Egungo egoeran, urte aldaketak ezer gutxi dakar aldaketatik, zenbaki hutsetik harago. Baina urte zailari errepasoa egiteko balio dezake, behintzat, abendua bukatzearekin batera urtea itxi izanak. Eta horrela gertatu da Urumea bailarako lan munduaren egoerari dagokionean ere. Abenduko langabezia datuek eman diote itxiera urteari, eta konfirmatu dute pandemiak izan duen kaltea: 1.242 lagunek bukatu zuten urtea langabezian, baina are gehiago izan dira urtean zehar: batazbeste, hilero bailarako 1.300 herritar egon dira lanik gabe, 2020 urtean zehar.
COVID-19ak eragindako pandemiak Euskal Herria hartu aurretik, 1.100 baino gutxiago ziren langabeak, bailaran; eta martxoan konfinamendua hasi zenetik, koxka bat baino gehiago egin zuen gora kopuru horrek: martxoko 1.202 langabeak izan dira kopuru txikiena, ordutik. Eta denetan gogorrena abuztua izan da, 1.474 herritar baitzeuden orduan langabezian.
Apiriletik urrira egon zen langabe kopurua 1.300eko langatik gora; eta ekainan, uztailan eta abuztuan izan ziren 1.400 baino gehiago. Ordutik, beheranzko joera hartu zuen, eta hain justu, abendukoa izan zen langabe kopuru txikiena, martxotik. Orduan, baina, zabalik zegoen ostalaritza, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Nafarroan. Eta urte aldaketarekin, aldatu egin da hori ere. Nafarroa osoan, ostalaritza establezimenduek itxita izan behar dute lokalaren barruko aldea, eta soilik terrazetan edo eramateko eman dezakete zerbitzua. Gipuzkoan, berriz, ostalaritza itxita dago, eremu gorrian dauden herrietan; eta horixe da Hernaniren kasua, aste honetatik. Astigarragako ostalaritza bakarrik dago, une honetan, abenduko egoera berean.
Zerbitzuen sektorean, langabe gehien
Eta hain justu, zerbitzuen sektorea da langabe gehien dituena Urumea bailaran, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) emandako datuen arabera. Multzo horrek hartzen ditu bere barnean merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzuak. Eta batazbeste, 898 herritar egon dira langabezian 2020 urtean zehar, lan esparru horietan.
Pandemiaren aurretik ere, zerbitzuena zen langabezia tasa haundieneko sektorea, bailaran. Guztien %68 ziren otsailean, 747 langaberekin. Ordutik, gora egin zuen kopuru horrek, abuztuan goia jo zuen arte: 1.016 ziren lanik gabe zeudenak, sektore horretan aritutakoak. Horietatik, 850 biztanlek bukatu zuten urtea lanik gabe, SEPEren azkeneko datuen arabera.
Antzekoa izan da joera, industriaren sektorean. Otsailean 135 langabe zeuden bailaran, eta pandemiaren hasieratik, etengabe egin zuen kopuruak gora, abuztuan urteko maximora iritsi arte: 188 zeuden lanik gabe. Ordutik, gorabeherak izan ditu sektoreak: behera egin zuen irailetik azarora, 155 langabera jaitsita, baina 166 langabera igo zen abenduan, urtea ixteko.
Ez da oso bestelakoa izan egoera, eraikuntzan ere. Urtarrileko 60 langabeetatik, 69ra igo zen otsailean, eta horrela, datu txarrekin sartu zen pandemian. Edonola ere, kopuru horrek gora egin zuen, uztailean 83ra iritsi arte. Behera egin du ordutik, eta azaroan 64ra jaitsi ondoren, 68rekin itxi zuen urtea; pandemia hasi aurretik baino gutxiago, hain zuzen ere.
Baina nekazaritzaren sektorea da, gainerakoen joeratik aldendu dena. Otsailean 35 langabe izan ondoren, behera egin zuen kopuru horrek, pandemia hastearekin batera, maiatzean 29 izateraino. Hortik aurrera bai, gora egin zuen langabe kopuruak, eta urteko daturik txarrenarekin bukatu zuen 2020a: 42 langabe ziren.
Bailarako herri guztietan gora, langabezia
Pandemiarekin gora egin du langabeziak, Urumea bailaran, orokorrean. Eta igoera hori, bailarako herri guztietan nabaritu da, salbuespenik gabe. Otsailean, 832 langabe ziren Hernanin, 242 Astigarragan, 15 Goizuetan eta bakarra Aranon. Martxoan, herri guztietan egin zuen gora kopuruak, eta abenduko datuak txarrenak izan ez diren arren, pandemia aurrekoak baino nabarmen okerragoak izan ziren: 954 Hernanin, 263 Astigarragan, 21 Goizuetan eta 4 Aranon.
Dena den, joera eta gorabeherak ez dira berdinak izan, bailarako lau herrietan. Nahiko antzekoa izan da Hernanin eta Astigarragan, antzekoa izan delako pandemiaren bilakaera ere, momentu askotan; eta neurri berdinen eraginpean egon direlako, baita ere. Horrela, gorantzako joera izan zuen langabeziak bi herrietan, pandemiaren hasieratik; eta abuztuan jo zuen goia: 299 langabe izan ziren Astigarragan, eta 1.152 Hernanin. Hortik aurrera, behera egin zuen kopuruak, eta 263 eta 954 langaberekin itxi zuten 2020 urtea, hurrenez hurren.
