira
Zubipen entrenamendu saioa egin zuten asteazkenean, lehenik Nazional Jubenil taldeak eta ondoren Ohorezko Erregional taldeak. Oyarbidek egoera orain nolakoa den azaltzen du. «Aldakorra, baina gutxienez Ohorezko Erregional taldea, Nazional jubenilen eta Euskal Ligako nesken egoerara batu dira. Jokatzeko baimena dute». 


Hori bai, denboraldiaren egitura zeharo aldatu da. Denboraldia urrian geratu zen, lehenengo taldeak partidu bakarra jokatu eta gero Añorgaren aurka. «Otsailean sartu gara eta argi dago aurreikusitako egutegia betetzea ezinezkoa dela, beraz orain egitura berriz aldatu da. Hasteko aukera eman zaie taldeei jokatu edo ez jokatzeko, egoera desberdinetan baitaude klubak. Horrek ez die inongo kalterik suposatuko, ez dagoelako jaitsierarik».


Hamar taldeko bi multzotan daude banatuta eta itzuli bakarrera hasiko da Liga, badirudi, otsailaren 21eko asteburuan. «Multzo bakoitzeko lehenengo lau taldeak igoera jokatuko dute final four batean, ekainean. Astebururo partidu bat jokatuko dute» dio CD Hernaniko kirol zuzendariak. 


Nagusien mailako beste kategorietan ez dirudi ligarik hasiko denik, baina txapelketa ofiziala ez den torneoren bat jokatu daitekeela diote Mundarroko Juanan Larrañaga eta Beñat Iñurritegik. «Orain gutxi idatzia pasa digu Gipuzkoako Federazioak nahi hori helarazteko. Ilusio haundia dute jokalariek kopa moduko bat jokatzeko».


Antigenozko probak egiten dituzte jubenilek astero
Nazional Jubenil taldeak bukatu du denboraldia eta nesken Euskal Ligako taldeak ere bai. Oyarbidek azaltzen du nola ari diren aurre egiten denboraldiari. «Espainiako Federakuntzak antigenozko probak egiten dizkie jokalariei astero eta programa baten bidez Espainiako Federakuntzaren webgunera igotzen dute jarraipena eta emaitza. Koronabirusean positibo ez dutela sinatu behar dute. Zorrotzak dira federakuntzakoak eta hori ez badute sinatzen ezin dute jokatu. Hasi dira urtarrilean Liga jokatzen eta gutxienez, aldaketa berririk ez badago, denboraldia amaituko dute». 


Pasa den astean beltzetik txurira igaro zirela dio Hernaniko kirol zuzendariak. «Dena bertan behera geratuko zela pentsatzen genuen eta ohar horren zain geunden ikusita denboraldia amaitzea zaila zela. Baina Erregional taldea erdiprofesional egin zutela erabakitzean dena aldatu da. Taldeari hori entrenamenduetan ere nabaritu zaio. Jokatu egingo dutela badakite eta ilusioa berriz ere itzuli da».  

Entrenamendurik gabe Zarkumendegin atzotik eta 17:00etatik 21:00etara Zubipen
Ordutegia ere murriztua dute klub denek. Bai Zubipen eta bai Zarkumendegin arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara aritu dira entrenatzen etxeratze aginduak derrigortura. Astigarragan atzotik hori ere bertan behera geratu da: «Futbol eskola mantendu nahi dugu eta hori egon denean ordu gutxiago daude entrenatzeko jende gehiagok entrenatzen duelako. Gu nahiko ongi ari ginen moldatzen, badakigu Donostiako talde gehienek zailtasunak izan dituztela zelaiak talde desberdinen artean banatu behar dituztelako. Hala ere, orain eskola kirola geldirik dago» dio Joxean Oyarbidek. 


Realeko jokalari ohiak eta orain Mundarroko kirol zuzendaria den Juanan Larrañagak gogoratzen du txikienak denboraldi hasieran hasi zirela entrenatzen, «gero lehenengo aldiz geratu zen eskola kirola eta orain aste gutxi batzutan berriz ekin zioten, baina bi aste bakarrik iraun du». Beraz gaztetxoenak; prebenjaminak, benjamina, alebinak... ezin dute entrenatu.


