Eskolarteko finalistak, plazaz plaza beste bertsolariekin ariko dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 00:00

Euskal Herriko Eskolartekoan ari behar zirenak egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituzte gaur, hasteko, Gernikan.

Euskal Herriko Eskolarteko azken hitzordua, finala, ekainean jokatu behar zen; gero, azaroan; baina saiakera bat zein bestea ezin izan ziren gauzatu, osasun egoeraren bilakaera tarteko. Lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen, eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk izango ziren.


Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie: horretarako antolatu da Eskolatik Plazara; Eskolarteko parte-hartzaileok egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena.


Saio hauetarako sarrera doakoa izango da, baina bertsozale.eus webguneko izen-emate orriak bete beharko dira aretoan lekua gordetzeko.
Gaur, Gernika-Lumon egingo da lehena: 18:00etatik aurrera. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Igor Menikak gidatuko du. 


Finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna ere eman nahi zaie ahalegin berri honekin. Eskolarteko txapelketaren egitekoetako bat hori izanda: bertsolari gazteentzako bultzada haundia izaten da datozen urteetako plazei begira, eta gazteen plazaratzea lehentasunezko apustuetako bat da elkartean.


Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko dira Iruñean otsailaren 5ean: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin ariko dira, eta Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera. Hirugarren saioaren xehetasunak oraindik ez dituzte argitaratu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!