Biztanleria askoz ere txikiagoa izanik, pandemiaren kaltea ez da hain agerikoa Aranoren kasuan, langabe kopuruari erreparatuta. Otsailean langabe bakarra izatetik, bira igo zen martxoan, eta hirura apirilean. Hortik aurrera, kopurua ez da aldatu, ez gora eta ez behera, abenduan bat gehiago batu arte: lau langaberekin itxi du urtea Aranok.
Goizuetan, berriz, nabarmenagoa da pandemiaren eragina, langabezia datuei erreparatuta behintzat. Pandemiaren aurretik 15 ziren langabeak, eta bakarra gehitu zitzaion martxoan; baina apirilerako 20 ziren, eta inguru horretan mantendu da ordutik. Uztailean izan ziren gehien (23), eta 21 langaberekin itxi zuten urtea goizuetarrek.
Abuztuan jo zuen goia langabeziak, Astigarragan (299) eta Hernanin (1.152). Goizuetan uztailean izan ziren langabe gehien (23), eta Aranok abendukoa izan zuen urteko datu txarrena (4).
45 urtetik gorako emakumeak, langabeen perfil nagusia
Sexuari eta adinari dagokionez, aldaketa gutxi izan du langabeen perfilak, pandemiarekin. 45 urtetik gorako emakumeena da langabe gehien dauzkan perfila, eta horrela izan da 2020 osoan zehar, pandemiaren aurretik zein ondoren.
Bailaran hilero batazbeste izan diren 1.300 langabe horietatik, 721 izan dira emakumeak, eta 579 gizonak. Emakumeen artean, 45 urtetik gorakoak izan dira 366 langabe, 25 eta 44 urte bitartekoak 299, eta 25 urtetik beherakoak 56. Urtean zehar eman den joera, oso antzekoa izan da hiru adin tarte horietan, salbuespen batzuekin. Esaterako, uztailean gora egin zuen emakume langabeen kopuruak, baina aldiz, behera egin zuen 25 urtetik beherakoetan. Gauza bera gertatu zen abuztuan, 45 urtetik gorakoekin: langabe kopuruak gora egin arren, behera egin zuen adin tarte horretako emakumeen artean.
Gizonei dagokienez ere, 45 urtetik gorakoena da langabezia gehien jasaten duen adin tartea, baina aldea txikia da, 25 eta 44 urte bitartekoekin. Zehazki, 2020 urtean zehar, batazbeste 254,5 langabe izan dira 45 urtetik gorakoak, eta 248,5 langabe 25-44 urtekoak. 25 urtetik beherakoak, berriz, 76 izan dira.
Nabarmentzekoa da, gizonen kasuan egonkorragoa izan dela 45 urtetik gorako langabeen kopurua, eta gorabehera haundiagoak izan dituztela beste adin tarteek. Apiriletik uztailera, esaterako, bere horretan mantendu zen 45 urtetik gorako gizon langabeen kopurua (268), eta denbora tarte horretan, 25-44 urtekoena izan zen adin tarte kolpatuena, abuztuan goia jotzeraino, 292 langaberekin. 25 urtetik beherakoen adin tarteak, bestalde, beherakadarekin itxi zuen urtea, beste biek ez bezala; eta martxotik izan duen daturik onena eman zuen abenduan, 67 langabe izan baitziren.
Urte bukaerako datuak, zehazki, honakoak izan dira, adinaren eta sexuaren arabera: 682 emakume zeuden langabezian, eta 560 gizon. Horietatik, emakumeen artean, 358 ziren 45 urtetik gorakoak, 25 eta 44 urtekoak 279, eta 25 urtetik beherakoak 45. Gizonetan, berriz, honakoa izan da urte bukaerako egoera: 45 urtetik gorakoak 252, 25-44 urtekoak 241, eta 25 urtetik beherakoak 67.
Sektore guztietan izan du eragina pandemiak, baina ezberdina izan da joera. Nekazaritzan, behera egin zuen langabe kopuruak hasieran, baina urteko datu txarrena izan zuen abenduan.
Milaka ERTE Hernanin eta Astigarragan, pandemiaren aurreneko hilabeteetan
Langabezia datuetatik kanpo geratzen dira, gainera, ERTEak (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak). Pandemiaren unean-uneko egoeraren arabera haunditu edo txikitu da horien kopurua, 2020 urtean zehar; baina milaka izan ziren Hernanin eta Astigarragan, pandemiaren aurreneko hilabeteetan. Zehazki, martxotik irailera 3.061 izan ziren Hernanin, eta 1.081 Astigarragan. Martxoan pilatu ziren gehienak (1.685 eta 624, hurrenez hurren); baina irailean ere haundia izan zen kopurua, bereziki Hernanin: 859 ERTE izan ziren.
Konfinamenduarekin batera sartu ziren indarrean ERTEak, beren jarduna eten behar izan zuten enpresetan; eta indarrean daude oraindik ere, zenbait sektoretan. Maiatzera arte luzatu berri du bere iraupena, Espainiako Gobernuak.