Zinea bihartik Biterin, Erriberan eta Hernaniko Gaztelekuan, haur, gazte zein helduentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 00:00

Datozen egunetan proiektatuko dituzte 'Elfinks' eta 'El inconveniente' Biterin, 'Ipuin-Herriko Berriak' Erriberan eta Gaztelekuan, gazteek zehaztutako beste bat.

Otsailerako egitarau zabala antolatu dute Astigarragan eta Hernanin. Plangintza horren baitan daude asteburuetako pelikulen proiekzioak. Hori horrela, bihartik astelehenera arte hainbat film ikusteko aukera izango dute herritarrek. Batetik, Hernaniko Gaztelekuan gazteek aukeratutako pelikula izango da. Bestetik, Erribera kultur gunean Ipuin-Herriko Berriak filma ikusteko aukera izango dute astigartarrek. Etxeko txikienei zuzendutakoa da eta arratsaldeko 17:00etan izango da hitzordua. Eta, azkenik, bihar eta etzi El inconveniente izango da Biterin, helduentzat, arratsaldeko 19:00etan. Astelehenean, ikusleen egunean, berriz, 16:30etan eskainiko dute. Horrez gain, Biterin ere, bihar eta etzi, Elfkins ikus-entzunezkoa egongo da, 16:00etan.

Marrazki bizidunen filmak, etxeko txikientzat    
Biterin eta Erriberan Ipuin-Herriko Berriak eta Elfkins pelikulak proiektatuko dituzte, hurrenez hurren. Hernaniarrek Elfinks deiturikoak ezagutuko dituzte, urte luzez lur azpian bizi izan direnak, goi-mailako mundutik urrun. Helvi, Kipp eta Butz hirukoteak lurrazalera igo nahi duela erabakitzen du eta abentura ugari izan ondoren, Theo sukaldariaren lagun egin dira. Theok gogoraraziko die Elfkinsen helburuak zein diren. 

Bestalde, astigartarrek hontz jaunaren istorioak entzungo dituzte. Bere zuhaitzera igota, Ipuin-Herriko Berriak egunkaria irakurtzen du goizero-goizero. Bertan, Ipuin-Herrin gertatzen diren istorio zoragarriak kontatzen dira. Baina, batez ere, herriko biztanle guztien ezusteen, haserreen, esperientzien eta emozioen berri ematen du egunkariak. Zikoina andereñoak, Bele jaunak eta gainerako lagunek koadrila dibertigarria osatzen dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!