Añarbek ez dio fluorrik gehituko edateko urari, aurrerantzean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Haurren aho-hortzetako osasuna hobetu dela eta, uraren fluorazioa ezabatzea erabaki du, Petritegi inguruan daukan estazioan.

Fluorrik ez dio gehituko Añarbek aurrerantzean, edateko urari. Orain arte, haurren artean hortzetako txantxarra edo kariesa prebenitzeko gehitzen zitzaion fluorra, baina ikusita haurren aho-hortzetako osasuna hobetu dela, eta kariesaren kaltea antzekoa dela ur fluoratua duten eremuetan eta fluoratu gabekoa duten eremuetan, erabaki dute ezabatzea uraren fluorazioa, Añarbek Petritegi inguruan daukan estazioan, Astigarragan.

Bertatik bideratzen da edateko ura Astigarragara eta Herna­nira, eta baita beste zortzi herritara ere: Donostia, Errenteria, Pasaia, Lasarte-Oria, Oiartzun, Lezo, Urnieta eta Usurbil.

1994an hasi ziren uraren fluorazioa egiten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 1988ko Dekretu baten aginduz. Dekretu horren helburua zen hortzetako kariesa prebenitzea haurretan, Osasunaren Mundu Erakunde­ak ezarritako jarraibideei kasu eginez.

Zehazki, 30.000 biztanle baino gehiago hornitzen zituzten erakundeek zeukaten betebeharra, kontsumo publikorako urak fluoratzeko.

0,46ra jaitsi da, kaltetutako hortz piezen batazbestekoa

Fluorazio hori, mantendu egin behar zuten, gutxienez, 12 urterekin CAO indizea 1,5 hortz pieza baino gutxiagokoa izan arte. CAO indizea da, kariesa duten, kariesaren ondorioz galdu diren edota itxita dauden hortz iraunkorren batezbestekoa. Eta EAEko ikasleen aho-hortzetako osasunaren 2018ko IV. Azterketa Epidemiologikoaren ondorioen arabera, indize hori bost aldiz murriztu da 1988ko dekretua onartu zenetik, Añarbek azaldu duenez: 2,3koa zen CAO indizea 1988an, eta 0,46koa da orain.

Añarbek azaldu du, bestalde, 12 urterekin «oso antzekoa» dela CAO indizea, ur fluoratua duten eremuetan, eta fluoratu gabeko ura dutenetan. «Beraz, haurren aho-hortzetako osasunaren hobekuntza orokorra, eragin dute uren fluorazioarekin zerikusirik ez duten hainbat faktorek», nabarmendu du. Faktore horien artean aipatu ditu, besteak beste, Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) ezarri izana, aho-hortzetako higiene haundiagoa, edota hortzetako pasta fluoratuen erabilera.

2020ko otsailean eman zuen agindu bat Osasun sailburuak, dekretu-proiektu bat jendaurrean jar zedin, 1988ko Dekretua indargabetzeko. Lehenago ere, 2015eko azaroan, fluorraren dosifikazioa jaistea ebatzi zuen sailburuak berak: litro bakoitzeko 0,9 miligramo izatetik, 0,7ra jaitsi zuen orduan.

Osasun Sailburuaren azkeneko neurriak onartuta, Añarbek erabaki du uraren fluorazioa ezabatzea Petritegiko estazioan. Horrela, bat egin du EAEko ur-horniduren erakunde kudeatzaile nagusiekin, «haiek ere fluorazioa ezabatu baitute beraien tratamendu instalazioetan»: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Aguas Municipales de Vitoria-Gasteiz SA (AMVISA), Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, edota Txingudiko Uren Mankomunitatea.

Uraren fluorazioa, «neurri eztabaidagarria, eta Europako herrialde askotan ezabatua»

Azkenik, Añarbek nabarmendu du, uraren fluorazioak, «beste neurri batzuekin batera», haurren aho-hortzetako osasuna ho­­betzea ahalbidetu duen arren, «neurri eztabaidagarria» izan dela, eta «Europako herrialde askotan» ezabatu dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!