Eskuetako minak eta frontoi hutsak, COVID-19aren efektu sekundario

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 30a, 00:00

Pareta gogorra ari da izaten egungo egoera, Urumea bailarako pelota munduarentzat: txapelketarik ia batere, eta entrenatzeko aukeretan gorabehera haundiak. Horien berri eman diote Kronikari, pelota eskoletako arduradunek: Igor Elizegik, Garbiñe Tijerok, Rufino Rekaldek eta Joxe Mari Zubiarrainek.

Izaten dira pelota astunak, bote gutxikoak, frontisetik gutxi ateratzen direnak. Eta izaten dira pareta nekagarriak ere, pelota astindu eta luze jotzeko aukerarik ematen ez dutenak. Horrelakoak ere tokatzen dira tarteka, eta moldatu behar. Baina pelota guztietan astunena da orain esku artean daukatena; eta pareta guztietan gogorrena, aurre­an aurkitu dutena. Eskuetako minak eta babak eragin, eta frontoiak hustu dituena.
Izan ere, etenaldi luzeak eta gorabehera haundiak eragin dituzte COVID-19aren pandemiak eta horren aurrean hartutako neurriek, Urumea bailarako pelota munduan. Aurreko denboraldiaren bukaera «nahiko traketsa» izan bazen, irailean hasi zutena ez dijoa askoz ere hobeto: entrenatzeko gorabehera haundiak ari dira izaten, eta txapelketarik ez dute jokatu ia, aurreko astean probintzia mailakoak hasi ziren arte.


Aurreko denboraldia ezin bukatzeak, kalte nabarmena

Pandemia zabaldu eta konfinamendua ezartzearekin batera bukatu zen martxoan, halabeharrez, aurreko denboraldia, bailarako pelotarientzat. «Txapelketa batzuk bukatu gabe geratu ziren; nahiko traketsa izan zen denboraldi bukaera. Eta hori nabaritu da denboraldi honen hasieran, pelotarien artean. Denbora asko zeramakiten pelotan aritu gabe, hotz xamar zeuden, eta pelota gogorrarekin aritzen direnek bereziki, eskuetan arazo asko izan dituzte», azaldu du Igor Elizegik, Goizuetako Umore Ona elkarteko pelota saileko arduradunak.

Etenaldiaren kaltea berretsi du Garbiñe Tijerok ere, Hernaniko pala saileko arduradunak: «eskuak bigundu zaizkie entrenamendu faltagatik, eta babak atera zaizkie, berriro hasi direnean», azaldu du.

Nafarroan zein Gipuzkoan, bietan geratu ziren bertan behera txapelketak, eta baita entre­namenduak ere. Martxotik irai­lera egon ziren geldirik.


Entrenatzeko ia aukerarik gabe, Gipuzkoan

Irailean jarri ziren berriro martxan, denboraldi berria haste­ko, egoera hobetuko zen esperan­tzarekin. Baina ordutik, gorabeherak izan dira nagusi, bereziki Gipuzkoan; Nafarroan, aukera gehiago izan dute. «Guk zorte pixka bat izan dugu, ez dizkigutelako entrenamenduak moztu», azaldu du Elizegik: «seiko taldeak izan behar dira, baina gurean, herri txikia izanda, entrenamendu bakoitzean 4-5 lagun izaten dira normalean, bestela ere. Beraz, ez digu askorik eragin. Nahiko normal ari gara, alde horretatik».

Gipuzkoan, ordea, zailagoa da egoera, Rufino Rekaldek, Her­naniko esku pelota saileko ar­duradunak, azaldu du­e­nez: «na­hiko egoera kaxkarra ari ga­ra pasatzen, batez ere pelota eskolako umeekin. Geldirik egon dira, eta orain dela bi-hiru aste hasi dira berriro entrenatzen. Errendimenduko alebin eta infantilei ere, egoeraren arabera baimendu diete entrenatzea. Egoera okertu denean, berehala moztu dizkiete entrenamendu­ak. Eta une honetan, adibidez, Hernani eremu gorrian dagoenez, ezin dute entrenatu. Nagusietan daukagu arazo gutxien. Gure pelotariek eliteko maila daukatenez, Eusko Jaurlaritzak erdi-profesionaltzat hartzen ditu, eta taldean entrenatu dezake­te. Kadete eta jubenilak, ordea, banaka entrenatu behar dute orain. Bat jartzen da frontoiaren aurrean, bestea atzean, eskuak pixka bat landu, eta etxera».

