Gaur amaituko da pasa den ostegunean bertan behera geratu zen atzeratutako partidua Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Segurola eta Zaldua I.ak 21-19 aurretik hasiko dute partidua Zaldua II eta Larrañagaren kontra, hezetasunagatik amaitu ez zena. Zubiri goizuetarrak, Etxarrirekin batera, Mirubia eta Martirenaren aurka jokatuko dute ostegunean.

Erremonteak ez du atseden hartuko aste honetan. Aurreko astean Master Txapelketaren finala jokatu baldin bazen, gaur Oriamendi Torneoaren lehenengo jardunaldiaren lehenengo partidua amaituko da. Aurreko ostegunean hasi zen txapelketa, baina hezetasunaren ondorioz bertan behera geratu zen. Honela, gaur emango zaio amaiera partidu horri, 17:00etan hasita. Orain arte bezala ateak itxita jokatuko da partidua.

Lehenengo jardunaldia eten zenean aurreneko partidua zegoen jokoan. Segurola eta Zaldua I aurretik ziren 21-19 Zaldua II eta Larrañagaren aurka. Partidua nahiko berdindua zihoan, baina zutik egoteko zailtasunak zituzten eta pilotakada arriskutsuren bat ere egon zen hezetasunaren ondorioz. Modu egokian jardunaldia etetea erabaki zen.

Honela gaur, lehenengo partidua 21-19rekin hasiko da eta bigarrengoa berriz ez da gaur jokatuko, baizik eta ostegunean ekingo diote txapelketari bi bikoteek. Bertan Zubiri goizuetarrak jokatuko du. Etxarrirekin batera ariko da eta aurkari Mirubia, garai batean Etxabe II.a zena, eta Martirena izango dituzte.

Otsailean zehar txapelketa hau jokatuko da lehenengo fase batekin, gero finalerdiak eta azkenean finala. Sei bikote daude lehian, hiruko bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko bi onenak pasako dira finalerdietara eta partidu honetako irabazleak finalera pasako dira.

Txapelketa honetan ez dira ariko Barrenetxea, Urriza, Juanenea eta Ansa urnietarra. Endikak ere ez du jokatuko, lanaren ondorioz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!