Oriamendi Torneoa gaur hasiko da eta Zubiri goizuetarrak Etxarrirekin osatuko du bikotea

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 00:00

Etxarrik eta Zubirik elkarrekin jokatuko dute.

Sei bikotek hartuko dute parte eta gaurko lehenengo jardunaldian Etxarri-Zubiri, Mirubia-Martirenaren kontra; eta Segurola-Zaldua I.a, Zaldua II-Larrañagaren aurka ariko dira Galarretan ateak itxita eta ikuslerik gabe.

Oriamendi Torneoa aurkeztu zuten asteartean Galarretan eta txapelketaren lehenengo jardunaldia gaur jokatuko da Hernaniko frontoian ateak itxita.  Master txapelketan aritu ez diren koadroko beste pelotari guztiak osatu dituzte bikoteak eta beraz sei bikotek hartuko dute parte. Horien artean dago Zubiri goizuetarra.

Zubirik Etxarrirekin batera jokatuko du eta txapelketan debuta gaur egingo dute, Mirubia eta Martirenaren kontra. Oriamendi Torneoan parte hartuko duten beste lau bikoteak ondorengoak dira: Segurola-Zaldua I, Goikoetxea V-Labaka, Urrutia II-Aizpuru III eta Zaldua II-Larrañaga. Gaurko jardunaldian jokatuko den beste partidua Zaldua anaien artekoa izango da; Zaldua II eta Larrañagak, Segurola eta Zaldua I.aren aurka ariko dira. Beraz, atsedena dute gaur Goikoetxea V-Labakak eta Urrutia II-Aizpuru III.ak.

Partiduak ostegunero jokatuko dira eta jendea egotea baimentzen bada larunbatera pasako lirateke jardunaldiak. Bi multzotan egongo dira banatuak sei bikoteak. A multzoan daude; Segurola-Zaldua I, Goikoetxea V-Labaka eta Zaldua II-Larrañaga. B multzoa osatzen dute; Etxarri-Zubirik, Mirubia-Martirenak eta Urrutia II-Aizpuruk.

Multzo bakoitzeko bi lehenengoak pasako dira finalerdietara eta azkena kanpoan geratuko da. Lehenengo fasea otsailaren 11ra arte jokatuko da hiru jardunaldiko (gaur, otsailak 4 eta 11an) sei partidurekin; bi finalerdiak otsailaren 18an izango dira eta finala otsailaren 25ean.

Halaber, Oriamendi Torneoko norgehiagoka guztiak 40ra jokatuko dira eta aurreneko fasean betiko puntuaketa sistema erabiliko da.

Finalerako pelotekin, gustora

Bestetik, asteartean aukeratu zituzten Master Txapelketaren finaleko pelotak Urrizak eta Barrenetxeak. Gustora geratu ziren eta aukera zabala izan zuten nahi zutena aurkitzeko. 126 gramo pisatu zituzten Urrizaren hiru pelotek; bi nahiko biziak eta bat motela. Barrenetxea IV.arenak 129, 127 eta 126 gramo dituzte eta nahiko biziak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!