Palistak ere ez dabiltza hobeto: «urrian hasi genuen denboraldia, baina azaroan berriro eten zen dena. Eta orain, Bultza Kirolak deitutako manifestazioaren ondoren, baimena eman ziguten, berriro eskola kirola hasteko, baina banaka. Taldean egotea da gustatzen zaiena, harreman horiek izatea, eta banaka aritzea gogorra da. Helduagoak ere desmotibatuta daude, entrenatzeko aukerarik ere ez dutelako. Lehen ordu gutxi bagenituen frontoian aritzeko, orain gutxiago, eta gainera banaka entrenatu behar badute...», azaldu du Tijerok. Zentzu horretan, ez du ulertzen kirola egiteko debekua: «kirola egitea osasunerako ona bada, zergatik debekatzen digute? Neurri guztiak hartzen ditugu; musukoa, distantzia, gela, izenak apuntatu, tenperatura hartu... Bestela, zer egiten dute haurrek? Telebista eta makinitak. Hori hobea al da? Uste dut ari garela gizartea okertzen erabat, eta kezkatuta nago datozen belaunaldiekin».

Sorpresa atseginak Goizuetan: atal berria martxan, eta pelotari gehiago

Entrenatzeko aukerak, edo aukera faltak, eragina izan du pelota eskoletako gaztetxo kopuruan ere. Hernanin, esku pelotariak «10 bat gutxiago» izan dira denboraldi honetan; eta palistak, gazteenen artean, dozena bat inguru izatetik bostera jaitsi dira. «Aurreko denboraldian dena bertan behera geratu ondoren, zaila da jende hori berreskuratzen. Zalantzan dagoenari, denbora batean ez badu ezer egiten, gero asko kostatzen zaio bueltatzea. Eta bizi dugun ziurgabetasun egoerak ez du laguntzen horretan», dio Tijerok.

Astigarragan, berriz, gustura  dago Joxe Mari Zubiarrain, Mundarroko pelota eskolako arduraduna, «kopuruz berdintsu» direlako aurten: «federatuetan, aurreko urtekoek jarraitzen du­te; eta haurretan ere, dexente animatu zaizkigu. Kontua da ezin izan dutela entrenatu, eta za­lantzak dauzkagu uneoro». 
Baina, aldiz, sorpresa atseginak hartu dituzte Goizuetan, pelotari kopuruari dagokionez: «guri alderantziz gertatu zaigu, gorakada izan dugu. Eskuz 23 aritu ziren iaz, eta aurten 30era igo dira. Eta bestetik, ireki dugu pala atala, behin ere izan ez dena hemen. Eta 15 animatu dira. Berria da, eta sorpresa izan da guretzat, hainbeste animatzea. Hasieran, neskei bideratuta sortu genuen, ustez hutsune bat zegoelako beraientzat. Baina gero mutilak ere animatu zaizkigu; gehienak, lehenago eskuz aritutakoak, eskuetako arazoengatik utzi zutenak, eta palan beste aukera bat ikusi dutenak».

Beste sorpresarik ere izan dute, atal berritik tiraka: «neska batzuk animatu zaizkigu eskuz aritzera. Beraiek palaz ez, eskuz nahi zutela aritu; aspaldi zeukatela gogoa, eta momentu ona ikusi dutela orain, hasteko. Hiru hilabete daramazkite entrenatzen, eta txapelketa bat hasi dute orain. Neska gutxi dago oraindik, baina batzuk animatu dira, eta hortxe ari dira. Eta gu oso pozik», dio Elizegik.

Pelotariak ere, gustura dabiltzala nabarmendu du goizuetarrak: «frontoian sartzen dira, pelotan aritzen dira, eta balio die ahazteko, une batez, kanpoko egoera zein den. Eta ez bakarrik beraiei, baita guri ere».