Oyarbideren ustez tamalgarria da «hemen babestuago sentitu eta daudelako. Zelaia haundia da eta ongi geunden antolatuta, segurtasun haundiarekin». Dagoen beldurra da kirola ez egitera gazteak ohitzea. «16-17 adin horretan batez ere. Kadeteak oso ongi ari dira entrenatzen 24-25 jokalari etortzen dira. Entrenamenduak libre jarri ditugunean oso ongi erantzun dute. Infantil bi taldeek ere bikain erantzun dute. Preferentea ere ongi. Arrisku haundiena ikusi dugu nesketan aipatu dudan adin horretan» aipatzen du Oyarbidek.


Infantilek eta kadeteek Hernanin ez dute partidu ofizialik jokatu urte osoan zehar. «Lagunarteko batzuk bakarrik jokatu zituen kadeteak». Astigarragan ordea kadeteek jokatu zuten jardunaldiren bat dio Larrañagak. «Txapelketa hasi zuten, partidu bat urrian. Talde jubenilak eta Preferenteak ere jokatu zuten partiduren bat».


Eskola kirolean alebin, benjamin eta txikienak urte ia oso bat geldirik egon dira. «Egun zehatz batzuetan daude derrigortuta entrenatzera eta adibidez igandean entrenatzeko aukera ezin da erabili». 

Larrañagaren ustez ikusteko dago geldialdiak izango duen eragina eta Oyarbidek aipatzen du nabarituko dela
Etorkizunari begira pandemiak eragindako geldialdi honek nola eragingo duen jakiteko dago Larrañagaren ustez. «Ikusi egin beharko da. Ditugunak oso fidelak dira, kanpotik etortzen direnak ere bai. Herrikoek jarraituko dute eta ez dut uste arazorik izango dugunik. Arazoa da baten batek utzi dezakela».


Oyarbidek uste du nabarituko dela. «Urte bete, martxoaren 14an beteko da geldialdia hasi zela. Denboraldia bete-betean gelditu zen eta aurtengoa ere galdu egingo da. Ez dakigu zer gertatuko den eta konpetitu gabe denbora asko da. Entrenamenduak ere ez behar den fundamentuarekin, jarraipenik gabe. Egia da lesiorik ez dugula nabaritu, baina ikusiko da». 


Maila haundiagoko taldeek euren kontura ere saioak egin dituzte. «Kadeteak, jubenilak eta nagusiak aritu dira entrenatzen euren kaxa. Lehenengo taldeak ilusio haundia zuen, talde polita bildu zuen eta goraka zetozen, hirugarren eta gora begira, hiru puntura. Ilusio hori mantendu dute eta entrenatzen ikusi ditugu. Pena haundia hartu zuten eta serio jarraitu dute aurten. Badakigu talde batzuk eta jokalari batzuk dena argitu arte ez direla entrenatzen hasiko. Guk ahal dena egin dugu» aipatzen du ereñotzuarrak. 


Hernaniko klubak jarraibide batzuk eman dizkiete jokalariei etxean edo kanpoan egiteko. «Ohorezko kadeteek ere bai, baina adin txikiagoetan ez. Egia da urte horietan, 12-13 urterekin, ohiturak barneratzen dituztela eta gero nabaritu daiteke hori falta dutela. Urte horietan entrenatzeko eta kirola egiteko ohitura hori hartzen ez duzunean zaila da gero hartzea» pentsatzen du Oyarbidek. 


Klubetan lan haundia egin da dena nahastuta dagoelako eta protokoloak betetzeko
Klubean lan haundia izan dute antolaketan. Kirol Zuzendari hernaniarrak dioenez «Dekretuak uneoro aldatu dira; kopuruak entrenatzeko, taldeka bai edo ez, maila batekoak bai edo beste batzuk ez... eta hori antolatu eta azaldu egin behar da. Aldageletan ere lan haundia egin du Dani Plazak. Hala ere jokalariak etxetik etorri behar dute aldatuta eta gero ere horrela joaten dira etxera. Jendearen gainean ere egon behar duzu neurriak behar bezala betetzeko».


