Hala diote Santa Ageda bezperako kopla ezagunek: Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz; aterik ate ohitura zaharrak, aurten berritzeko asmoz. Eta aurten, halabeharrez berritu beharko dituzte ohitura zaharrak, pandemiak ez baitu aukera emango, ohiko moduan egiteko.
Arratsaldeko kale bueltarik eta etxez etxeko kantu saiorik ez da izango gaurkoan, bailarako herrietan: bertan behera geratu dira denak. Baina horren aurrean, etxe barruan kantatzeko gonbitea luzatu du Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzak.
«Entseguak, lepoko zapi zuria, baserritar jantzia armairutik atera... Horiek izan ohi dira egun hauetako lanak, baina egoera dela eta, ezin izango dugu gure herriko kaleetatik barrena kantari aritu. Horregatik, asko zaintzea gomendatzeaz gain, gonbidatzen zaituztegu gaurko Santa Ageda bezpera etxean ospatzera, bikotearekin, seme-alabekin... Gozatu eta gozarazi!».
Abesbatzak azaldu du, gainera, 2022an 60 urte beteko direla, Hernaniko kaleetan barrena kantuan ateratzen hasi zirenetik: «beraz, urratsak ematen joateko, adin, jatorri... ezberdinetako pertsonak ezagutzen badituzu, helarazi Santa Ageda bezperako kantak (albiste honen bukaeran), eta datorren urtean elkarrekin kantatuko ditugu. Orduan, kalean arituko gara, txistulari eta bertsolarien laguntzaz», diote.
Etxean abesteko proposamen hori erraztuko du Astigarragan, Aiztondo abesbatzak. Izan ere, lau lagun aterako dira, karroa eta baflea hartuta, Santa Ageda bezperako doinuak zabaltzera. 18:30etan abiatuko dira, Kontxa Etxeberria plazatik.
Ikasleak kantari, goizean
Santa Ageda bezperako koplekin huts egingo ez dutenak, ikasleak dira. Ikastetxe ezberdinetan daukate hitzordua, goizean zehar kantari aritzeko. Ereñotzuko Txirrita eskolako haurrak, esaterako, bi taldetan aterako dira kalera, 10:00ak eta 11:00ak bitartean: eskola inguruko etxeetan ariko da talde bat, eta Txilibita baserritik futbol zelairako bidea osatuko du bigarrenak.
Astigarragako Herri Eskolan, berriz, ikasle txikienak helduagoen geletara joango dira, koplak kantatzera.
Eta Hernaniko ikastetxeetan ere entzungo dira makil hotsak eta koplak. Elizatxon, txandaka aterako dira ikasleak patiora: 09:30etan, LH 3koek eta 4koek abestuko diete LH 1eko eta 2ko bi ikasgelatakoei; eta 11:30etan, LH 5ekoak eta 6koak ariko dira kantari, beste bi ikasgelaren aurrean. Txandaka aterako dira patiora, goizean zehar, Aratz ikastetxekoak ere, ikasgelaka. Eta Langilen, bi talde antolatu dituzte: LH 5eko ikasleek Laubidietan abestuko diete LH 1-4 arteko ikasleei; eta LH 6koek Meabe (HH 2-4) eta Bidebietakoei (HH 5) abestuko diete.
Bideoak, kale buelten ordez
Arratsaldeko kale buelten faltan, bideoak izango dira Santa Ageda bezperako koplak zabaltzeko modua, kasu askotan. Horixe da, esaterako, Hernaniko Kantuz abesbatzak egin duena. «Pandemiak behartu gaitu eguna beste modu batera bizitzera. Teknika berriak erabiliz, audioak grabatu ditugu, eta bideoak ere bai, Hernaniko zenbait txoko politetan: Leokan, Goiz Eguzkin, Ave Marian eta Agustindarren plazan». Horiek guztiak bateratuta, bideoa osatu dute, herritarrek Santa Ageda bezperaz gozatu dezaten:
Abesbatzak gogora ekarri ditu, gaurko egunez bizitakoak. Izan ere, 1990ean atera zen aurreneko aldiz kalera, Santa Ageda bezpera ospatzera. «Ordutik, tradizioari eutsiz, kale buelta egin izan dugu urtero, eguraldi oso txarra egin duen urteren batean izan ezik. Eta ondoren, sagardotegira afaltzera joateko ohitura geneukan». 2005eko «ospakizun xelebrea» ere ekarri dute gogora: «Santa Ageda bezpera izateaz gain, inauteri ostirala ere bazen, eta baserritar jantziak aldatu genituen; gizonek emakumeenak jantzi zituzten, eta emakumeek gizonenak».
Eta ez dute ahaztu nahi izan iazkoa ere: Plazan elkartu ziren Goiz Eguzki, Ohitura Zaharrak, Kantuz eta Musika Eskolako abesbatza, elkarrekin kantatzeko. «Momentu berezia izan zen».
Kantuzek bezala, bideoa osatu du Aiztondok ere, bakoitzak bere etxean grabatutakoarekin. Eta bideoa grabatzeko asmoa dauka Norberto Almandoz Musika Eskolako abesbatzak ere: ikasgela batean kantatuko dute gaur, eta bideoa sare sozialetan zabaldu gero.