«Pelota eskolakoek ia urtebete daramakite partidurik jokatu gabe»

Entrenamenduekin zailtasunak eta gorabeherak izan badituzte, zailagoa izan da egoera, txapelketei dagokienean. Bertan behera geratu ziren aurreko denbo­raldiko guztiak, pandemiarekin bate­­­ra. Eta denboraldi honen hasi­­e­­ratik, hutsuneak izan dira na­gu­si, egutegian. «Txikienekin da egoera gogorragoa. Ia urte­bete daramakite partidurik joka­tu gabe», dio Rekaldek. Federa­tu­etan, berriz, Gipuzkoako Txa­pel­ketak hasi ziren irailean, eta jo­katu zituzten partidu batzuk; baina azaroan berriro ere eten zen, egoera okertu zenean.

Esku pelotan, sailkapen faseak bukatuta daude kategoria gehienetan, eta azken faseak bakarrik falta dira. Palan, berriz, hiru jardunaldi falta dituzte ligaxka bukatzeko. Joan den astean ekin zieten berriro, Gipuzkoako Txapelketei: «baina hasi bezain pronto, Hernani eremu gorrian sartu da, eta ezin dugu partidurik jokatu», diote Rekaldek eta Tijerok.

Eremu gorritik urruti xamar dago Astigarraga, oraingoz; baina onura haundirik ez dakar horrek, txapelketei dagokienean: «asteburu honetan, jokatu behar genituen 10 partiduetatik, bederatzi atzeratu dira. Izan ere, guk jokatu dezakegu, baina kontrarioek ez. Tolosa, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta... Horiek denak eremu gorrian daude. Gainera, guretzako eromena da. Partiduak programatzen ditugu, baina zain egon behar dugu, ea herri bat eremu gorritik ateratzen den, bestea ez den sartzen... Eta pelotariek daukate sekulako gogoa jokatzeko, baina inoiz ez dakite ziur, jokatzeko aukera izango duten». Horrek, gainera, eragina dauka entrenamendu­etan: «entrenatzea gero ez joka­tzeko, gehiago kostatzen da. Bai­na tira, hobea da zerbait egin ahal izatea, eta entrenatzeko au­kera edukitzea, ezer ez egitea baino. Ea egoerak hobera egiten duen, eta udaberrian eta udan txapelketak jokatu ditzakegun».
Nafarroan ere antzekoa da egoera: «txapelketa aldetik geldirik egon gara orain arte. Joan den astean hasi ziren aurreneko txapelketa ofizialak Nafarroan, baina ez dakit bukatuko ditugun. Asteburu honetan seguru, jokatuko dugu bigarren jardunaldia. Baina hortik aurrera...», dio Elizegik.
Txapelketa faltaren aurrean, Mendialdekoa antolatu zuten urte bukaeran, eskualdeko pelota eskolek, «aktibitatea mantentzeko». Atzeratu dena, Umore Ona Txapelketa da, urtero abenduan hasi eta urtarrilean bukatzen dena: «Gipuzkoako eta Nafarroako pelotariak etortzen dira, eta aurten ezingo zuten. Ea Aste Santutik aurrera, egoerak ahalbidetzen digun, eta orduan jokatu dezakegun».

Elizegik berak nabarmendu du, neurriak «oso zorrotz» ari direla betetzen pelota munduan, txapelketetan: «pelotariek kanpoan itxaron behar dute, beraien txanda izan arte. Eta botileroarekin bakarrik sartu daitezke frontoira. Baina mentalizatuta gau­de, eta ondo ari gara moldatzen».
Neurri horien artean dago, ikusleei dagokiena: «batzuetan publikoarekin utzi dute, eta beste batzuetan ez. Mendialdeko Txapelketa, adibidez, ikusleekin jokatu zen hasieran; eta ondoren, txapelketa erdia baino gehiago ikuslerik gabe. Finalak jokatzeko zain egon ginen, ikusleekin jokatu ahal izateko; eta tartetxo bat utzi zutenean aprobetxatu genuen», dio Elizegik.

Orain, ikuslerik gabe ari dira jokatzen, bai Gipuzkoako Txapelketak, eta bai Nafarroakoak.Frontoiak hutsik daude, entrenamenduetan bezala, partiduetan: kantxako bi edo lau protagonistak, botileroak eta epailea.