Astigarragan ere horrela izan da. «Oso urte konplikatu da. Dena nahastuta dago, gazteak entrenatu nahi dute eta sufritu egiten dute» aipatzen du Larrañagak. Gurasoekin ere  behar bezalako komunikazioa mantentzea ere ez dela erraza dio eta «gainera sufritu egiten dugu denak. Abisua jasotzen da baietz, gero ezetz eta dena nahiko nahastuta dago».


Hala ere, Larrañagak bere alde hona ikusten du. «Honek batu egiten gaitu. Astigarraga hazten ari den herria da, adin haundiagokoen mailetan Donostiatik etortzen den jokalari asko ditugu, baina beheko taldeetan nabaritzen ari gara gero eta bertako jokalari gehiago ditugula eta etorkizunean bertako jokalariekin osatutako goiko taldea osatzea ederra litzateke. Pena da, geldialdi honek zer suposatuko duen ez dakigulako, baina etorkizuna badago».  

 

JOXEAN OYARBIDE
HERNANIKO KIROL ZUZENDARIA

«Eskola kirolean gertatu da jende gehiago hurbiltzea kirola egiteko nahia dagoelako»
«Futbolean eragina beste kiroletan baino txikiagoa izan daiteke jende arazo gutxiago duelako. Gainera jokalarien erantzuna oso ona izan da eta eskola kirolean egon dira gurasoak deitu digutenak noiz hasiko garen martxan, seme edo alaba nahi dutelako futbolean hastea. Gerta liteke behin normalkuntza berri batera iristean jendearen gogoak haundiagoak izatea eta kirolera jende gehiago hurbiltzea eskola kirolan gertatu den bezala. Nahiz eta pandemiaren erdian egon klubean futbolari kopurua mantendu dugu, tamalez neska gutxirekin infantil mailan geratu gara. Futbola eta kirol gehienak seguruak dira, kanpoan egiten dira asko, leku zabalak izaten dira... arrisku gehiago ikusten dut beste hainbat giro eta lekutan kirolean baino. Federazioak protokoloak ongi zehaztuta ditu eta gainera zer egin daitekeen, nola entrenatu edota taldeak nola banatu jasota dago. Klubek eta batez ere futbolariek nahi dutena da jokatu. Konpetizioak erakartzen du eta hori eskainita pozik daude, ilusioa pizten da eta zorionez oraindik hori ez da itzali».

JUANAN LARRAÑAGA
MUNDARROKO KIROL ZUZENDARIA

«Zailtasunean pandemia honek klubean batu egiten gaitu»
«Gurasoek eta jokalariek badakite arazoak daudela, guk ere badakigu beraientzako ederra dela Zarkumendegira etorri eta entrenatzea, baina ezin denean ezin da. Zabaldu baino gehiago elkartu eta indarberritu egiten gara elkarrekin lagunduz. Zailtasunean honek batu egiten gaitu. Jokalariak entrenatzera gustora etortzen dira, baina jokatzea faltan botatzen dute. Berdin zaie partidu ofiziala edo lagunartekoa, beraiek jokatu egin nahi dute. Elkarrekin urteak daramatzate eta ez jokatze horrek min ematen die, konpetezioa nahi dute. Astigarraga azken urteetan asko hazi den herria da eta horrek taldera jende gehiago ekarriko du. Etorkizunean denak batera eskutik goiko taldera igotzea helburu polita da».

BEÑAT IÑURRITEGI
MUNDARROKO ENTRENTZAILEA

«Jokalarien inplikazioa ikaragarria izaten ari da maila guztietan»
«Egoerak nolako garapena izango den ikusiko da. Liga ez dut uste hasiko denik eta txapelketa ez ofizial alternatibo hori ea jokatzen den gaude zain. Jokalariak etortzen dira futbolean jokatzea oso gustoko dutelako, izan diren gora-beherak kontuan izan da argi geratu da gustora etortzen direla. Inplikazio haundia erakutsi dute. Denak nahi dute futbolean aritu eta desioa haundia da eta pena ere bai ezin jokatu daudelako. Maila guztietako haurrak erakutsi digute grina hori, entrenatu nahi dute eta gainera behar dute. Jokalariak etxetik etortzen dira aldatuta, Zarkumendegi herriaren kanpoaldean dago eta hala ere lagunekin egon, jokatu eta momentu atseginak pasatzen dituzte. Berdin zaie hotza edo beroa, harmailetan aldatzen dira eta gustora daude».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!