Olaizola II eta Salaberria goizuetarrak, sendo

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Binakako txapelketetan bi garaipen berri lortu dituzte Rezusta eta Etxebarria bikoteekin eta sailkapeneko lehenengo postuetan daude.

Esku pilotako Binakako Txapelketa Nagusia eta Promoziokoak bosgarren jardunaldia bete du te egun hauetan eta goizuetarrek sendo jarraitzen dute. Jardunaldia ezin hobea izan da bai Aimar Olaizolarentzat eta baita Iker Salaberriarentzat ere.

Igandean Bilbon, Miribillan, Olaizola eta Rezustak egundainoko jipoia eman zieten Jaka eta Martijari. Binaka gutxitan ikusten den emaitzarekin irabazi zuten urdinek 22 eta 2. Rezustak ikaragarri jokatu zuen eta Olaizolak nahi zuena egin zuen aurrean Jaka eta Martijaren ezinaren aurrean.  Jaka egungo Banakako txapelduna da eta Martijak Binakakoa irabazi zuen abenduan Ezkurdiarekin batera. Hala ere, Rezusta eta Olaizola askoz gehiago izan ziren.

Garaipen honekin lehenengo postuan jarri dira sailkapenean. Larunbatean Elezkano eta Zabaletak lehenengo porrota jasan zuten eta orain lau garaipen eta galdutako partidu bakarra dute bi bikoteek.

 

Bostetik bost garaipen, Salaberria-Etxebarriak

Oraindik ere hobeto dabiltza  Salaberria eta Etxebarria Promozio Txapelketan. Larunbatean, Labriten, bosgarren partidua irabazi zuten bost jardunalditan. Aurrez aurre Alberdi eta Salaverri II izan zituzten eta garaipen erosoa lortu zuten 22-13. Martxa honetan, lehenengo itzulia amaitzean finalerdietako sailkapena ia lortuta izango dute. Gogoratu behar da bi txapelketak zortzi bikotek osatzen dituztela eta lehenengo fasean hamalau partidu jokatzen direla. Lehenengo laurak sailkatzen dira finalerdietara. Normalean zazpi garaipen nahikoak izaten dira sailkatzeko.

 

Markel Lizeaga San Cristobalekin Espainiako Liga jokatzen ari da

Markel Lizeaga hernaniarra Burgoseko San Cristobal taldearekin Espainiako Liga ari da jokatzen. Asteburu honetan Burlatako Zugarralde taldearen aurka aritu dira. Markel Lizeagak Azpirirekin osatzen du bikote eta bere partidua 10-5 eta 10-2 irabazi zuten. Hala ere, banakakoan Santxok 10-9 eta 10-6 galdu zuen Elizalderen aurka eta beraz banako emaitzarekin bukatu zen norgehiagoka.

San Cristobal taldea aurretik Huarteren kontra aritu zen eta Lizeagak eta Azpirik erraz galdu zuten Laso eta Beroizen aurka. Laso orain arte profesionala izan da eta Baikok bere kontratua berritu gabe utzi ondoren ari da jokatzen bere Huarterekin. B taldeko sailkapenean Huarte da nagusi eta San Cristobal hirugarren dago kokatuta lau punturekin. Igande honetan Urbionen aurka ariko da San Cristobal taldea Lizegarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!