«Frontoira bidean pasatzen gara gimnasiotik, eta haurrek komentatzen dute, zein jende pila dagoen...»

Pandemiaren aurrean hartu diren zenbait neurrirekin, kritiko azaldu dira Hernaniko pelota eskolako bi arduradunak: «frontoira bidean, pasatzen gara gimnasiotik, eta haurrek komentatzen dute, zein jende pila dagoen bertan... Eta zer esan behar diegu guk? Ez da oso zentzuzkoa. Zalantzarik ez daukat neurriak hartu behar direla, baina hartu direnak ez dira eraginkorrak», dio Tijerok. Eta Rekaldek gaineratu: «ez zaizkigu egoera horiek gustatzen. Ordaindu behar den tokian, badirudi libre dela, neurri batzuekin. Jende asko ikusten duzu, areto batean. Baina 36 metroko frontoi luze batean, banaka aritu behar dugu. Ez du itxura ona ematen, eta zaila da hori azaltzen, 16-17 urteko gazte bati. Ezin du lagunekin entrenatu, baina gimnasioa beteta ikus­ten du», nabarmendu du.

Kritiko azaldu dira, federazioekin ere: «eskatzen ari gara, Euskadiko Txapelketa antolatu dezatela, eta partehartzea irekia izan dadila, pelotariek entrenatzeko baimena izateko. Izan ere, Euskadi edo Espainia mailan ari direnei, uzten diete entrenatzen. Gauzak asko aldatuko lirateke, baina ez dute pausorik ematen», diote biek. «Espainiako Txapelketa ari da jokatzen, eta bertan ari dira Nafarroako pelotariak, eta baita hemengoak ere, beste klub batzuetan utzita. Burgoseko San Cristobalekin ari da Markel Lizeaga hernaniarra, eta eremu gorrian gauden arren, bera joan daiteke jokatzera».


«Harreman polita daukagu hiru pelota eskolen artean»

Lurraldeen arteko mugak ixteak ere ekarri die kalterik. «Harreman polita daukagu hiru pelota eskolen artean; eta entrenamendu batzuk, elkarrekin egiten hasi ginen, kategoria batzuetan. Kadeteetan, adibidez, Goizuetan bi mutil dauzkagu, eta entrenatzeko exkax geratzen da. Eta joan izan gara Hernanira eta Astigarragara, beraiekin entrenatzera», dio Elizegik: «baina egoera honetan ezin dugu, eta kaltetuta atera gara».


Egoera hobetuko den esperantzarekin, baina etorkizunera kezkaz begira

Denboraldi hau nola bukatuko den, ezinezkoa zaie aurreikusten, pelota eskoletako arduradunei. Baina badute esperantza, egoera hobetuko dela; eta txapelketa batzuk, behintzat, hasi eta bukatuko dituztela: «Gipuzkoako Federazioak erabaki du, irailean hasi ziren txapelketak bukatu egin behar direla, eta ez direla bertan behera geratuko. Orain hasi direnekin ere, aurrera egitea da asmoa», dio Rekaldek.

«GRABNIa ez da jokatuko, eta Euskadiko Txapelketak jokatuko direnik ere ez dut uste, ez bada zerbait motza. Baina ilusioa egingo lidake, behintza, Gipuzkoakoa bukatzeak», azaldu du Tijerok. Herriarteko Txapelketan dauka jarrita ilusio hori Zubiarrainek: «joan den urtean talde polita geneukan, eta bertan behera geratu zen. Eta aurten ere badaukagu esperantza, ondo aritzeko... Ea jokatu daitekeen. Bestela, hurrengo urteetan zailagoa izango dugu».
Baina txapelketetatik harago, pelotarietan izango du eragina pandemiak, etorkizunean: «geldirik egon direnei, batez ere 14 urtetik gorako pelotariei, kalte egingo die. Pelota gogorrarekin aritzen dira, eta eskuetako arazoak oso ohikoak dira. Eta geldialdiak... Adin horretatik au­rrera beherakada izaten da be­rez, eta honek are gehiago kal­tetuko du», uste du Elizegik. Eta hori, noski, COVID-19a pasa gabe: «gure pelotari batek birusa izan du, eta ordutik arazo fisiko­ak dauzka. Belauneko minak, nekea, eskuko minak... Eta konfinatuta gauden aldiro ere, entrenatu gabe egoteak eragina dauka gero», dio Zubiarrainek.
Eta eragin kaltegarriak izango ditu, era berean, pelota munduan ere, Tijeroren ustez: «hutsetik hasi beharko dugu gero, pandemia bukatuta, jendea animatzen. Kosta egingo zaigu jendea erakartzen. Gainera, kirol asko eskaintzen zaizkie, eta ume gutxi daude. Agian, desagertzekotan egongo dira kirol batzuk».

