COVID-19a dela eta, Korrikaren 22garren edizioa urtebete atzeratzea erabaki zuten pasa den urrian. Aurten zen ospatzekoa, baina koronabirusak galarazi egin du ekimena egitea. Asier Arrondo Korrikako arduradunak adierazi zuenez, «erabaki gogorra» izan zen, baina arduraz jokatu beharra zegoela helarazi zuen.
Horren harira, AEK-k gogorarazi du egun hauetan 55 urte bete direla Rikardo Arregik, beste euskaltzain batzuen babesaz, gerora AEK bilakatuko zen ekimena abiatzeko eskaria igorri ziela Euskaltzaindiako kideei; alegia, Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzearen premia lehendabizikoz azaldu zienetik. Orain, urte horien guztien ondoren, AEK-k berretsi egin nahi du egun ere Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak «berebiziko» garrantzia duela, «inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu».
Martxoaren 28an, hainbat tokitan elkartuko dira
Rikardo Arregiren gertaera hura gogoan, AEK-k esan du, Korrikarik egin ezin izango den urte honetan, eta «Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzearen garrantzia aldarrikatzekotan», Korrikak amaitu behar zuen egun berean (martxoaren 28an), Euskal Herriko hainbat tokitan elkartzeko asmoa dutela, eta deialdia luzatu diete herritarrei, «euskaltzale guztiei», egun hori agendan gordetzeko. Halaber, jakitera eman dutenez, ekimen horren nondik norakoak aurrerago jakinaraziko dituzte. Ekitaldi xumeak izango direla aurreratu dute, unean uneko osasun-neurrietara egokitutakoak.
Horregatik, ekimenaren alde egiten jarraitzeko mezua zabaldu dute. Izan ere, bi urtetik behin egiten da Korrika, baina datorren edizioa egiteko eta Euskal Herri osoari bira emateko hiru urte itxaron beharko dira.