Eta berdin ikusten du Rekaldek ere: «honek guztiak ez du eragin onik utziko pelotan. Lehenago ere maldan behera zijoan poliki-poliki, eta honek ez dio lagunduko. Ondorio latzak izango ditu. Hiri haundietan ez dugu nabarituko agian, baina herrietan, lehenago pelota ia desagertuta bazegoen, oraingoan puntilla jasoko du».  

 

IGOR ELIZEGI  (UMORE ONA PILOTA ELKARTEA)

«Entrenamenduak, behintzat, nahiko normal egiten ari gara»

«Nafarroan zorte pixka bat izan dugu, ez dizkigutelako entrenamenduak moztu. Nahiko normal ari gara. Gainera, beherakada beharrean, gorakada izan dugu pelotari kopuruan. Eskuzkoak 23tik 30era igo dira, pala atala sortu dugu beste 15ekin, eta eskuz aritzera ere animatu zaizkigu neskak. Oso pozik gaude, pelota eskola haunditu izanarekin. Txapelketa ofizialak hasi dira orain, baina ea bukatu ditzakegun. Gurea, Umore Ona Txapelketa, atzeratu egin dugu. Ea Aste Santutik aurrera jokatu dezakegun».

 

GARBIÑE TIJERO (HERNANIKO PALA SAILA)

«Gaztetxoak gogotsu daude, baina ez diete uzten»

«Ikasturtea hasi genuen, baina azaroan berriro eten zen dena. Pelota eskolan beherakada izan dugu aurten; eta helduagoetan, entrenatu ezinik dabiltza. Lehen ordu gutxi bagenituen, orain gutxiago, eta gainera banaka entrenatu behar badute... Gaztetxoak bai, gogotsu daude, baina ez diete uzten. Eta ez dut ulertzen, kirola egitea osasunerako ona bada, zergatik debekatzen diguten. Ezin badute kirola egin, zer egiten dute? Telebista eta makinitak. Hori hobea da? Uste dut ari garela gizartea erabat okertzen».

 

RUFINO REKALDE (HERNANIKO ESKU PELOTA SAILA)

«Honek guztiak ez du eragin onik utziko pelotan»

«Nahiko egoera kaxkarra ari gara pasatzen, batez ere pelota eskolako umeekin. Ia urtebete daramakite partidurik jokatu gabe. Hori nabaritu dugu apuntatzeko orduan ere; ikasturte honetan 10 gutxiago etorri zaizkigu. Nagusietan ez daukagu arazorik, baina kadete eta jubenilek banaka entrenatu behar dute; eta frontoira bidean, pasatzen gara gimnasiotik eta beteta ikusten dugu. Zaila da azaltzen, 16-17 urteko gazte bati. Honek guztiak ez du eragin onik utziko pelotan. Lehenago ia desagertuta bazegoen, oraingoan puntilla jasoko du».

 

JOXE MARI ZUBIARRAIN (MUNDARROKO PELOTA SAILA)

«Ea jokatu daitekeen Herriarteko Txapelketa»

«Oso arraroa ari da izaten denboraldia. Astigarraga ez dago eremu gorrian, baina asteburu honetan, 10 partidutik bederatzi ez ditugu jokatuko, kontrarioek ezin dutelako. Ea jokatu daitekeen Herriarteko Txapelketa aurten, ondo aritzeko moduko taldea daukagu eta. Pelotari kopuruz berdintsu gaude, eta sekulako gogoa daukate; baina txikienek ezin izan dute entrenatu; eta federatuek, entrenatuta ere ez dakite partidurik jokatu ahal izango duten. Eta jokatu gabe, gehiago kostatzen da entrenatzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!